Amalur ARTOLA DONOSTIA

Erlijioen gaineko eztabaida dakar «Non aurki genezake jainkoa?»-k

Izenburuan argi azaltzen da: «Iruzurrik onartzen ez dutenentzako liburua» da «Non aurki genezake Jainkoa? Galdetu zuen txerritxoak» haur liburua. Alemanian 2007an argitaratu zenean hautsak harrotu eta ia zentsuratu zuten lana euskaraz irakur daiteke orain.

Goiatxo Elizagarairentzat proiektu pertsonala izan da Alemanian 2007an argitaratu zenean hautsak harrotu zituen «Wo bitte geht's zu Gott? frat kleine Ferkel. Ein buch fur alle, die sich nichts vormachen lassen» («Non aurki genezake Jainkoa? galdetu zuen txerritxoak. Iruzurrik onartzen ez dutenentzako liburua») lana euskarara ekartzea. «Bizitza guztia eman dut halako liburu baten bila eta orain topatu dut, 71 urterekin!», azaldu du. 5 urtetik gorakoei bideratuta dagoen liburu honetan, haurrek Jainkoaz dituzten galderak dira kontakizunaren zutabea eta, bide hori urratuz, kritika zorrotza egiten zaie «egia eztabaidaezinetan» babeslekua hartzen duten erlijioei.

Elizagaraik Alemaniara egin ohi dituen bidaietako batean izan zuen Michael Schmidt Salomon idazle, filosofo eta musikariak alemanez idatzitako liburuaren berri. «Esperantora itzuli zuen adiskide batek erakutsi zidan eta segituan ikusi nuen berezia zela. Haur askok halako zerbait behar dutela iruditu zitzaidan, nik sei urte nituenean behar izan nuela halako zerbait. `Txanogorritxo' eta halakoek ez bezala, liburu honek zuzenean plazaratzen ditu galderak». Segidan, egile eskubideak erosi eta Aitor Aranari eskatu zion itzul zezala, eta honek «gustura hartu zuen proiektua», ziurtatu du.

Hala, haur hizkuntzatik abiatuz erlijioari egiten dion kritika dela medio Alemanian «kristoren istiluak» sorrarazi zituen lana euskaraz irakur daiteke jada -orain arte alemanez eta esperantoz argitaratu da- eta gaztelerazko itzulpena ere jada egina duela aurreratu du Elizagaraik.

Istorioak tenpluz tenplu Jainkoaren bila abiatzen den abere taldea du oinarri eta, funtsean, haurrek erlijioaren gainean egiten dituzten galderetan oinarritzen da kontakizuna. «Maiz, galdera horiek erantzunik gabe geratzen dira eta, liburu honetan, zuzen-zuzenean ematen dira», agertu du. Azken orrialdean, Hans Christian Andersen idazle danimarkarraren «Enperadorearen jantzi berria» fabulari (amaierako oharrean «mundu guztiak egia dela uste duena ez du esan nahi derrigorrean egia denik» dio) keinu bat ere egiten dio lanak. «Berak hipokrisiaren salaketa egin zuen ipuin horrekin, eta ildo horretatik dator liburu hau ere. Azken orrialdean omenaldi txiki bat egiten zaio; denak biluzik agertzen dira eta batek esaten du: `Hauxe da ipuin honen irakaspena: Jaungoikorik ez du behar ezagutzen ez duenak'. Eta amaieran esaten da: `Hona, irakurle maitea, sarritan esaten dena: Jaungoikoarengan ez sinisteak mugatzen du adimena. Adi! Sekretu bat esango baitizugu nonahi konta dezazun, hala nahi baduzu: munduan Jaungoikoarengan dagoen fedea irudikeria baino ez da, ele-meleak. Iruzurra kristoren porrota suertatu zen, eta txerritxoaren kar-karrak gailendu ziren».

«Blasfemia» eta egiaren jabeak

Polemikak liburua errabino baten eskuetara iritsi zenean hasi ziren. Liburuak hiru erlijio jorratzen ditu -islama, kristautasuna eta judaismoa- eta «bere erlijioa besteak baino okerrago tratatzen zela iritzita, epaitegietara eramatea erabaki zuen». Epaileek ez zioten arrazoirik eman, baina hautsak jada arrotuta zeuden: apezpiku kristau batek liburua eskoletan egotea «blasfemia» zela esan zuen, argitalpenaren aurkako artikulu eta bideoak ugaritzen joan ziren... Harik eta erlijioari egiten zaion kritikagatik zentsuratua izatearen arriskua pairatzera iritsi zen arte: gazteentzako ministerio federal alemaniarrak debekatzeko prozesuari ekin zion «haurrentzat egokia ez dela esanez», baina, azkenean, kontrol komisioaren erabakiz debekua ez gauzatzea erabaki zuten. «Eta hori liburua xume-xumea dela, galdera arruntak egiten ditu baina, liburuaren tituluan esaten den bezala, `iruzurrik onartzen ez dutenentzako liburua' da. Batzuek ezin dute hori onartu, uste dute egia bakarra beraiena dela». Horiei, liburuko beste aipu batekin erantzuten die Elizagaraik: «Gezurren bidez bizi denarentzako egia blasfemia da».

Fitxa

Izenburua: «Non aurki genezake Jainkoa? Galdetu zuen txerritxoak. Iruzurrik onartzen ez dutenentzako liburua».

Editorea: Goiatxo Elizagarai.

Egilea: Michael Schmidt Salomon. Itz.: Aitor Arana.

Marrazkiak: Helge Nyncke.