GARA DONOSTIA

Fernandez Iradiri babesa emanez, 450 lagun inguru bildu ziren atzo Lasarten

Ibon Fernandez Iradi larriki gaixorik dagoen euskal presoari babesa emateko manifestazioan 450 pertsona inguruk parte hartu zuten. Asko eskualdekoak ziren, Hernanialdeko Etxeratek zabaldu baitzuen deialdia.

Esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi euskal presoari babesa eskaintzeko mobilizazioa egin zuten atzo Lasarten. Senideek jasotako albiste txarraren biharamunean izan da manifestazio jendetsu hori. Izan ere, ostegunean jakin zuten Parisko Apelazio Auzitegiak beste bost hilabete atzeratu duela gaixorik dagoen presoa askatzeari buruzko erabakia. Hala, martxoaren 28ra arte itxaron beharko dute Auzitegiak zer dioen jakiteko.

Hori dela-eta Lasarten iragarria zegoen mobilizaziora joateko deialdia egin zuen Etxeratek. Deiari erantzunez, 450 pertsona inguru bildu eta hirian barna ordubete iraun zuen manifestazioa egin zuten. Martxaren buruan, preso gaixo bakoitzeko ordezkari bat, bengala eskuan eta maskarilla ahoan, haren izena eta zein espetxetan dagoen adierazten zuen kartela zeramala.

Haien atzean kokatuta, «Giza eskubideak, konponbidea, bakea, osasun egoera larrian dauden presoak askatu» zioen pankarta. Eta horren segidan, eskualde osotik etorritako jendea, preso politiko ohiak eta politikariak abiatu ziren. Amaieran Fernandez Iradiren egoerari buruz mintzatu ziren eta galdetu zuten bi mediku txostenek esaten badute bere egoera ez dela bateragarria kartzelan egotearekin, ea nola arituko diren datozen hilabeteetan. Larriki gaixo dauden gainerako euskal presoen izenak ere irakurri zituzten eta haien askatasuna aldarrikatu zuten bertaratuek.

«Gaur ez gaude kezkatuta. Gaur minduta eta haserre gaude. Guztien arteko elkarbizitza nahi dugu eta horretarako guztien eskubideak errespetatu behar dira», esan zuen bozeramaileak.

Azken ostirala

Lasarteko mobilizazioz gain, Euskal Herriko leku desberdinetan egin zituzten presoen aldeko elkarretaratzeak hilabeteko azken ostirala zela-eta: Berrizen (25 lagun), Ormaiztegin (20), Mutrikun (100), Oñatin (30), Zestoan (66), Lekeition (120), Ermuan, (60), Lemoizen (18), Sondikan (15), Beasainen (91), Mundakan (28), Lizarran (34), Zarautzen (152), Zaldibian (140), Legorretan (31), Azpeitian (213), Garesen (22), Arraia-Maeztun (14), Deban (45), Lazkaon (85), Aulestin (80), Bergaran (62), Elgetan (25), Irunberrin (30), eta Andoainen (62), Lekunberrin (10), Ikaztegietan (18), Anoetan (29), Villabonan (81), Barakaldon (110), Beran (22), Leitzan (50) eta Noainen (19).

Bestelako herriak ere izan ziren protestak: Alegia-Orendainen (29), Elgoibarren (80), Agurainen (35), Mendaron (23), Algortan (125), Etxarri Aranatzen (65), Zizurren (25), Laudion (73), Larrabetzun (108), Iruñean (250), Arbizun (46), Gernika-Lumon (87), Santurtzin (137), Lesakan (42), Zizurkilen (43), Errenterian (186), Idiazabalen (26), Sopuertan (41), Bakion (40), Gasteizen (550), Orozkon (22), Bastidan (20), eta Lezon (30).

Era berean, makina bat lagun elkartu ziren Igorren (40), Muskizen (33), Iurretan (42), Zornotzan (98), Ugaon (50), Usansolon (25), Etxalarren (12), Karrantzan (15), Zallan (25), Busturian (26), Muruetan (12), Arrietan (19), Arrigorriagan (30), Trapagaranen (31), Arrankudiagan (34), Gamizen (18), Eibarren (65), Bermeon (35), Zuian (25), Soraluzen (79), Barrikan (11), Erandion (45), Sopelan (50), Leioan (57), Ean (52), Ondarroan (203), Urduñan (38), Irunen (82), Portugaleten (75), Azkoitian (82), Betelun (44) eta Sestaon (75), Donostian (216), Munitibarren (33), Berangon (25), Zeberion (28), Lizartzan (16) eta Areson (20).