Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
Alex ARANZABAL
EIBAR FUTBOL TALDEKO PRESIDENTEA

«Igoerak erakundea indartzeko aukera eskaintzen digu»

Sei urte besterik ez dira pasa Alex Aranzabal Eibar futbol taldeko presidente bilakatu zenetik, baina mende oso bat igaro dela pentsa daiteke. Jaime Barriusok lekukoa eman zionean egoera larrian zegoen taldea «Izarren Ligan» lehiatzen ari da egun, bidean une latzak zein goxoak bizi izan baditu ere. Klubak, hori bai, betiko bideari ekinez gainditu ditu erronka guztiak.

Hegazkinean, Madrilen, autoan edo Txinan. Ez da ez batere erraza Alex Aranzabal Eibarren bertan harrapatzea Lehen Mailako talde bateko presidentea denetik. «Ezingo nuke kalkulatu ere egin zenbat ordu ematen ditudan etxetik kanpo!», aitortu du. Oraingoan ere trenaren erritmoan erantzun ditu gure galderak.

Karguaren izena bera ere luzatu da: Eibarko «presidente exekutiboa» zara orain. Noski, betebeharren zerrenda ere ederki luzatuko zen...

Ez dauka lehengoarekin zerikusirik... Kanpotik ikusten duenak gure lana jokalariak fitxatzera eta partidak antolatzera mugatzen dela pentsa lezake. Eta hori, noski, lanaren parte da, baina parte bat besterik ez. Eta gainera, orain arte egiten genuen guztia ere izugarri hazi da, beste dimentsio baten mugitzen gara.

Adibidez? Zeintzuk dira ordu horiek guztiak kentzen dizkizuten eginkizunak?

Adibidez, marketin arloa. Orain dela gutxi aurkeztu ditugu Wiko eta Euskaltelekin sinatutako akordioak, eta laster beste bat aurkeztuko dugu. Eta horrek lan asko dauka atzetik: bilerak, bidaiak, txostenak, negoziazioak... Gainera, orain arte gure inguruko enpresekin mugitu gara, baina egun mundu osora zabal gaitezke eta zabaldu beharra dugu; igoerak eta inguruan sortutako fenomenoak eskaintzen digun aukera aprobetxatu beharra dugu. Fenomeno hori komunikabideetan ere islatzen da; arreta gehiago eskaintzen digute, ez bakarrik hemengoak, baita mundu osokoek ere. Eta arreta eskaini behar diegu. Azpiegituren arloan lan mordo bat egiten ari gara. Eta ez bakarrik Ipurua berritzeko proiektuan: iluminazioa, sistema elektrikoa, Atxabalpeko zelaiaren egitasmoa... ere hor daude.

Eta horrekin guztiarekin batera, gestio instituzionalak ditugu. Alde batetik, erakunde publikoekin harremanak. Bankuekin ere lan egin behar da. Eta zer esanik ez federazioekin eta Futbol Liga Profesionalarekin. Bilera asko dira, negoziazio ugari... Eta garrantzitsuak dira: ezin dugu ahaztu telebista kontratuak hor kudeatzen direla, eta, azken finean, gure diru sarrera nagusia hori da.

Eta, noski, ezin ahaztu hasieran aipatu duzuna: kirol arloa, partidak, barne funtzionamendua...

Dudarik ez, hori da klubaren funtsa. Azken finean, futbol talde bat gara. Eta horrek ere lan itzela suposatzen du, are gehiago Lehen Mailan. Goi mailako jokalariak bilatu, negoziazioak... Eta bazkideak ezin ditugu ahaztu; gainera, kopurua asko handitu da, baita ikusleena ere. Ezin dugu ahaztu, bestalde, klubaren 75. urteurrenaren ospakizunen egitaraua ere prestatzen dihardugula...

Jokalariak fitxatzeko negoziazioak aipatu dituzu. Fran Garagarzak mundu berri bat deskubritu duela aitortu zuen, master espres bat egin behar izan zuela. Ez da bakarra izan.

Ez. Klubean gauden gehienok denbora asko daramagu hemen, eta horrek asko laguntzen gaitu; baina orain beste maila baten gaude, zentzu guztietan. Saltoa ikusgarria da. Eibar enpresa txiki bat zen eta orain guztia izugarri hazi da: diru sarrerak, gastuak, langile kopurua... Bulegoetan bakarrik pertsona batetik hamar langilera pasa gara. Eta, hala ere, Lehen Mailako talderik apalena gara. Elx taldeak, adibidez, 60 pertsona ditu bulegoetan lanean. Saltoa ikusgarria da.

Hazkunde horren ondorioz, uztailean presidente exekutibo bilakatu zinen. Aurretik egon dira gerenteak klubean, baina soldata bat duen lehen presidentea zara Eibarren. Erantzukizun handia eta asko pentsatzeko moduko erabakia.

Zuzendaritza barruan egindako hausnarketaren ondoren, Lehen Mailan eta baita Bigarren Mailan ere nahiko arrunta den figura hori guk ere behar genuela erabaki genuen. Eibar enpresa handi bat bilakatu da, kudeatzeko enpresa konplexu bat, eta horrek profesionaltasuna eta ardura exijitzen ditu. Gero pentsatu genuen ni egokia izan nintzatekeela, lana jada ezagutzen nuelako. Hala ere, ez zen erabaki erraza izan. Nik lanpostu on bat neukan Avian, oso enpresa sendoa. Asko pentsatu behar izan nuen, ingurukoekin asko hitz egin... Azkenean, baina, baiezkoa eman nuen.

Eta zeinen aurrean erantzuten duzu? Azken finean, zu zeu zara zure nagusia.

Lehenik eta behin, Administrazio Kontseiluaren aurrean. Baina baita akzionisten aurrean ere; azken batean, Batzar Nagusiak kudeaketari, erabakiei, proposamenei... baiezkoa ala ezezkoa emateko balio du. Guk horren indarrean sinisten dugu, Batzarraren eta Kontseiluaren indarrean. Adibidez, hurrengo osteguneko Batzarrean Kontseilua handitzea proposatuko dugu. Egoera berri honetan indartu beharra duela uste dugu; erakundeari sendotasun gehiago emango diola uste dugu eta profesionaltasuna eta esperientzia duten kontseilari berriak gehitzea proposatuko dugu.

Eibar, beraz, enpresa handi bat bihurtu da: inoiz baino diru gehiago erabiltzen du, profesional gehiago, figura berriak, elitean dago... Aukeraz betetako agertoki berria, zalantzarik ez, baina arriskuak ere sor ditzakeena.

Arriskuak beti daude. Bigarren A Mailan eta Bigarren B Mailan ere arriskuak badaude, beste mota batekoak badira ere. Horregatik da hain garrantzitsua kluba profesionalizatzea, Kontseiluan enpresa munduko profila duten pertsonak sartzea... Gainera, gu ez gara berriak; nik neuk, adibidez, hamar urte bete behar ditut Kontseiluan eta sei presidentetzan, eta horrek zer edo zertarako balio behar du. Arriskuak gainditu eta aukera baliatu behar dugu, batez ere erakundea egonkortzeko, salto kualitatibo bat emateko: azpiegiturak hobetu, marketin alorra landu, diru sarrerak sendotu etorkizunera begira, Eibar zabaldu... Orain arte herriko talde bat izan gara, baina orain munduko txoko guztietan dauzkagu akzionista eta jarraitzaileak, irudi ona daukagu, ezagutzen eta estimatzen gaituzte... Hori guztia aprobetxatu behar dugu erakundea indartzeko. Eta gainera, egungo egoera ekonomiko orokorra ikusita, herriak eta bailarak ere aukera aprobetxatuko dutelakoan gaude.

Eragin hori benetakoa al da? Argi dago zergei esker egoera berri honek dirua emango diela erakunde publikoei, baina gainontzeko eragina askoz eztabaidagarriagoa izan daiteke...

Ikerlan asko egin dira horren inguruan eta argi daukat eragina egon badagoela, eta ez txikia. Datorren larunbatean ere ikusiko dugu zenbat jende datorren, zenbat jende biltzen den jatetxeetan, tabernetan, hoteletan... Ez da bakarrik zaleen kontua. Futbol Liga Profesionaleko teknikariak ere etortzen dira astebururo, iluminazio enpresako langileak, kazetariak... Eta, horrez gain, zergak daude: BEZaren bidez, adibidez, hiru miloi euro ekarriko ditugu Madriletik Euskal Herrira.

Ia-ia iazko aurrekontu osoa. Gaur egun oso zifra desberdinekin egiten duzue lan. Historikoki apaltasunean oinarritu den «Eibar eredu» famatuarekin jarraitzeko gai izango al da kluba?

Hori da gure erronka nagusietakoa. Bata erakundea sendotzea litzateke, eta, bestea, «Eibar eredua» mantentzea. Hau da, elitean lehiatzea alor guztietan gure nortasuna galdu barik. Lor daitekeela uste dugu, elitean gaudela eta errealitate desberdin batera egokitu behar dugula jakinez betiere.

Management-aren munduan garrantzi handia ematen zaio aldaketaren gestioari, aldaketak beti sortzen dituelako zalantzak eta erresistentziak. Nik sumatzen dut nolabaiteko beldurra, gure betiko Eibar txikia beste gauza bat bilaka daitekeela pentsatzean. Baina ez da beldurrik eduki behar, aldaketa edo, hobe esanda, moldaketa hori nola egin behar den argi eduki baizik. Eta guk argi dugu Eibarrek gestionatzeko, lan egiteko forma berezia duela, bere nortasuna duela, eta, baldintza berrietara egokitu arren, hori mantendu behar duela. Eta mantentzen ari da. Dirua gordeko dugula, izandako diru sarrera guztiak gastatu barik, argi dago. Baina beste adibide bat ipiniko dizut: langileen kontratuak egiteko «n+1» formula erabili dugu, hau da, Eibar Lehen Mailan egongo den urteak gehi beste urte osagarri bat, langileei segurtasuna eman nahi diegulako, baina, betiere, erakundearen etorkizuna konprometitu barik. Guri normala iruditzen zaigu, baina Futbol Liga Profesionaleko gainontzeko taldeak haluzinatuta zeuden planteamendu horrekin.

Baikor izan eta kontratuen «n» hori urtebete baino gehiagokoa izan daitekeela pentsatzeko oinarria badago, taldea nola ari den ikusita. Ustekabean harrapatu zaitu ala talde honekin ez dago ustekabez hitz egiterik?

Emaitzak ez daude zure esku, aldagai ugari daudelako eta asko kanpokoak direlako. Baina taldearen erantzunak ez nau harritu, ezagutzen dudalako, badakidalako nola egin den, nolakoa den, eta joera ere horrelakoa delako. Orain dela sei urte, presidentetzara heldu nintzenean, joera kontrakoa zen. Kirol egoera kaxkarra, aldagelako giroa... Hamasei partida egon ginen irabazi barik, jaitsi egin ginen... Baina joera horri buelta eman genion. Merezi duen bezala estimatzen ez dela iruditzen zait, glamour-ik ez dauka, baina lau igoera play-off jarraian jokatzeak asko esan nahi du.

Behin joerari buelta emanda, orain goranzkoan gaude. Futbola, azkenean, zelaian gertatzen dena da. Baina horren inguruan dagoenak lagundu eta kaltetu egin dezake. Gaur egun denak egiten du gure alde: kirol mailak, egoera instituzionalak, irudi publikoak, animoak... Garai bateko nolabaiteko fatalismoa desagertu egin da, denok baikortasunez bultzatzen dugu aurrera... Asko lortu da azken urteotan eta disfrutatu eta lortutakoa ondo gestionatu behar dugu orain; kontziente izan behar dugu lortu duguna ikusgarria dela eta joera hori mantentzeko danon artean lan egin beharra dugu.

«Ipuruak berrikuntza behar du eta orain dauzkagu aukera eta baliabideak horri ekiteko»

Eibarko Udalak joan den astean baimena eman ondoren, Ipurua futbol zelaia birmoldatzeko lanak hasiko dira hamar eguneko epean. Polemika itzela piztu du Eibar taldearen proiektuak, baina Alex Aranzabalek argi dauka «beharrezkoa» dela, baita honako hau dela berrikuntza lanetarako «unerik egokiena» ere.

Zergatik birmoldatu behar da zelaia?

Arrazoi asko daude. Hasteko, 5.000 bazkide izateko bidean gaude. Bestetik, araudiak Bigarren A Mailan egoteko 6.000 eserleku izatea exijitzen du eta gutxienez hori ziurtatu nahi dugu. Baina segurtasun arrazoiak ere badaude. Adibidez, Ipar Tribuna betetzen denean, sartu eta irteteko arazoak daude, bi sarrera besterik ez daudelako. Ipuruara ikusle gutxi etortzen ginenean ez ziren horrelako gauzak nabaritzen, baina orain bai; sarrera-irteerak arindu behar ditugu, eta, batez ere, ebakuazio bide azkarrak izan. Gainera, Ipar Tribunan espazio berriak lortuko ditugu, heziketa gelak adibidez. Azkenik, estetikoki ere zelai orekatuagoa lortuko dugu. Hori bai, batez ere edukiera eta segurtasun arrazoiak daude proiektuaren atzean.

Araudia aipatu duzu, baina orain dela urte batzuk baimen berezia lortu zuen Eibarrek zelaiak egungo edukiera izateko, bertoko biztanle kopurua kontuan hartuta.

Salbuespen hori aspaldikoa da, baina ez dakigu etorkizunean zer gerta daitekeen. Eta gaur egun dauden segurtasun exijentziei erantzuna eman behar zaie, bai legalei baina baita gizarteak jartzen dituenei ere. Eta horretarako beharrezkoak dira lanak. Gainera, bazkide kopuruak gorantz jarraitzen badu, zelaia toperaino beteko da bazkideekin bakarrik. Eta horrez gain hainbat eserleku behar ditugu: publikoarentzat, kanpoko zaleentzat, Futbol Liga Profesionalarentzat, babesleentzat... Ez dugu burua galduko, baina 5.000 bazkiderekin 6.700 eserlekuko zelaia izatea egokia dela uste dut.

Lehen Mailan, beharbada. Taldea jaisten bada, aldiz, badakigu nola jaitsiko den ikusle kopurua ere.

Hori badakigu. Eta horregatik ez dugu proiektu faraoniko bat prestatu. Baina Ipuruak, nahiz eta danok orain daukagun zelaia maite dugun, berrikuntza bat behar du hainbat alorretan, ez bakarrik edukieran. Eta burua galdu barik baina orain dauzkagu hori aurrera eramateko bai aukera bai baliabideak. Eta aprobetxatu behar ditugula uste dugu. A.U.L.

Honi buruzko guztia: EIBAR