Aitziber Pz. De Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Ahal dugu; berdin jarraitu

Diario de Noticias»-ek Podemoseko zuzendaritzako Ione Belarrari egindako elkarrizketa eta gero, Podemosek atzera egin behar izan du eta, Nafarroako Ahal Dugu zirkuluak eskatuta, hauteskunde osteko balizko hitzarmenak bertan erabakiko direla argitu du. Zuzenketak, ostera, ez die larritasuna kentzen zenbait baieztapeni.

Belarra Nafarroako Ahal Duguren ordezkaria ez denez, hainbat gai ez jorratzeko esatea zuen, taldea zein programa osatzear daudelako. Egunkari nafar batek nafarra zarelako elkarrizketa egiten badizu, bertakoaz galdetuko dizula susma daiteke eta Podemoseko kidearen erantzunek bi azalpen izan ditzakete: Nafarroaren gaineko erabateko ezjakintasuna edo Nafarroak estatu auzia izaten jarraituko duela. Biak, arduragabekeria hutsa.

Legebiltzarrean akordioak EH Bildu edo UPNrekin egingo ote lituzketen galdetuta, «edozeinek 180 graduko bira eman» beharko duela esanez maila berean jarri ditu urteak gobernatzen daraman Opuseko alderdia eta ilegalizaturiko aukera politikoak barne dituen koalizioa.

Orain arte jendartea politikoki parte hartzera ohituta ez dagoela eta Podemos horretarako metodoa eskaintzera datorrela dio Belarrak. Estatuan ez dakit, baina gurea mugimendu sozialen ekimenez margotutako jendartea da, eta zerbaitetan aritu bagara, politikan izan da, horretan jarduteagatik preso bukatu duten herritar asko izanik.

Espainola banintz, zirrara izango nuke Podemos fenomenoarekin, baina guk geometria propioa dugu eta nire forma izan gabe ere, marraz dezaten hemengoek gura duten zirkulua; zirkulua, bira eman eta puntu berera iristen den marra hutsa izan ez dadin.