Xabier IZAGA GASTEIZ

Gaztetxu, euskal dantzarekiko zaletasuna, 50 urte igarota

Berrogeita hamar urte joan dira Jose Mari Lopez de Elorriagak Gaztetxu dantza taldea sortu zuela. Euskal dantzarako zaletasuna sustatu nahi zuen, zaletasuna betidanik bazegoen ere, lokartuta sumatzen zuen eta. Zioenez, Gasteizen dantzari onak izan zitezkeen, baina ez zegoen horretaz arduratzen zenik.

Aprendizen Etxean lehenengo eta ondoren Manuel Iradier Txangolari Elkartean egiten zituzten entseguak. Taldea handituz joan zen, kopuruz eta sonaz. Izan ere, garai hartan Euskal Herri osoan izaten ziren Umeen Euskal Jaietan ezinbesteko taldeetakoa zen. Gainera, Jose Mari Lopez de Elorriaga gaita-jotzailea zenez, Arabako dantzak, Errioxakoak barne, dagokien musika tresnaz jokatzen zituzten.

1968an, Oldarki dantza taldeko zenbait kidek hartu zuten taldearen ardura. Hain zuzen, Oldarkiko dantzari eta, besteak beste, Gaztetxuko txistulari zen Jose Mari Bastida Txapi, Gaztetxuren historiaren gaineko oroitzapenok eskaini dizkiguna.

Ohiko agerraldiak ez ezik, hainbat dantza erakustaldi ere egin zituen taldeak Euskal Herriko antzokietan. 1970ean, Gaztetxuren ekimenez, Manuel Iradier Elkarteak Gasteizko lehen Umeen Euskal Jaia antolatu zuen.

Ume haiek koskortu egin ziren, ordea, eta taldeko kide nagusiek, beste zenbait dantzarirekin batera, Indarra taldea sortu zuten. Nolanahi ere, Gaztetxuk bere ibilbideari jarraituko zion urte luzeetan, eta gazte haiek nagusitu ahala, era berean, talde berriak sortuko zituzten, hala nola Etorki eta Ireltxu, edo Manuel Iradier Dantza Tailerra, Euskal Herrian zehar ez ezik, nazioartean ere arrakasta handia lortu zuena.

Duela 50 urte Gaztetxu jaio zeneko ilusio hark, beraz, bere fruitua eman zuen, eman zuenez. Hori dela eta, talde hartako kide izandako zahar-gazteek urteurren hori ospatuko dute hilaren 29an, larunbatarekin, hartarako egitarau xume baina mamitsua prestatuta. Egungo dantzari gazteen eta oro har gasteiztarren esker ona ere badute. Bejondeiela.