Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Fiskalitate berrira begira

Paradisutik atera dira! atera behar izan dute! Ez, ez nabil paradisu fiskaletako bankuetan hainbatek ezkutuan duten dirutza ilunaz, ez horixe, fiskalez beraiez nabil. Azkenean atera behar izan dute euren paradisutik, gure behean den simulakro-Estatu horren gotorlekuko paradisutik atera behar ere. Gaurko Kataluniak aterarazi ditu palmondo transgenikozko burbuila epeletik, eta infernuko beroa ezagutzera behartu ere, deabruak eta guzti. Eta hortxe aritu dira, simulakro-justiziatik, kontsulta itxuraz aurretik erabakitakoari bidea emanez, atsedenik hartu gabe, jo eta ke tinta agortu arte, bietan jarrai, paperak eta sinadurak... ahulkeriaren seinale galantean. Hain da penagarria batzuen lana! Beti pentsatu dut etorkizuna, planetako edozein txokotakoa, jasangarria izango bada gaurko lanpostu asko desagertu behar direla behin betiko, ebola bera beste arin, eta okerbide-estatua defendatzea bizimodua izan duten fiskalena da zerrendan lehenetarikoa, horientzako sendabelarrezko txertorik ez delako, izango ere ez. Eta bestelako lanpostuak sortu, jakina! kasurako, fiskalak langabeziara eraman behar dituztenentzat.

Euskal Herritik ikusita, gustura entzuten ditut fiskalitate berriaz hemendik eta hortik esaten direnak. Espero dut berri izate asmo horretan sartuta egotea ere fiskalentzako zeregin berriak, bestelakoak esate aldera, hemengo zuzenbidearen bide zuzenetikoak. Baten batzuk gertutik zelatatzea, kasurako, lurrak mugitzen trafikatzaile direnek larruazalean sentitu dezaten ziegarako balizko bideak sortzen duen oilo-ipurdia. Zergatik ez? Nafarmetroak hankaz gora utzi badu herrialdearen legebiltzarreko aulkien jabetza, zergatik ezin da imajinatu bestelako jendea izatea akusatuen aulkian jesartzen lehena? Mundu aldrebesa izango litzateke, bai, konforme, baina akaso gaurko munduak ez du aldrebestea merezi? Eta hori ez zen aldrebeskeria izango! Ama, ama, zenbat duen gaurko Euskal Herriak gaurko Kataluniatik ikasteko! Beheko simulakro-Estatuko burua hara da joateko, hango buruarekin egoteko batere asmorik gabe, eta hemengo lurralde-zati bateko burua Estatu zer horretako hiriburura joana da brandy izena duen errege batekin egoteko. Hau bai aldrebeskeria! Euskaldun fededun esate horrek dagoeneko egin du! demonio!