GARA

Angelun uhin batek itsasora arrastatuta hil da 26 urteko emakume bat

Asteazkenetik ostegunerako goizaldean gertatu zen istripua Maitasun Gela inguruan. Itotako emakumearekin zihoan lagunak adierazi zuenez, 2.20 inguruan, hondartzaren ondoan dagoen eskailera batean eserita zeudela, uhin handi batek itsasora eraman zuen 26 urteko neska.

Mutilak berehala ohartarazi zituen larrialdi zerbitzuak, baina, itsaso bizia zela-eta, uretako bilaketa lanak zailak izan ziren eta 5.40ak aldera gorpua aurkitu eta helikopteroz atera zuten.

Azkenaldian istripu ugari izan dira Lapurdiko hondartzetan olatu handien ondorioz, eta hainbat lagun estu eta larri atera dituzte uretatik. Urriaren 20an, Biarritzeko Milady hondartzan promenatzen ari zen gizon bat uhin batek irentsi eta hilda atera zuten.