GARA

Somaliako Al Shabab taldeak 28 pertsona hil ditu Kenyan

Somaliako Al Shabab milizia islamistako talde armatu batek Kenyako iparraldean zihoan autobus bat geldiarazi zuen atzo goizaldean eta musulmanak eta musulman ez direnak bereizi ondoren, azken horiek ibilgailura igoarazi zituen berriz, beste norabait eramateko asmoarekin. Autobusa hondatu egin zitzaien ordea, eta han bertan hil zituzten: 28 biktima. Joan den astelehenean Kenyako Poliziak Mombasa hegoaldeko hiriko lau meskita itxi zituen.

Mandera Kenya eta Somaliaren arteko mugatik gertu dagoen hiria da. Bertatik zortziren bat kilometrora zihoan Nairobiko bidea hartua zuen autobusa goizaldeko bostetan. Une horretan, talde armatu handi samar batek ibilgailua geldiarazi egin zuen eta errepidetik atera.

Kenyako agintariek eskaini duten bertsioaren arabera, erasotzaileek Koraneko, islamaren liburu sakratuko, bertsoak errezitatzeko agindu zieten hirurogei bidaiariei, musulmanak zeintzuk ote ziren argitu nahian.

Westgate saltoki-gunea

Tankerako agindua eman zuten Al Shabab taldekoek Nairobin iazko irailean, Westgate merkataritza-gunearen aurkako erasoan (67 hildako), musulmanak bereizi nahian. Kasu hartan, musulmanak zirela frogatzerik izan ez zuten pertsonak hil egin zituzten, buruan tiro eginda.

Atzo bestelako gidoia zuten erasotzaileek. Musulmanak ez zirenak autobusera igoarazi zituzten berriz, beste norabait eramateko asmotan (bertatik oso gertu dago Somaliako muga), baina ibilgailua hondatu egin zen, Noah Mwavinda Manderako poliziaburuak France Presse berri agentziari emandako bertsioaren arabera. «Ondoren exekutatu egin zituzten», esplikatu du. Erasotzaileek Somalia aldera egin zuten ihes.

Bizirik ateratako bidaiarietako batzuk ezkutatu egin ziren eta segurtasun indarrak horien bila ari dira oraindik.

«Gure mujahidinek arrakasta osoz burutu dute gaur operazio bat Mandera hiritik gertu. Horren ondorioz, 28 gurutzatu hil dira. Mombasako gure anaien aurka aste honetan egindako krimenaren errebantxa izan da operazioa», adierazi zion France Presse agentziari agiri baten bitartez Ali Mohamed Rage Al Shabab taldeko eledunak.

Orain hiru urte inguru Kenyak bere tropak Somaliara, Al Shabab taldeari aurre egitera, bidali zituenetik, tankerako eraso batzuk jasan behar izan ditu herrialdeak, batez ere mugatik gertu dauden eremuetan.

Segurtasunik ez Manderan

Manderako agintariek Nairobikoei leporatu izan diete muga ondoko eremuetako segurtasuna bermatzeko indar gehiago bidali ez izana.

Horixe zioen atzo Abdulahi Abdirahman Manderako batzarreko parlamentariak. Jakinarazi zuen hiriko agintariek askotan eskatu dutela segurtasun neurriak indartzeko. «Gobernuari eskatu izan diogu errepide horretako segurtasunari eusteko, baina ez digu jaramonik egiten. Gaurkoa saihestu zitekeen sarraskia izan da», esan zuen.

Kenyako beste muturrean dago Mombasa hiria, herrialdeko bigarrena, milioi bat biztanle ingururekin. Kenyako populazioaren %80 inguru kristaua bada ere, Mombasa inguruko eremuan biztanle gehienak musulmanak dira.

Kenyako Poliziak Mombasako lau meskita itxi zituen joan den astelehenean: Musa, Sakina, Minaa eta Swafaakoak. Segurtasun indarrek uste dute erdialdeko lau tenplu horietan Al Shabab taldearekin zerikusia duten muturreko sermolariak direla nagusi, eta bertan atentatuak prestatzen zituztela.

Poliziak jakinarazi du meskita horietan egindako miaketetan granadak, armak eta molotov koktelak ere aurkitu zituztela. Baita atentatuak nola egin azaltzen duten argibideak ere. Segurtasun indarrek 300en bat lagun atxilotu zituzten.

Mombasako meskiten aurkako operazioa makina bat eragilek salatu dute hirian bertan, muturreko gazte musulmanekin dagoen tentsioa areagotzen duelakoan.

Astelehenean bertan, Musa eta Sakinako meskitak itxi ondoren, gazte batzuek herritarrei erasotu zieten labanak erabiliz. Bost pertsona hil zituzten. Kenyako Poliziak 250 pertsona atxilotu zituen.

Aire erasoa

Kenyako Barne Ministerioak jakinarazi du Manderako sarraskiaren ondoren Al Shababen aurkako aire erasoa egin zuela atzo bertan. Gobernuak esandakoaren arabera, «erasotzaileen kanpalekua» suntsitu zuten Armadako hegazkinek eta helikopteroek, «hildako asko» eraginez.

Ustezko aire eraso horren inguruko bestelako informaziorik ez dute eskaini agintariek.