Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Argi gorriak pizten ari dira AEBetan

Duela bi aste Fareed Zakaria analista ospetsuak ipini zion letra («Estatu Batuen lekua hartzen ari da Txina») bere zutabean; baina doinua aspalditik dator. Egia esan, Zakariaren ikuspuntua ere ez da batere berria -urteak daramatza norabide bertsuan iritzia eman/ereiten-, eta haren ikuspegia jada AEBetako elitean itsatsita dago, Pentagonoaren azken eguneratzeek erakusten dutenez. Baina orain herritar oinezkoengana iritsi eta haren izaera aldatzen ari dela esango nuke: garai batean arreta zena, errezelo bihurtu zen gero, eta asaldura bilakatu da orain: «Txina gain hartzen ari zaigu».

Ondorengo bi urte hauetarako Obamak, etxean zein atzerrian, duen ahulezia gero eta nabariagoa eta, aldiz, Xi erakusten ari den atrebentzia (BRICSen burutzan, APECeko gailurrean, Asiako azpiegiturak eraberritzeko egitasmoetan...) alderatzean datza Zakariaren ikuspuntuaren giltza. Ez da aitortzen, noski, ifrentzua: Txinaren ekimen hedakor horiek, nagusiki, haren dirutza soberakinetan oinarritzen dira... oraintsu arte AEBetako zorra erosten xahutzen zirenetan. Buruhaustea, beraz, ez datza soilik baliabideen kontrolean eta mundu mailako influentzia geopolitikoan; finantzen galdara lehergarrian ere bada gorabeherarik. Edonola ere, argi dago krisiak oso ezberdinki eragin diela egungo munduko bi handienei. Eta horren gainean eraikiko dela etorkizuna.

Burutazio horiez geroztiko albisteek AEBetako stablishment-aren alarma biziro areagotu dutela apustu egingo nuke. Batez ere Nikaraguako Kanal erraldoiarenak. Duela bi urte Managuako Legebiltzarrak hura eraikitzeko ildo nagusiak onartu zituenean, mendeetako ameskeria gaurkotzea besterik ez zela zirudien, Panamako Kanalaren mendeurrenaren eta hedapen-lanen epelera. Berehala, ordea, Wang Jing hori agertu zen, bere HKND enpresa-taldearekin... 40.000 milioi dolarreko ekimena bere gain hartzeko prest zegoela ziurtatuz. «Varyag kasuaren» errepikapen biderkatuaren aurrean geundela pentsatzen hasi ginen eszeptikoenok ere. Orain iragartzen da aurtengo Gabonetan hasiko direla lanak Britoko portuan eta bost bat urteren buruan amaituta egongo dela Kanal berria.

Azpiegitura erraldoi honen ondorioak latzak izango direla diote ekologistek. Noski. Baina beste alor batzuetan latzagoak izango direlakoan nago.