GARA ZIZURKIL

Beste zulo bat agertu da AHTren lanetan, Hernialde eta Zizurkil arteko zatian

AHTren lanek beste zulo bat eragin dute, oraingoan Zizurkilen. Euskal Trenbide Sareak azaldu zuenez, luizi batek lau metroko sakonerako eta bost metroko zabalerako zulo bat sortu zuen tunel batean.

Euskal Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi zuenez, Hernialde-Zizurkil zatian lur-jausi batek zulo «txiki» bat eragin zuen herenegun arratsaldean. Zati hori Hernialde, Anoeta, Asteasu eta Zizurkilgo lurretatik pasatzen da. Ibilbide osoak 5.870 metroko luzera du; horietatik 5.030 metro tunelak hartzen ditu eta beste hiru, zubibideak.

ETSk emandako informazioaren arabera, tunelaren sabaian hamar metroko estalgarria zegoen lekuan gertatu zen, eta iristeko leku erraza izanik, berehala estali zuten.

Zizurkilgo alkate Joxe Mari Luengok GARAri kontatu zion zerbait jakin zuela herenegun eta atzo goizean ETStik deitu ziotela gertatutakoa azaltzeko. «Mugimendu askoko» lurra dela eta hormigoiz tapatu dutela agertu zioten. Oraingoz, behintzat obrak astelehenera arte gelditu dituztela ere esan zioten, segurtasun arrazoiengatik. Halere, ez duela inork minik hartu nabarmendu zuen ETSk.

«Kontuz ari dira, segurtasun handiarekin, leku hori ezegonkorra dela ikusi dutelako. Motel doaz lanak», adierazi zuen Luengok. «Ur asko dago eta lurra mugitu egiten zen. Materiala ere ez da oso ona», gaineratu zuen.

Lanak bukatzen ari zirela eta justu amaieran hondoratu dela obra azaldu zuen alkateak. Atzo eguerdirako jada estalita zegoen zuloa, hormigoiz betea, baina nabari zen zerbait gertatua zela.

Anoetako tunela

AHTren zati horretan bertan beste luizi bat gertatu zen urrian, Anoetako tunela eraikitzen ari diren lekuan izugarrizko zuloa sortu zuena. Orduan ere obrak gelditu behar izan zituzten. Ez zen inor zauritu eta halako gertaerak «ohikoak» direla adierazi zuen Lakuak.

Luizia joan den urriaren 7an gertatu zen Hernialde eta Zizurkil artean egiten ari diren abiadura handiko trenbidearen lanetan; zehazki, Anoetako tunela eraikitzen ari ziren lekuan. Aste batean 3.000 metro kubiko lur atera zituzten.

Maiatzean, aldiz, Zumarragako lanak eten zituzten, 28 metroko luizi baten ondotik. AHTren tunelik luzeenean izan zen erorketa (5,5 kilometro ditu) eta langileek azaldu zutenez, gutxigatik ez zuen lanean ari zen pertsona talde bat harrapatu. Lantokira zihoazela, gelditu egin behar izan zuten kamioi bat tuneletik ateratzen ari zela-eta. Erorketa orduantxe gertatu zen, metro gutxira.