Xole ARAMENDI DONOSTIA
Elkarrizketa
PATXI ZUBIZARRETA
Idazlea

«Hasierako espektatiba eta inkognitak erabat itzali dira, lokatzezko garaiak bizi ditugu»

Nobela berria besapean hartuta dator Patxi Zubizarreta. Literaturak, musikak eta arteak bat egin dute «50» izeneko proiektu berezi honetan. Liburua nahikoa ez eta CDa ere oparitu die irakurleei. 50 urteren bueltan dabiltzan hiru lagun ditu protagonista liburuak. Egunerokotasunaren ajeek atzera begiratzera daramatzate. Nostalgia eta frustrazioa presente daude, baina umorez zipriztinduta.

Pianista desafinatua, idazle patetikoa eta pintore apatikoa dira «50» nobelaren (Txalaparta) protagonistak. Bizitzaren erdia igarota, krisian daude. Gaztetako ametsak gero eta urrutiago dituzte eta gainbeheran sentitzen dira.

Esanahi anitza du 50 zenbakiak liburuan. Keinuz eta oihartzunez jositako liburua da. Ospakizun moduan idatzi du Zubizarretak (Ordizia,1964), «irakurle izan ditudanekin eta idazle lagun izan ditudanekin». Eta ospakizun hori opari «sentimental» bihurtu da, bere buruari egindakoa lehenik eta irakurleei ondoren.

«50» zenbakiak esanahi bat baino gehiago ditu liburuan. Batetik, protagonistak adin inguru horretan dabiltza. Pisua al dauka zuretzat zenbakiak?

Bai, pisu handi samarra dauka. Artea egiteko ez dira garai onenak. Ikusi besterik ez dago liburuko hiru protagonistak nola dabiltzan... Bestetik, gizarte honetan aldaketa garaian paper garrantzitsua eman genion arteari baina oso gauza marjinala bihurtu dugu eta bihurtu dute. Zentzu horretan, arteari mugak jarri zaizkio. Ustez gero eta libreago gara, baina... Baita sorkuntzaren aldetik ere, badirudi idazleari idaztea baino ez zaiola eskatzen eta nik beste diziplina batzuetara zabaldu nahi nuen.

Behin Patziku Perurenari irakurri nion zazpi buru on izango balitu batekin margolaria izango litzatekeela, beste batekin musikaria, hurrengoarekin filosofia landuko luke... Berak dio bat aukeratu zuela. Mugaren sentsazio hori dauka eta nik ere gauza bera sentitzen dut, horregatik proiektua zabaldu eta beste diziplina batzuetara jo nuen.

Beste diziplina batzuekin aritzeak aberastu eta motibatu egiten gaitu. Besterik ez bada ere zer gaizki gauden kontatzeko eta horren kontura askatu ahal izateko.

Abiadura muga ere bada 50...

Bai, bide seinalea ere hor dago eta horregatik aukeratu dugu diskoaren karatula moduan. Izan ere, abiadura moteltzera behartzen gaituzte gero eta gehiago gizartean. Onartu beharra daukat adinarena, abiadurarena ere errespetatu egin behar da, baina kanpotik jarritako muga hori... Hori da onartzen ez dudana. Nik esperimentatzen jarraitu nahi dut, aldiro berriro hasten ari naizela sentitzeko.

Egia da nobela bakoitza nora zoazen jakin gabe berriro abiatzea dela, kasu honetan furgonetan. Inkognitaz betetako bidaia da.

25 urte daramatzazu literaturaren plazan. Zure ibilbidean zein unetan dator liburu berria?

Nire hastapenetan dago nire libururik irakurriena, «Eztia eta ozpina», mundu arabiarrera zabaldu ninduena. Azken liburu hau ere -ez nuen hala bilatu-, Marrakex, Casablanca eta Essauira artean bukatu nuen idazten.

Inkognitaz beteta hasita nuen literaturaren bidea eta berri on askorekin egin dut topo ibilian. Baina espektatiba eta inkognita haiek erabat itzali dira. Oso lokatzezko garaiak bizi ditugu. Zoritxarrez lehen ere bazuen marjinalitatetik asko baina zer eskaini handia du oraindik musikak, arteak... eta pixka bat ez ikusia egiten diogu. Agustin Fernandez Mayori irakurria diot literatura azken plazer burgesetako bat bezala geratuko dela, pipa erretzea edo operara joatea bezala. Eta pena emango lidake, Euskal Herriko ikastetxeetara egiten ditudan bisitetan ikusten dudalako oraindik ere ze lilurarekin bizitzen duten haurrek. Gero, DBHn hasten dira erreparoz eta gorrotoz ere bai begiratzen literaturaren mundua.

Politikak asko zurrupatzen du gure herria eta era berean kultur emaitza, ekoizpena, oso handia da. Baina harrerari dagokionez oso zapuztuta eta zakartuta gaude, sentsibilitatearen alor hori utzia daukagu.

Zer eman dizu idazteak?

Ez nuen huts egin idaztea erabaki nuenean. Sentipen hori daukat. Badakit oso garai aldrebesak bizi ditugula eta hobeak ez direla etorriko, baina pribilegiatua naiz. Aukera daukat kafetegi batean eseri eta jendeari begiratuz nola bizi garen ohartzeko. Nire esker ona ere agertzen da liburuan.

Ezagun duzu etsita zaudela... Inguruan ere sentipen hori arnasten al duzu?

Bai, horren sinbolorik onena musikaria dugu nobela honetan. Tanatorioan dabil musika jotzen, nolabait morgean dugulako artea. Baina hala ere bizipoza ere ematen digu sormen prozesuak sortzaileoi eta gainera, ezin utzizkoa da. Odolean daramagu. Laura Esquivelek zioen denok pospolo kaxa daramagula gure barruan eta norberak dakiela nola piztu. Pospoloak hezetasunak hartzen ditu une batean eta ezin ditugu gehiago piztu... Ura ere nobelaren metafora da eta nik uste gure gizartea ere umelduta dagoela.

Haurtzaroan asko lagundu zidan idazteak barrua askatzen. Ze on handia egiten zidan askatze horrek! Irakurtzean ere, identifikatu ala ez, kritikatu ala ez, babes eta erreferentzia puntu handia daukagu literaturan. Zoritxarrez, bazterrean uzten duguna.

Liburua kultur erreferentzi pertsonalez beteta dago. Belaunaldi bati egindako omenaldia...

Ia bibliografia ezkutua dator liburuan. Niri plazer handia eragiten didaten autoreak daude: gustuko idazleak, gustuko pasarteak... Horietako bat Arnielle herrixka abandonatuari lotua da. Euskal Filologia amaitu eta ikasketa bidaian joan ginen bertara. Julio Llamazaresen «La lluvia amarilla» liburua irakurria nuen. Irakurleari zera esan nahi diot: `Ez galdu liburua, batez ere orain, udazkenean. Eta ahal baduzu joan Arniellera, hartu bainu bat Panticosan eta tarte batean egon isilik'. Gonbita hori ere badago liburuan.

Euskal gatazkak ere badu presentzia.

Aurreko batean Iban Zalduari irakurtzen nion gure belaunaldikook ezinbestean idatzi behar dugula, hor dagoela atzean izan dugun zarata hori... Zeharka edo zuzenean hor dago. Keinu bat egin nahi nion, sufrimenduaren oroitzapen hori ezin dugu ahaztu. Orain tokatu zait Guda Zibilaren ondorioak ikertzen aritzea Ordizian lagun batzuekin. Orain da garaia -nahiz dagoeneko lekukoak hiltzen ari diren- orduko historia taxuz idazteko. Euskal errelatoa egin beharraz hitz egiten da baina oso hurbil daukagu, ez daukagu nahikoa ikuspegi zabalik edo sakonik.

Gure historiak eta gatazkak zama handia jarri digute. Oso bahituta egon gara maila askotan, pertsonalki eta herri moduan ere bai: ideologiak bahituta, erlijioak bahituta, ikuspegi kamutsek bahituta... Hori ere adierazi nahi nuen. Oro har, literaturak «ni»-az hitz egin behar du eta herri honetan «gu»-a presenteegi egon da, nahiz eta «ni»-a «gu» horretan osatu.

«Esanahi eta emozio aberastasun baten atzetik ibili naiz liburuan»

Joserra Senperena musikaria eta Mintxo Cemillan ilustratzailea izan dituzu bidelagun. Bidea inoiz baino garrantzitsuagoa izan da proiektu honetan, ezta?

Esanahi eta emozio aberastasun baten atzetik ibili naiz liburua egiterakoan, emozioak ñabardurekin jartzeko asmoarekin eta zentzumenak pizteko gogoarekin. Nobela berezi samarra izan da. «Urrezko giltza» edo «Joan» liburuen kasuan artista lagunei materiala egina eman nien. Kasu honetan ez. Ideia eman diet, ia ahoz kontatua.

Lanerako ardatzak genituen: isiltasuna, garrasia, neguko haize hotza... eta hortik abiatuta bakoitzak nahi zuena egin zezakeen. Mintxok, adibidez, kontatzen zidan ze zaila egiten zitzaion isiltasuna marraztea. Beraiek hasieratik hasi ziren nirekin batera sortzen. Batak besteari pasatzen genion egindakoa. Diskoak etengabe jasotzen ditu nobelako hitz-gakoak eta metaforak -guardasola, ura, babesgabetasuna...- eta gauza bera musikak eta hitzek. Irakurle bakoitzak bere liburua irakurriko du edo entzungo du diskoa, baina esango nuke irakurketa aberastua izango duela.

Diskoan ere ez da nolanahikoa lagun taldea: Joserra Senperena, Maddi Oihenart, Antton Valverde, Rafa Berrio eta Oihane Igerabide izan dituzu alboan.

Bai. Hiru gara sortzaile nagusiak, baina ondoan izan ditugu denak. Grabazioa Joserraren etxean egin genuen eta hunkigarria izan zen. Leher eginda bukatu nuen, abanikoa asko zabaldu nuelako agian, baina emaitzarekin gustura nago. Arte munduan harrokeria handia egon da, eta aldiz, inguruan izan ditudan lagunek apaltasun handia erakutsi dute; eta hori asko estimatu dut.

Diskoa oparitzearen ideia hasieratik zeneukan?

Bai, lehendik letra batzuk nituen idatzita kanturen baterako. Esperimentatu egin nahi nuen, berriro ere 50eko abiadura seinalea ikusi eta ez ikusia egin nahi nion. Eta azeleragailua sakatu nahi nuen ezagutzen ez nituen esparruetan.

Liburuko protagonistek bezala «Baso bat opari» errezitaldiak egiteko asmoa duzue.

Bai, Gasteizen egin genuen lehen errezitaldia esperimentu bezala. Bi formatu ditugu: herri handietan kantari denak elkartuko gara eta toki txikiagoetan Joserra pianoarekin, Mintxo bere margoekin eta ni ahotsarekin arituko gara. X.A.

HARRERA

«Politikak asko zurrupatzen du gure herria, eta era berean, kultur ekoizpena oso handia da, baina harrerari dagokionez, oso zapuztuta eta zakartuta gaude, sentsibilitatearen alor hori utzia daukagu»