Ariane KAMIO DURANGO
Durangoko disko eta liburu azoka

Anuntxi Arana, Durangon argi; Okzitania, Azokan gonbidatu

Azken ukituak baino ez zaizkio geratzen Durangoko Disko eta Liburu Azokari 49. edizioaren ateak zabaltzeko. Egitarau osoa prest dute antolatzaileek eta iragartzeke zeuden bi atal nagusietako izenak ere ekarri dituzte argitara. Anuntxi Aranak jasoko du datorren abenduaren 6an Azokak urtero banatzen duen Argizaiola eta aurtengoan Okzitania izango da gonbidatua. Parte-hartzaile kopurua azpimarran jarri dute: 500 sortzaileren lanak aterako dira Durangoko plazara.

Bi aste baino ez dira geratzen Durangoko Azokaren 49. edizioa abian jartzeko; euskal kulturaren aurtengo uzta jendaurrera eramateko. Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak sentipenak azaleratu zituen: «Urtero bezala, tximeletak hasi dira dagoeneko sabelean bueltaka».

Plateruenan kazetariekin hitzordua. Mujika bera eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak bertan. Kazetari andana Azokaren aurkezpen nagusiaren zain eta oraindik argitzeke ziren bi atal nagusien izenak jakiteko gogoz: Argizaiola eta aurtengo gonbidatua.

Mujikak bota zituen biak, bata bestearen atzetik. Anuntxi Arana (1947, Luiaondo) saritu eta Okzitania gonbidatu. Aranak antropologiaren alorrean egindako lanei aitortza egingo die Azokak. Ipar Euskal Herriko mitologia aztertzen lehena izan zen Jean François Cerquand eta XIX. mendeko grafian egindako lana berridatzi eta egungo garaietara egokitu zuen 1986an Aranak. Nolanahi ere, bere lan nagusia 1996an argitaratu zuen. Bordeleko Unibertsitateak eta EHUk elkarrekin zuzendutako doktorego tesia «Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa» izenekoa. Ipar Euskal Herrian euskaraz defendatu zen lehenengo tesia izan zen hura. Gaur egun, hilak, arima herratuak eta mitologia lotzen dituen lana prestatzen ari da udaberrian kaleratzeko asmoz. Saria abenduaren 6an jasoko du Aranak, Sanagustin kulturgunean Oier Guillanek zuzenduko duen ekitaldian.

Okzitania ere Azokan izango da aurten, herrialde edo kultura gonbidatu gisa. Euskal Herriarekin lotura zuzena duen arren, elkargune hori askotan ezezaguna da eta elkarren arteko ezagutzan sakontzeko balioko du zita berriak. Euskarak eta Okzitaniak historikoki izandako harremanak, hizkuntza gutxituek sareko baliabideak nola erabili edo gazteenei zuzendutako ipuinak izango dira gonbidatuaren bueltan antolatutako zenbait ekitaldi. Internet bidez emititzen duen OCtele okzitanierazko lehenengo telebista ere Durangon izango da Azokako egunetan.

Inoizko parte-hartzaileena

Lana da, eta ez nolanahikoa gainera, Azokari moldea ematea, egitaraua osatzea eta urtero-urtero berrikuntzak mahai gainean jartzea. Zifra laburretan, honelakoa izango da aurtengoa: 700 lagun lanean, 245 salmahai, 150 kultur ekitaldi eta 500 sortzaileren lanak. Horren guztiaren lekuko izateko prestatzen ari da Durangoko Azoka; hori guztia lau egunetan soilik, abenduaren 5etik 8rako epean. Euskal kulturaren sintesitzat har daiteke egun horietan Landakon eta inguruetan bizi ahal izango dena.

Salmahaietan irabazi du aurten Durangok. Iaz baino zazpi gehiago izango ditu eta horietan leku berezia izango dute autoekoiztutako lanek. Guztira 16 autoekoizlek izango dute bereziki beraientzat prestatutako espazio zehatza, Areto Nagusiaren alboan.

Aurreikuspenekin jokatzea baino ez da geratzen edizio berri bat hastear dela. Nerea Mujikak argi dauka abenduak zer eramango duen Durangora. «Bisitari asko etorriko direla uste dut, eta are garrantzitsuagoa dena, norberak bere neurrira egindako egitaraua izango duela eskura», ohartarazi zuen.

Iazko aurrekontu bera izango du Azokak, zorrik ez sortzeko

Durangoko Azokak iazko aurrekontu berbera izango du; 620.000 eurokoa gutxi gorabehera. Nerea Mujikaren arabera, aurrekontu horrek iaz sortutako zorrak ez errepikatzeko balioko du.

Kopuru horretatik, Lakuako Gobernuak 150.000 euro emango ditu eta zifra hori egonkorra izango da aurrerantzean. Iaz 80.000 euro eman zituen. Jose Manuel Bujanda Kultura kabineteko buruak eman zituen azalpenak, eta kritiko agertu zen Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako erakundeen aldetik heltzen diren laguntzekin. «Kutsu nazionala duen Azoka dela esaten da eta horren haritik erraz esan izan da Eusko Jaurlaritzak egin behar duela finantzaketa nagusia. Baina, benetan Azoka nazionala dela uste badugu, gainontzeko erakundeek ere era berean egin behar dute beren ekarpena», esan zuen. Ariane KAMIO