Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Kutxabank, umore fina

Adar-jotzeetan masterra atera dute Kutxabankekoek, antza. Bankarizazio prozesua hasi zenetik, lotsarik gabe, argi azaldu izan ditu Mario Fernandezek euren asmoak. Baina harria botata ere, gero eskua ezkutatu. Edo ezkutatu nahi izan diote batzuek, jakinda egitera zihoazena ez zela oso erraz saltzeko modukoa herritarren aurrean.

Edo hala uste nuen nik. Baina zoritxarrez, egitura antolatuetako militanteen arteko eztabaida mediatikotik harago, orain arte ez dugu Kutxabanken aurkako borrokarik piztea lortu pribatizazioaren aurka gaudenok. Eta egin dute egin nahi zutena.

Aztertzekoa da, hala ere, komunikazio ikuspegitik bederen, gezurrak jokatu duen funtzio nabarmena. Mario Fernandezek baga dio, eta nahiz eta inguruko alderdi eta sindikatuak (EAJ, PP, PSE, CCOO) ados egon, biga defendatu dute jendaurrean.

Eta orain, Espainiako Bankuak Kutxabanki egin dizkion exijentziak direla-eta tonto aurpegia jartzen dute Fernandezek, Urkulluk eta Vocentoko egunkariek. Pribatizazioak zer zekarren jakingo ez balute bezala. Gezurra aurpegira nabarmen, eta erreakzio apala herritarron aldetik.

Diru eta aurrezki kontuak ez dira errazak. Finantza erakunde etiko batean diharduen lagun batek esaten zidan aurreko batean asko kostatzen ari zaiela bazkideak lortzea, herritarrek euren aurrezkiak ematea, nahiz eta jakin banketxe konbentzionalen praktika finantzariak ez direla batere desiragarriak. Nagikeria ote da arrazoi bakarra?

Asko hitz egin da Kutxabankek Euskal Herrian izan beharko lukeen funtzioaz, funtzio sozialaz, zehatzago nahi bada. Eta, hara, saltsa borborka ari den bitartean, etxeko postontzira «Primeran! Kutxabanken hipoteka gaztea» dioen panfletoa iritsi zait. Banekien gazteon prekarietate egoera luzatzen ari zela, baina barkatuko didazue, 40 urte inguruko itxura duten gizon-emakumeak jartzeak argazkian ez du gazteontzako promozio bat ematen. «Kutxabankek gazteen alde egiten du: Interes-tasa jaisten dizu 35 urte baino gutxiago edukitzeagatik». WTF!

Adar-jotzearen gailurra letra txikian dator, ordea. «27 urteko ustezko bezero batentzat kalkulatuta (...) hilero 4.500 euro edo gehiagoko nominen helbideratzeari baldintzatutako eskaintza». Kutxabank ez dago gazteon eta herritar xumeon beharrak asetzeko. Gazteon langabezia, kontratu prekarioak, pobrezia, erbesteratzeak ez dira existitzen euren munduan. Funtzio antisoziala, definizioz.