Maider IANTZI
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Ibarra izan da txinparta, su hartzea falta izan zaion lehen finalaurrekoan

Etxebarriarrak aztoratuta egon ziren atzo goizean goizetik bertso saioa eta honen inguruko besta guztia prestatzen, eta 600 laguneko frontoi bete eta beroak gogoz hartu zituen bertsolariak. Leherketa falta izan zen beharbada, baina ez txinpartarik.

Sei lagunek atera zituzten txinpartak, "Josi" txapelketaren leloa daraman koloretako oihalez osatutako oholtzak erakusten zuen bezala, bakoitzak bere ezaugarri bereziekin. Baina bi ibili ziren puntan saio osoan, puntu bakarreko aldearekin lehenbiziko eta bigarren egin zuten Iratxe Ibarra eta Fredi Paia. Azken honek aspalditik irabazia du publikoaren saria eta bera izan zen behin baino gehiagotan sua piztu zuena.
Lehenbiziko aldiz bertso saio bat kazetarien mahaitik jarraitzen, arraro egiten zitzaigun eskuei teklatuan eustea txalo jotzeko gogoari eutsiz. Adibidez, zortziko handian, Ibarrak eta Paiak sexu harremanen mundu hagitz zabala dutela-eta sexu transmisioko gaixotasunen proba egitea erabaki duten bi lagunen paperean kantatu zutenean.
Irabazleak saioaren bukaeran adierazi zuenez, normalean kosta egiten zaio hastea, baina atzo lehenbiziko lan horretan aritu zen gusturen. Zortziko txikiko ariketarekin ere konforme zegoen eta kartzelakoan zalantza gelditu zitzaion, zerbait gehiago erran nahi baitzuen.
Honakoa zuten kartzelan doinu eta neurri librean abesteko gaia: «Dimititu egin duzu». Gehienak politikariren baten lekuan jarri ziren eta Ibarrak ere segituan burura etorri zitzaion Laura Mintegiren azalean kantatu zuen. «Egin gura neban salto/ baina ez da izan nahiko/ haize barririk ez dabe gura sasoi barrietarako», bukatu zuen lehena. Eta bigarrena: «Irakaskuntzan jarraituko dot eta lasai biziko naz».
Saioa bukatu ondotik «askatuta» mintzatu zen Paia GARArekin, egindakoarekin gustura, bereziki bakarkakoarekin: «Orain artean Estatuaren garezur oxipitala ta orain berriz auzipeturik lapur ustel ta zitala/ urteak gora ta lapurtzea hain gendun gauza normala/ jende xeheak hoteletatik toalla daroan bezala tentaziotik askea denak harria bota dezala/ nire tragedia hori izan da eskura asko neukala», izan zen bere lehen bertsoa.
Hirugarren egin zuen etxean jokatzen zuen Joseba Artzak, eta «nigatik poztu direnengatik alegratzen naiz gehiena» abestu zuen amaierako agurrean. Orokorrean saioarekin konforme gelditu zela eta lorpenik handiena txapelketan lasai kantatzeko jarreran etortzea izan zela erran zigun bere burua finalean ikusten ez duen bertsolariak.

Amuriza, kanpoan
Haginak erakusteko gogoz etorri arren, Miribillan egonen ez dena eta «agur Bizkaia eta agur Etxebarri» kantatu zuena Miren Amuriza izan zen. Ez zuen bere onena ematerik izan eta pena izan zen proiekzio handiko bertsolaria kanpoan gelditu izana.
Nahiko parean ibili ziren puntuetan, Eneko Abasolo Abarkas-ek egin zuen laugarren, etxekoak gogoan, kartzelan «puntokruz» egiten zuen aita, arropak josten zituen ama, izeko Edurne eta amama Miren. Bosgarren, Ander Elortegi gelditu zen, saio polita eginez, bereziki Fredirekin katekesiaren inguruan. «Sufrituz gozatzen jakin horixe da txapelketa/ sufritzeak merezi du honek merezi du-eta», izan zen bere agurra.