Amalur ARTOLA DONOSTIA

Belaunaldien arteko «Arrastoak» dakartza oholtzara Dejabuk

Ohiko duten lengoaia poetiko eta eszenografia landuari thriller kutsuko istorioa txertatuta aurkeztu du Dejabu Panpin Laborategiak «Arrastoak», bere azken antzezlana. Obrak belaunaldien arteko loturaren eta familia askotan isilpean gorde ohi diren kontuek lotura horietan izaten duten eraginaren gaineko hausnarketa proposatzen dio ikusleari. Lana asteburu honetan estreinatuko da ofizialki, Donostiako Gazteszenan.

90eko hamarkada da. Lur-en gurasoak drogaren mundura jausi dira eta, zurrunbilo horretan, amak familia abandonatzea erabaki du. Lurrek ez du sekula gehiago amaz galdetuko, harik eta, handik urte batzuetara, hilik azaltzen den arte. Galderak pilatuko zaizkio orduan eta, derrigor, horien erantzunaren bila abiatu beharko du. Trama horretatik abiatu da Dejabu Panpin Laborategia bere azken lana, thriller formatuan datorren «Arrastoak», sortzeko.

Donostian atzo aurkeztu zuten obra larunbatean estreinatuko da ofizialki Gazteszenan -lau emanaldi eskaini dituzte Luhusoko Harri Xurin, Azpeitian eta Errenterian- eta, Dejabuko kide Ainara Gurrutxagaren hitzetan, antzerkiaren oinarrian dagoen ideia belaunaldi ezberdinen artean egon ohi diren «lotura ikusezin horiek» agerian jartzea da: «Batez ere galdera bat egin nahi genion geure buruari: isiltasuna ere transmititzen ote da? Eta, ze pisu daukate gaurko gure belaunaldian isildu diren gauza horiek?». Abiapuntu horretatik inprobisazioari ekin eta objektuekin «jolasean» hasi ziren Dejabuko kideak orain urtebete inguru, eta pertsonaia nagusia ere bide horretatik etorri da: «Hala sortu zen Lur. Ez du bere ama ezagutu eta, hilda azaltzen denean, bere bizitzarekin aurrera egin dezakeela pentsatzen du. Baina ez da horrela; gorpua azaltzen denetik, mundua hankaz gora jarriko zaio neska honi», iragarri zuen. Psikologo argentinar baten laguntzaz -Urko Redondok antzeztua- ibilbide emozional bati ekin eta «intrigaz eta abenturaz gainezka» datorren bidaiari ekingo diote. «Psikologoak euskaraz egingo du», azaldu zuen Redondok, euskal konpainia diren aldetik, sortzen dituzten lanetan «beste kulturetako pertsonaiak txertatu eta horiek euskaraz interpretatu nahi ditugulako».

Erronka estetikoa

Dejabuk estetika landua du eredu eta, horri dagokionez, «orain artekoa ez da errepikatuko», agertu zuen Gurrutxagak: «Estetika erronka da guretzat eta errealitatea eta ametsaren mundua nahasten dituen estetika lantzen hasi ginen. Aurkikuntzak egin ditugu, gure ustez», kontatu zuen.

Lan kolektibo honetarako Oier Guillanen laguntza izan dute dramaturgian, eta musika Muskulok («Domino» abestia) eta Ander Fernandezek jarriko dute.