Ariane KAMIO

Makina-erreminta eta musika: urruneko munduak baina bateragarriak

Makina-erreminta eta musika, biak bat. Elkarrengandik oso urrun dauden elementuak badira ere, biak ala biak uztartuko dituzte bihar, ostirala, Elgoibarren egingo den emanaldi hirukoitzean. Hitzordua, Makina-erremintaren Museoan.

Ehun urte bete dira makina-erreminta Elgoibarrera heldu zenetik eta, oraindik ere, herriko jarduera ekonomiko garrantzitsuena da. Mendeurrenaren karietara, lan-jarduna eta sorkuntza artistikoa bateratu nahi izan dituzte «Kataiak» egitasmoan. Soinuak eta musikak izan ditzaketen antzekotasun eta bateratasunak jendaurrera eramango dituzte Elgoibarren.

Aitor Nova ikus-entzunezko horren ekoizlea orain urtebete jarri zen harremanetan Jagoba Astiazaran konpositorearekin. Aspalditik zeukan Novak makina-erremintaren inguruan sorkuntza berezi bat prestatzeko gogoa, eta aurten, ehungarren urteurrena dela-eta, ideia hori ondu eta prozesua abian jarri zuten biek. Urtebeteko lanaren ondoren, bihar ikusiko da azken emaitza, Elgoibarko Makina-erremintaren Museoan.

Ordu erdiko iraupena izango duten hiru emanaldi eskainiko dira, guztiak berdinak. Izan ere, museoaren edukiera mugatuak behartuta (150 lagun inguru sar daitezke) ikus-entzunezkoa hiru saiotan egingo dute (19.30/20.30/21.30). «Halako zerbait prestatu eta 150 lagunengana soilik iristea baino nahiago genuen jende gehiagorengana heltzea, eta hiru saiotan egingo dugu», azaldu du Astiazaranek berak.

Parte hartzaileen artean, Xare Laborategia (musikariak izango dira, saxoa, flauta, txeloa eta bi perkusio), Txaber Fernandez zuzendaria eta Iñigo Asensio arduradun teknikoa, besteren artean.

Performance antzekoak izango dira hiru saioak. Baina ez da ohiko musika kontzertu bat izango, joaten den orok ikusiko duena hartzeko prest egon behar duela ohartarazi du Astiazaranek.

Emanaldi bakoitza bi zatitan banatuko da. Lehenengoan museoko «bisita» bat egingo da. «Museoaren eguneroko lana ikusiko da, makinak martxan daudela. Museoak normalean jokatzen duen bezala jardungo du eta ibilbide horretan instrumentuak bateratuko dira museoko espazio desberdinak erabiliz», adierazi du. Ikusleek, hortaz, oinezko bisita bat egingo dute eta makinen hotsak eta instrumentuak bateratuta entzun ahal izango dituzte.

Bigarren zatian, ordea, musikari guztiak espazio zentralean kokatuko dira. Guztien artean obra berri bat sortuko dute eta atal horretan elektronikak berebiziko garrantzia izango du. «Zuzenean azaldu beharrean, makinak elektronika bidez egongo dira azalduta», esan du.

Astiazaranen aburuz, «esperimentazio kontua da hau. Hara joaten den jendeak ikusiko duena modu irekian bereganatu behar du. Ez da himno bat, ordu erdiko ikuskizuna baizik». Zer da, ba, orduan? «Musikarekin makinak imita daitezkeela erakustea da gure saialdia. Makinak bere musika propioa du, bere erritmo propioa, errepikapen propioak ditu eta bi esparru horiek nola elkartu da emanaldi horretako ariketa nagusia», agertu du.

Elektronikaren garrantzia

Astiazaranek emanaldiaren bigarren zatiari eman dio garrantzi berezia, elektronikak makinaren hotsa ordezkatzen duenekoari, hain zuzen.

Bera da «Kataiak» egitasmoko konpositorea eta emanaldi horietarako obra espezifikoak sortu ditu. Bereziak izango dira, baina; ohikotasunetik urrun diren piezak. «Ez dugu flauta bat doinu goxo bat jotzen entzungo. Flauta bat entzungo da, bai, baina momentu askotan ez da jakingo zein den flauta eta zein den makina. Hortxe dago jolasa», nabarmendu du.

Hala, musika instrumentuak entzungo badira ere, makinen efektua hartuko dute. «Ikusleak zuzenean ikusiko du zein instrumentu ari den momentu horretan jotzen, jakingo du instrumentuak direla, baina entzuten duena makinen hotsa izango da. Manipulatutako instrumentuak izango dira makinen hotsa irudikatzen dutenak», gaineratu du.

Musika eta soinua ez dira «Kataiak» egitasmoak uztartuko dituen elementu bakarrak. Argi mintzo da Jagoba Astiazaran nondik norakoak azaltzeko orduan. «Hasiera batean oso urrunekoak diruditen bi mundu dira, baina gero badirudi erraz elkartzen direla». Musika eta makina-erreminten hotsa ez dira izango, ordea, emanaldiak bateratuko dituen elementu bakarrak.

Are gehiago. Elektronikak izango duen garrantziaz aparte, ikus-entzunezkoak ere emanaldiaren zati garrantzitsu izango dira. «Hiru proiekzio izango dira; bat lurrera begira eta beste bi altuera zehatz batean», adierazi du.

Horrez gain, museoan ezarriko den agertokian beste hainbat elementu teknikok are konplexuago egingo dute azpiegitura eta Astiazaranek arduradun teknikoaren lana bereziki azpimarratu du. Iñigo Asensio izango da alor horren arduraduna.