Joseba Azpeitia eta Alazne Olaizola
Zestoako alkate ohiak
KOLABORAZIOA

Osinbeltz, irtenbide duin bat

Sinesgarritasuna dago jokoan eta, beste hainbat kasutan bezala (AHT, Pasaiako Superportua..), proiektu faraoniko eta interes ekonomikodunen gainetik, gure herriaren etorkizuna proiektu jasangarrietan oinarritu behar dela garbi erakutsiko da

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zestoako Osinbeltz harrobian kokatu nahi duen hondakin geldoen biltegia dela-eta, Zestoako Udalean aurreko legealdietan ardura politiko ezberdinak izan ditugunok ondoko hausnarketa egin nahi genuke.

Hasteko, harrobiaren ustiaketak hamarkadetan Zestoako herriari eginiko kaltea azpimarratu behar da. Jakina denez, azkenean, herritarren borrokari esker, harrobia ustiatzeko lanen lizentzia bertan behera utzi zuen Udalak eta badira urte batzuk leherketak amaitu zirela.

Halere, naturari eginiko zuloak hor jarraitzen du eta degradatutako eremuaren berreskurapena harrobiaren ustiaketarekin onura ekonomikoak jaso dituen enpresaren gain egonda ere, honek ez du egindako kaltea konpontzeko inolako asmorik agertu eta, beste askotan lez, enpresa pribatuek egindako kaltea guztion diruarekin konpondu ezean, paisaiari urteetan eginiko zauriak hor jarraituko du.

Harrobiaren ustiaketa amaitu bezain laster, udal arduradunon urteetako kezka nagusietako bat eremuaren berreskurapena izan da, eta proiektu ezberdinak burututa badaude ere, Zestoako Udalak aipatu proiektuen gauzapenari inondik inora ere ekonomikoki ezingo lioke aurre egin. Eta aurre egiteko aukera izanda ere, zuloa betetzeko adina material eskuratzeko zailtasunak gaindiezinak lirateke.

Gauzak horrela, Gipuzkoan garatu den hondakinen bilketa sistemaren ondorioz, aukera bat sortu da. Birziklatu ezin den zabor domestikoa, Zubietan eraikiko den goi teknologiadun planta batean tratatu ondoren, konpostaren moduko hondakin geldo, hots, inolako aktibitate biologikorik gabea, bihurtuko litzateke. Honek, ez luke, ez kiratsik, ez lixibaturik, ez eta inolako animalia edo organismo bizidunik erakarriko. Hau baieztatzeko, arrazoi zientifiko ugari ditugu eskueran, eta Europa erdialdean, nagusiki Alemania eta Austrian, urteak daramatzate teknika honekin hondakinak kudeatu eta eremu degradatuak berreskuratzen.

Gure ustez, behingoz Ertxin mendiaren magala bere onera ekartzeko benetako aukera baten aurrean gaude. Estatuan eta Europa hegoaldean burutuko den lehenengoetako proiektu aurrerakoiena litzateke eta honek gure herria mapa berdean koka lezake. Batetik, atez ateko zabor bilketa sistemari esker lortu ditugun emaitzak aintzat hartuta eta, bestetik, harrobiak hamarkada luzeetan ingurumenari eginiko kalteari, hondakin geldoak erabiliaz, irtenbidea emanaz.

Erraustegiaren proiektua bertan behera utzi izana eta Gipuzkoan lortzen ari garen birziklatze neurriek garbi erakusten digute zero zabor bidean hondakin politika jasangarri bat posible dela. Hain zuzen ere, 2004an Zestoan burutu zen herri galdeketan, hondakinak erraustean oinarritzen zen sistemaren aurka bozkatu zuten herritarren %91k, garbi adieraziaz ez zutela inolako errauskailurik nahi, ez herrian eta ez inon. Garai hartako Foru Aldundiko agintariek, berriz, pantomimatzat jo zuten %60tik gorako partaidetza izan zuen galdeketa. Gaur da eguna orduan agintari zirenak oposiziotik herri galdeketa eske aritu direna. Garai hartan jarri zen martxan errausketa baztertu eta hiri hondakinak kudeatzeko eredu berriaren hazia.

Bestalde, egia da oraindik ere lan asko dagoela egiteko eta Gipuzkoako herri asko daudela birziklatze maila oso apaletan. Gure ustez, guk sortutako hondakinen birziklatzea ezin da borondatearen baitan utzi eta, zentzu horretan, Foru Aldundiak edo kasuan GHK-k, birziklatze tasa baxuak dituzten herriei neurriak ezarri beharko lizkieke. Hondakinak guk sortzen ditugunez, horien kudeaketa jasangarriak obligaziozkoa izan behar du.

Azkenean, erabakia herritarrena izango da, eta ireki asmo den prozesu parte hartzailean, balizko proiektua hobetzeko herritarrengandik eginiko ekarpen guztiak (neurri zuzentzaile eta bermeei dagozkienak) ongi etorriak izango dira. Kasu honetan ere, gaiak hartu duen kutsu politikoa ikusirik, zentzugabeko alarmismoa sortzen saiatuko dira batzuk. Gogoratu, herrian hondakinen bilketa sistema berria martxan jarri aurretik, sekulakoak eta bi entzun behar izan genituela. Gaur da eguna, sobera demostratua gelditu dena bilketa sistema egokia eta eraginkorra dela.

Eragin ekonomikoari dagokionez, Zestoa herri txikia izanik, bertan hondakin geldoen biltegia eraikitzeak sortuko lukeen ekarpena oso garrantzitsua izango da. Desjabetzearekin Udalak jasoko lukeen zatia Osinbeltzeko eremu berreskuratuan aisialdirako gune zabal bat gauzatzeko erabil daiteke. Eta GHK-k tona bakoitzeko ordainduko lukeen kanon ekonomikoak herrian hain beharrezkoak ditugun azpiegitura egokiak eraikitzeko balioko luke.

Ondorioz, Osinbeltz berreskuratzeko aukera duinaren aurrean gaude eta urteak lanean daramatzaten adituen arabera, hondakin bizigabeak ez du inolako usain eta kalterik egiten ahal. Sinesgarritasuna dago jokoan eta, beste hainbat kasutan bezala (AHT, Pasaiako Superportua..), proiektu faraoniko eta interes ekonomikodunen gainetik, gure herriaren etorkizuna proiektu jasangarrietan oinarritu behar dela garbi erakutsiko da. Harrobia gelditzea herritarrontzat onuragarria izan zen bezala, honen berreskurapena ere halaxe izango da, beti ere herritarrek horrela erabakitzen badute bederen.

* Juan Jose Odriozola, Nerea Goikoetxea, Joseba Alberdi eta Arrox Etxabe zinegotzi ohiek ere sinatzen dute idatzi hau.