Ariane KAMIO DONOSTIA

Jon Arretxe: «Afrika zati bat hemen dago; liburuak haiek hobeto ulertzen lagunduko du»

Gazteei zuzendutako bigarren liburua kaleratu berri du Jon Arretxek. «Beti iparralderantz» izenburupean, Afrikako ipar-mendebaldeko errealitatea parez pare irekitzen die irakurleei.

Hamazazpi urte eta gero, gazteen literaturara hurbilketa egin du berriro Jon Arretxek (Basauri, 1963). Bigarren hurbilketa da «Beti iparralderantz» (Erein), «Harresi handirantz» hura ondu zuenetik.

Bidaietako kontakizunak ohikoak dira bere liburugintzan eta kasu honetan ere estilo berari eutsi dio. Afrikaz jardun izan du beste zenbaitetan; oraingoan ere harantz jarri du begirada. Migrazioak eta Afrika. Bi ikuspegiak bateratu ditu gazteei zuzendutako lan berrian.

Drissa du protagonista. Hondoan, Mali. Ogi bila iparralderantz, Europara, joandako aitaren tokia hartu du etxean. Bi neba-arreba txikiekin eta amarekin bizi da. Eta Afrikako lurralde askotan ohi denez, bera da etxeko biziraupenaren erantzuleetako bat. Euskal Herritik dirua bidaltzen du aitak, baina hori nahikoa ez eta Drissak «flashak» saltzen ditu azoketan. «Oso arrakastatsuak dira han. Ura, azukrea eta kolorantea nahastuta saltzen dira. Hemen ere jaten genituen, eta uste dut oraindik badirela», adierazi zuen Arretxek.

Aitaren berri izateari utziko diote bat-batean. Ezinegona sortuko du horrek Drissarengan eta bere bila joatea erabakiko du. Apenas baliabiderik gabe, iparralderantz bidaia abiatuko du mutikoak.

Bidean, Afrika parez pare zabalduko dio irakurleari Arretxek. Mali bera, Aljeria, basamortua, Maroko eta, azkenik, Estatu espainola.

Ez da irakurketa hutsala izango. Herrialdeetako gatazkak, Saharakoa, esaterako, jendeak, kulturak, ipuinak, esanak... Lurralde horietan Arretxek berak ezagututakoekin egiten du gazteenganako hurbilketa.

Egoera gordinak tartean

Adiskidetasun istorio bat da idazle basauriarrak dakarrena, baina tartean Afrikako herrialde zenbaitetan ohikoak diren egoera gordinak ere txertatu ditu.

Kasik oharkabean bada ere, prostituzioa da jorratzen duen gaietako bat. «Drissaren ama, diru falta dela-eta, prostituzioan ariko da. Haurrak ez dira, ordea, horretaz ohartzen. Oso jatorra den gizon aberats batengana joaten dira, aitaren mezuak internet bidez ikustera, amak eta berak beste gela batean te bat hartzen duten bitartean», adierazi zuen.

Aita bilatzeko bidaian, umezurtz geratutako neskato bat izango du bidaide. Hark ere etxetik aldentzeko hautua egina du, osaba batek saldu egin nahi duelako.

«Nahiz eta egoera krudelez ari, ez da irakurketa biolento bat izaten», esan zuen.

«Errealitatetik asko du lanak» Arretxeren aburuz, batez ere egungo gai asko aipatzen dituelako. «Europarrak nola aprobetxatzen garen Afrikaz, Melillako harresia, nola heltzen diren hara...», zehaztu zuen.

Bere ustetan, «Afrika zati bat gure artean dago eta elkarbizitzera kondenatuta bagaude, liburu honek haien kultura eta izaera hobeto ezagutzen lagunduko du».

Bere liburua ez dator bakarrik. Aurretiaz idatzitako eleberrietan ere lagun izan duen Cristina Fernandezen ilustrazioekin batera dator. Kasu honetan, irakurlea kokatzen lagunduko duten mapa eta marrazkiekin josten da kontakizuna.

«Harresi handirantz»-en bezala, kasu honetan ere noranzko bera mantendu du. «17 urtetik behin idazten dut umeentzat. Hurrengoa, 17 urte barru idatziko dut», esan zuen Arretxek broman.