M. J. DONOSTIA

Josu Muguruzaren gaineko filma, «Zohardia», azaroaren 17an estreinatuko da Bilbon

Filmazio, edizio eta ekoizpen prozesua amaiturik dute Josu Muguruzaren gaineko dokumentalaren arduradunek. Trailerra osatzeko lanetan ari dira orain buru-belarri, eta estreinaldiaren nondik norakoak zehazten.

Josu Muguruzaren ibilbide politiko eta pertsonala ezagutzera ematea helburu duen «Zohardia» dokumentalaren arduradunei «azken-azken txanpan» egoteak dakarren inpazientzia puntua nabari zaie. Normala ere bada. Filmazio, edizio eta ekoizpen prozesu osoa bukatu dute eta, orain, estreinaldiaren xehetasunak zehazten eta trailerra osatzen ari dira Lander Iruin eta Markel Andia zuzendariak. Hilabete hauetako guztietako lanaren emaitza jendeari erakusteko gogo biziz dira.

Izatez, estreinaldirako eguna eta lekua erabaki dituzte dagoeneko. Iruinek GARAri aurreratu dionez, azaroaren 17an egingo dute, Bilbon. Gainerako xehetasunen berri, ordea, datorren asteazkenean eskainiko duten prentsaurrekoan emango dute.

«Prozesua luzea eta laburra egiten ari zaigu, aldi berean. Luzea, ideia jorratu eta grabatzen hasi ginenetik denbora joan dela nabaritzen dugulako. Eta motza, batik bat, orain dugun sentsazioagatik, eguna bera gainera datorkigulako», azaldu du donostiarrak. Izan ere, «Zohardia» Muguruzaren hilketaren 25. urteurrena betetzen dela-eta jaiotako proiektua da, eta azaroaren 20rako hiru aste eskas baino ez dira falta.

Helburua beteta, pozik

Andiak eta biok filma «behin eta berriz ikusi» dutela agertu du, eta emaitzarekin «oso pozik» daudela gaineratu. Atzera begira jarri eta ideia bururatu zitzaienekora itzulita, aldiz, aitortza egin du Iruinek: «Akaso gauza batzuk aldatuko genituzke, baliteke, baina bueno... Sentsazio hori izatea normala da. Oso gustura gaude geratu den bezala geratuta. Batez ere, hasiera hartan geure buruari jarri genion helburua bete dugulako». Eta zein zen xede hura? «Josu nor zen, nolakoa zen erakustea».

Eta zeregin orokor horren baitan, belaunaldi gazteei zuzendutako beste helburu zehatzago bat zuten. «Gure adin ingurukoentzat, Josu Muguruza eraildako diputatua da. Besterik ez. Bada, guk `Zohardia'-rekin ideia hori kendu nahi diegu burutik, hori baino askoz gehiago delako. Josu bere osotasunean erakutsi nahi izan diegu. Adibidez, Josu errefuxiaturik egon zen eta hori jakitea bera garrantzitsua iruditzen zaigu», nabarmendu du zuzendari gazteak (1990ean jaiotakoa da, eta Andia 87an).

Muguruzaren irudi osatu hori eskaintzearren, «80ko hamarkadara bidaia egin» dute eta Herri Batasuneko buruzagia ezagutu zuten pertsona frankorekin eseri dira. «Eta Josu bera ezagutzeko aukera emateaz gain, garaia bera ezagutzeko modua eman digu horrek. Euskal Herriaren historian oso garrantzitsuak izan diren gertaerak izan ziren orduan: GALen gerra zikina, Aljerreko negoziazioak... Eta testuinguru horrek dinamismoa ematen dio dokumentalari».

Iruinen ustez, horri guztiari esker filmak «erraz konektatuko du» gazteenekin. «Haientzako deskubrimendu bat izango da Josuren figura, baina baita Euskal Herrian izandako gertakari haiek ere».

Eta zuzendariei deskubrimendu berezirik ekarri ote die Muguruzaren bizitzan eta urte haietako Euskal Herrian murgiltzeak? «Nor zen bagenekien, jakina; Markelek nik baino gehiago, zaharxeagoa delako eta, gainera, bilbotarra. Baina lan hau egiteak margolana osorik ikustea ahalbidetu digu, Josuren izatea %100 ezagutzea».