Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

SGAEko lehendakari izan naiteke

SGAEren gutuna jaso berri dut, demokrazia miresgarria, eta erakundearen lehendakaria izan naitekeela argitu didate, bi hizkuntzetan eta modu adeitsuan. Ardura horretara aurkezteko formularioa ere bidali didate gutunarekin batera. Aitortzen dizuet erantzuteko tentazioa dudala, tentazio handia: Morau SGAEren lehendakari! Hori bai iraultza eta ez Podemosena, emadazue zuen boto isilpeko, arduratsu eta aurrerakoi hori.

Baina jakina, ireki ditut begiak, ikusi dut ene bisajea ispiluan eta, alajaina, puxika zulatu baten moduan urrutiratu da espejismoa, pffffiiiiiiiiii egiten, erabat haizerik gabe geratu eta lurrera erori den arte, txof! Bale, izan errealista, eta orain EHn eratzen ari diren egileon eskubideak kudeatzeko agentziako lehendakaria bihurtzeko aukera banu? Orduan zer?

Hori posible izan daiteke, zergatik ez, kide egin, lan batzuk erregistratu, edo agian, SGAEn erregistratuak ditudanak hona ekarri, hori posible baldin bada (horretarako gogo faltarik ez). Hauteskunde batzuetara aurkeztu, konpetentzia gutxiago, eta to! EKKI agentziaren lehendakaria, zergatik ez? Haize kolpe batek puxika puztu du, hogei zentimetro egin du gora eta, txooof! Baina bueno, nora hoa Morau!

Estimatzen dut SGAEren demokrazia parte-hartzailearen zentzua, paperez betetzen didate postontzia. Ahalegin itxaropentsua izan daiteke EKKIrena, nahiz eta publikoki ezer gutxi azaldu duten funtzionatzeko moduaz. Baina ez dadila izan nongotasuna bi elkarte hauen arteko ezberdintasun bakarra, bestela uste dut ene lehendakarigaitza preziatua beste zerbaitetarako erabili beharko dudala, bizilagunen elkarteko lehendakari izateko, adibidez.