Ariane KAMIO DONOSTIA

Basterretxearen lehenengo memoria

Izaera antologikoa duen erakusketa inauguratu berri du Koldo Mitxelenak. Nestor Basterretxearen alderik intimoena jendaurrera eraman dute Donostian, Idurmendietako bere etxean gordetzen zuen artxibotik egindako hautaketa batez osatutako obrekin. Eskultura, margoa, argazkia eta zinema, sortzailearen hamaika aurpegi dira ikusgai.

Haurtzaroan izaten den lehenengo memoria norbanakoa heldutasunean izango denaren oinarria dela sinetsita, Nestor Basterretxearen alderik intimoena erakusgai da Koldo Mitxelenan.

Estatu frantseseko irudiak, Argentinarako itsasontzia hartzear zen haurra... Ez zen samurra izan Basterretxeak bere bizitzako lehenengo urteetan bizitakoa. 36ko gerrak bete-betean harrapatu eta ihesari eman zion bere senideekin. Estatu frantsesera lehenengo eta Argentinara ondoren. Urte luzeak eman zituen kanpoan, eta dagoeneko ezkonduta itzuli zen Euskal Herrira.

Pasa den uztailaren 12an hila, sortzaile nekaezintzat hartua izan da Basterretxea. Gizartearekin eta herriarekin gizon konprometitua, artearen bitartez islatu zituen bermeotarrak bere ideia nagusiak.

Etxea zuen tailer, sorkuntzarako eremu, Hondarribiko Idurmendieta baserrian. Atarian zein lorategian, bere eskuekin ondutako lanek atondu izan dituzte bazterrak. Etxepean zeukan tailerrean ere, beste hainbeste.

Orain, bertan zituen ehunka lanen artetik hautaketa bat egin eta jendaurrera eraman dituzte Koldo Mitxelena kulturgunean inauguratu berri den erakusketan. Basterretxeak berak Xabier Saenz de Gorbea komisarioarekin adostutako egitasmoa izan da orain ikusgai dena.

Etxetik erakustaretora

153 obra eta ikus-entzunezko lanak dira gehienbat erakusketaren bizkarrezur nagusia. Horietako batzuk bereziki erakusketarako eginak. Eta horietatik abiatuta aurkezten da Nestor Basterretxearen ikuspegirik intimoena.

«Bizitako guztiak, bere bizimoduan gertatutakoak, bere imajinarioan eta artearen munduan egindako gogoetetan eragin handia izan zuen», adierazi zuen Saenz de Gorbea komisarioak, prentsarekin batera egindako bisita gidatuan. Koldo Mitxelenan zabaldutako erakusketak Nestor Basterretxearen lehenengo memoriara darama ikuslea. «Lehenengo memoriaren pisuak ihesean zebileneko marrazkietara eraman gaitu, Estatu frantsesean igarotako denborara; oro har, erbestearen eraginpean egindako sorkuntzetara», nabarmendu zuen Saenz de Gorbeak.

Honakoa ez da, ordea, ohiko erakusketa bat. «Nestorrek bizitza luze, bizi eta emankorra izan zuen, eta askotan eduki zuen bere lana geruza desberdinetan aurkezteko aukera». Bere ibilbidearen bueltan norabide aldaketa bat izan daiteke Donostian ikusgai den erakusketa, «baina bere jarduerako diapasoia eten gabe».

Bizitzako garai desberdinetan banatu dituzte erakustaretoko gune desberdinak. Argentinak, esaterako, badu zeresan berezirik. Buenos Airesen sortu eta erakutsitako Via Crucis bat dago ikusgai, erakusketarako bereziki berritutako lana.

Arantzazu ere ezin atzean utzi. Frankismo garaian zentsuratu eta desagerrarazitako margolanen zirriborroak ikus daitezke beira-arasen azpian. Eta horien atzetik, gerora santutegiko kriptarako egin zituen margolan definitiboen hasierako sorkuntzak ere hantxe dira. Gernika edo euskal kosmogoniaren serieei lotutako sorkuntzak ere aipagai dira Koldo Mitxelenan.

Sortzaile anizkoitza zen Basterretxea, diziplina ugaritan lan egindakoa. Euskal zinemagintzaren historian ere bere izenak badu toki berezirik, eta erakusketaren parte dira `Operación H' eta `Ama Lur' filmak ere.

Areto eta areto artean, Basterretxeak bere ahotik esandako zenbait esaldi daude, komisarioaren hitzetan, herriarekin eta gizartearekin zeukan harreman estuaren eta horiekiko erakutsi zuen konpromisoaren erakusle direnak.

Ibilbidearen amaierarako, sortzailearen azken lanak. Zeramikarako egindako marrazkiak, hil aurretik ondu eta zendu ondoren fabrikan bukatutakoak horietako batzuk. «Gutxienez hiru gauza sortzen zituen egunero eta artxibo izugarria zeukan, baina gehienak klasifikatu gabeak. Hemen dagoena lagin bat baino ez da».