GARA DURANGO

Plateruena kafe antzokiak behar duen bazkide kopuruaren laurdena lortu du oraingoz

Plateruenak hamar urte bete ditu. Gogoeta betean, Durangaldeko sortzaile eta elkarteekin bildu eta elkargunea sortu du. Abian duten diru bilketaren emaitza nahikoa ez dela nabarmendu zuten atzo.

Hamar urte dira Landako auzoko hiltegi zaharrak euskal kulturgintzari estalpea eskaini ziola. Luzea da egin duen bidea eta luzea da aurrerantzean egin nahi duena ere.

Inflexio puntu horrek gogoeta egitera eraman du. Helburu horrekin, eskualdeko sortzaile eta elkarteekin harremanetan jarri da. «Herri eragileekin parte-hartzea hobetzeko lan taldeak sortu ditugu. Durangoko Udalarekin ere partekatu dugu hausnarketa hori, kulturgunearen kudeaketa bideragarri izan dadin baldintza hobeak adosteko», adierazi zuten atzo Plateruenako arduradunek.

Diru kontuei dagokienez, gaur egun duten zorra kitatzeko kanpaina jarri zuten abian joan den irailean. «Plateruena eraberritzeko 1.500.000 euroko inbertsioa egin zen. Gaur egun, 250.000 zorra dugu bankuekin bost urtean ordaindu beharrekoa. Urteko jarduera bideragarria da, ostalaritza zerbitzuekin Plateruenaren eguneroko kultura jarduera oparoarekin jarrai dezakegu, baina bankuekin dugun zorra zama astuna da eta Plateruenaren egitasmoa baldintza dezake», zehaztu zuten.

Kanpainak abenduaren 31ra bitartean jarraituko du. «Orain, kanpainaren erdia egin dugunean, behar ditugun bazkideen laurdenak lortu ditugu», esan zuten arduradunek.

Urtean 50.000 euro jasotzeko helburua dute, bost urtez. Garbi adierazi zuten, orain arte lortutakoa ez da nahikoa. «Kanpainaren erdigunean %26 eskuratu da. Ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Gardentasunez diogu, Plateruenaren etorkizuna kanpaina honen baitan dago», adierazi zuten.

Horren harira, «...eta urte askotarako!» izeneko kanpaina diru bilketa bakarrik ez, borondatezko lan kanpaina ere badela argitu zuten. «Borondatezko lanean oinarritutako egitasmoa sendotu nahi dugu».

Katamaloren diskoa

Kanpainaren baitan, Durangoko Azokara begira nobedade bi aurkeztu zituzten. Katamalo musika taldeak bat egin du «...eta urte askotarako» diru ekarpen eta borondatezko lan kanpainarekin. Plateruena antzokian bertan agurreko biran grabatutako zuzeneko kontzertua diskoan bildu dute. Diskoaren salmentarekin eskuratutako dirua Plateruenaren kultur egitasmoa sendotzeko erabiliko da. Gaurtik hasita, tokiko euskarazko komunikabide batzuen bidez banatuko da, eta abenduan www.plateruenasarrerak.eu webgunean egongo da salgai, eta azokan bertan ere bai.

Bada besterik. Abenduaren 6an Euskal Herriko hainbat sortzailerekin ekitaldia antolatu da. «Gidoigintza lanetan Igor Elortza, Peru Magdalena eta Eneko Sagardoy dabiltza. Hainbat musikari, idazle, bertsolari, antzezle, ilustratzaile eta dantzarik parte hartuko dute», iragarri zuten atzo.

Abenduaren 6ko ekitaldi horrek euskarazko kulturgintzaren biziminak eta bizipozak izango ditu ardatz. «Durangoko Azoka izaten den espejismo hori; amets hori egiaz bizi dugunok behar dugun gertakari kontraesankor hori: jendetza, sorkuntza, euskaltzaletasuna, giro bizia... Kulturzaleontzat bereziki interesgarria da horretaz guztiaz gogoetatzea: barre egitea, eta oihu», kontatu zuten atzo hedabideen aurrean egindako agerraldian.