Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Ustelkeriaren espektakulua

Atxiloketak. Guardia zibilak. Kazetariak zain. Argazkiak, bideoak, gai nagusia tertulia eta informatiboetan. Sarekada bat izan da, baina, operazio «antiterrorista» ez denez, ez da gauez gertatu, eta atxiloketak eta miaketak egin dituztenak kaputxarik gabe etorri dira. Telebista guzietan agertu dira, aurpegia estali gabe. Nabarmena da beste irudi bat eman nahi dutela. Besteetan ez bezala, segurtasun indarrek ez dute beldurrik eragin nahi. Herritarren begirunea bilatzen dute: zintzoek gaiztoak atxilotu dituzte.

Ustelkerien inguruko atxiloketek morbo handia pizten dute, batez ere krisi garaian, jendearen haserreak jomugak behar dituelarik. Horregatik, sarekada espektakularra antolatu dute, oihartzun handikoa.

Ez dut esaten irudi hutsa denik. Ondorio larriak ekarri ditu sarekadak, bereziki PPren kalterako. Hainbat pertsonaia urratu ditu eta alderdiaren sinesgarritasuna lur azpian utzi du. Itsasoan ura, bestalde, aspaldikoa baita PPren irudiaren gainbehera. Urruñako elizako leloak orduei buruz dioenez, denek zauritzen dute, baina azkenak hiltzen du. Orain arte kolpe handiak jaso ditu PPk eta, oro har, Franco hil ondotiko erregimenak, baina ez dakigu noiz etorriko den hondarrekoa. Berez, ez dago etorriko ote den jakiterik.

Erregimen guztiek hasiera eta bukaera dituzte, jakina, baina gaur egungo krisia oso sakona izanik ere, ez genuke bizirauteko gaitasuna mespretxatu behar. Finean, erregimen bat indar eta botere harremanen adierazpena da eta urte luzeetan iraun badu, oinarriengatik eta urte horietan aldekoak bildu dituelako izaten da. Agian, gertatzen ari diren gauza batzuei erreparatuz, erregimenaren azken ordua dela pentsatzen ahal da. Baina, kasu, ez ditzagun ahantz suari aurre egiteko pizten diren suak. Agian, norbait pentsatzen ari da dagoeneko bide honetatik jarraituz gero erregimena sutara bidali beharko dela Estatua salbatzeko, kontrola galdu gabe.

Lehia handiak lehertu dira eliteetan, eta nabarmena da erregimenak inoiz baino zailtasun handiagoak dituela herritarren atxikimendua lortzeko. Baina halako nahasketa uneetan ere, antzematen da interes batzuk zaindu nahi dituztela. Hainbat ustel atxilotzen dituzte, baina beste batzuk ez. Politikari batzuen aurka ari dira, baina ez dirua ematen zietenen kontra. Hobe espektakuluaren distiratik harago begiratzea, beraz.