Idoia ERASO
URRUÑA

Euskal zinema festibalak 3. edizioa beteko du Hazparnen gaurtik aurrera

 Euskal zinema festibalak 3. edizioa beteko du Hazparnen gaurtik aurrera
Euskal zinema festibalak 3. edizioa beteko du Hazparnen gaurtik aurrera

«Zinegin-en lehen urtean ongi harrituak izan ginen izan zuen harrerarekin. Iaz sala bete genuen eta jendea kanpoan ere geratu zen; aurten ere horrelako arrakasta izatea espero dugu», adierazi zuen Maialen Elosegi antolatzaile taldeko kideak. Eihartzea kultur etxeak eta Ttattola gaztetxeak elkarrekin sortu zuten ekimen honen «kimuetatik loreak sortzen hasiak dira».

Film luze, labur eta dokumentalekin batera hainbat «harribitxi eta bitxikeria» ere izanen direla azaldu zuten antolatzaileek. Besteak beste, «Ni Nüzü» irudirik gabeko dokumentala nabarmendu zuten, «proiektu izigarri berezia» baita. Zubereraz eginiko obra honetan «begiraleari dagokio irudiak irudikatzea» azaldu zuen Elosegik.

700 boluntario mugiarazi dituen filma aurkeztuko dute azaroaren 28an, «Sua». Eneko Aritzaren Lagunak elkarteko kideek zortzi urtez eramandako proiektua amateurren lanarekin gauzatu dela azalduz «herritarren ikuspuntutik egina» izan dela azpimarratu zuen Elosegik.

«Xalbador, izana eta izena», Eneko Dorronsorok Urepeleko bertsolariari buruz eginiko dokumentala, festibalean estreinatuko da. Azaroaren 30ean ikusgai izanen den lan horretan bertsolariaren familia eta ezagunak mintzo dira, haren bertsolari zein olerkari alderdiaz.

Donostiako Zinemalditik Zineginera eramanen dituzte «Loreak» eta «Ateak zabalduz» filmak. Azken hau lehen aldiz eskainiko da Ipar Euskal Herrian, eta zati batzuk gaztelaniaz direnez ingelesezko azpitituluak ezarriko dituzte.

«Euskarazkoak ez diren filmak emateari buruzko eztabaida luzeak izan dira, baina azkenean politika irekia hartzea deliberatu da», azaldu zuen antolatzaileak. Hori dela-eta frantsesez diren obrak ere ikusten ahalko dira, «Génération des autonomistes basques» dokumentala, esaterako.

Gaualdiak

Ikus-entzunekoaz gain, bestelako ekimenak ere badira Hazparneko zinema jaialdian. Horien artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Iratxe Fresneda irakasleak masterclass bat emango du «Asier Altunaren urratsetan» izenburupean, non zuzendari horren «Soroa» filmaren azterketa eginen duen.

Bi gaualdi ere eginen dituzte. Ostiralean performancea eginen dute Baionako bi DJ-k, Bretainiako Humungus kolektiboko lau margolarirekin batera. Larunbatean, Sleepers taldeak 1920ko «Dr Jekyll & Mr Hide» filma musikatuko du eta, horren karietara, Zonbie Gaua antolatu dute Ttattola gaztetxean.