Jose Angel Oria
Kronika | Emakumeen eskubideak

«Nire jantzia, nire aukera», Kenyako kaleetako garrasia

Lizunkeriaz jantzita» kalean doazen emakumeen aurkako eraso ugari izan da azken bolada honetan Kenyan. Astelehenean protesta egin zuten mila pertsona inguruk Nairobi hiriburuan, eta handik ordu batzuetara beste eraso baten berri izan genuen. Azken kasu horrekin lotuta, Kenyako Poliziak ehunen bat lagun atxilotu ditu, erasoarekin zerikusirik dutelakoan.

«Nork erabakitzen du lizunkeriaz jantzita joatea zer den? Zein egoeratan ipintzen ari gara gure emakumeak?«, galdetu zuen Parlamentuan Cecily Mbarine diputatuak. «Erasoa jasan behar izan duten emakumeak zuen emazteak izan zitezkeen, edo zuen arrebak edo izebak», erantsi zuen parlamentariak, une horretan ondoan zituen gizonezkoei begira.

Reuters berri agentziak banatutako informazioaren arabera, emakumeen aurkako delituak ia inoiz ez dira ikertzen Kenyan eta herrialdean emakumeen eskubideen aldeko mobilizazioak ere oso gutxitan izaten dira. Horregatik, makina bat hedabidek jaramon egin zion joan den astelehenean Nairobi hiriburuan egin zen manifestazioari.

Kilimaniko Amak

Kilimaniko Amak kolektiboak antolatu zuen asteleheneko manifestazioa, hiriburuko izen bereko auzoan ere emakumeen aurkako erasoak izaten dituztelako. Sakelako telefonoen bitartez eraso horietako batzuk grabatu izan dituzte: kalean minigonaz jantzita zegoen emakumea inguratzen dute gizonek eta han bertan biluzik uzten dute, jendaurrean, neska makurrarazteko.

«Eraso horiek egiten dituztenak atxilotu egin behar dituzte, kriminalak dira-eta. Emakume bati eraso egiten dion edonor atxilotu eta epaitu egin beharko lukete, sexu erasoak direlako», esan zien kazetariei Boniface Mwangi ekintzaileak.

«Minigona jantzita gizonen aurrean ibiltzea ez da egokia, biluzik egotea bezala delako. Egurra eman beharko litzaieke, ikas dezaten», adierazi zion kaleak garbitzen lanean ari zen emakume batek Euronews telebista kateari.

#MyDressMyChoice etiketa sortu dute Kilimaniko Amek Twitter sare sozialean sentsibilizazio kanpaina abiarazteko. Asteleheneko manifestazioa Epaitegi Gorenaren egoitzaren aurrean bukatu zuten, Justizia Administrazioari tankerako delituen aurkako neurri eraginkorrak hartzeko exijitzeko.

Sharon Okemo antolatzaileak adierazi zuen horrelako mobilizazioak beharrezkoak direla Kenyan, tankerako eraso asko izaten direlako. Okemoren ustez, kenyar gizon asko hipokrita hutsak dira, alde batetik «txukun jantzita» joateko exijitu, eta bestetik inolako txukuntasunik gabe aritzen direlako emakumeak erasotzean.

Barruko arropa astindu

Manifestari askok more koloreko apaingarriren bat zeramaten, indarkeria matxistaren aurkako kolorea delako. Beste batzuek barruko arropa astintzen zuten: «Beraiek emakumeren bat biluzten dutenean, bere kuleroak ikusteko egiten dute. Hemen dituzte, orain ondo ikus ditzakete», esplikatu zuen bere jarrera parte-hartzaile batek.

Manifestazioa amaitu ondoren beste eraso baten berri izan genuen. Hiriburuko Kayole barrutian neska gazte bati eraso egin zioten gizon ezezagunek «lizunkeriaz jantzita» joateagatik, «Daily Nation» Kenyako egunkariak emandako informazioaren arabera.

Moses Ombati Kayoleko polizia-buruak jakinarazi du dagoeneko ehunen bat pertsona atxilotu dituztela, eraso horrekin zerikusirik dutelakoan. Ombatik erantsi zuen ustezko erasotzaile horietako gehienak mozkor-mozkor eginda zeudela atxilotzera joan zirenean.

Ia inor ez atxilotzetik, bat-batean ehun lagun giltzapean jartzera. Asteleheneko protesta fruituak ematen hasia da.