Ariane KAMIO DONOSTIA

Unai Elorriaga: «Indarkeriak asko markatu gaitu eta gure bizitza bideratu du»

Errealista dator Unai Elorriaga «Iazko hezurrak» lanarekin. Genero nahasketa baliatu du, nobela, ipuina, kronika eta saiakera ere izan daitekeen obra berrian. Erdigunean, Irene Arrias eta indarkeria, biolentzia bere alderik pertsonalenean. Obsesioraino eraman du bere pertsonaiaren bitartez harilkatzen duen 44 urtetako ikuspegi sintetizatua.

Bost urte behar izan ditu Unai Elorriagak (Algorta, 1972) kaleratu berri duen lana ontzeko. Gai sakona du ardatz; indarkeria. Eta horren inguruko gogoeta da «Iazko Hezurrak» (Susa) liburuan aurkezten duena. Liburua esan daiteke, ez baitu berak ere eleberri gisa ikusten. Askotariko generoak erabili ditu obra horri biribiltasuna emateko. Badu narratiba nobeleskotik, baina kronika, ipuin, kontakizun historiko eta saiakeratik ere elikatu da.

Biolentzia eta bere agerpenak dira oinarrian Elorriagak darabiltzanak. Analisi pertsonal horretarako Irune Arriasen irudia darabil. Pertsonaia jaiotzen denetik 44 urte betetzen dituen arteko tartea hartu du kontakizunerako. 1971n abiatzen du liburua, Algortan girotuta, eta 2015ean ematen dio amaiera.

Lau kapitulu denera. Haurtzaroa, gaztaroa, helduago den garaia eta amaierakoa, non ondorio berezi batzuk sortuko diren bere izaera propioan.

Izatez indarkeriari asko erreparatzen dion emakumea da Irene. Arakatu ere egiten du biolentziarekin lotutako oro. Obsesioa da.

Urtarrilaren 25a. Irene amaren barnetik irten berri da. Ugandan, Idi Amin Dada jeneralak estatu kolpea eman du.

Amaren bularrean jarri dute Irene aurrenekoz. Ugandan ere, Milton Obotek Armadako buru guztiak hil ditu.

Kiribila osatzen du idazleak. Ireneren bizitzako mugarrietan indarkeria gertaerak txertatzen ditu espiral baten moduan. «Ez dizkiot irakurleari gauzak erraz jartzen», esan zuen Elorriagak.

Ez ditu nazioarteko argazkiak bakarrik ekarri. Euskal herrietako -«letra xehez idatzita»- jazoera biolentoak ere eraman ditu liburura. ETA, GAL, BVE, Guardia Zibila... «Irenek Algortan ikusten duenaren sintesi bat egin dut», azaldu zuen.

Eta euskal herrietatik, nazioartera. Ikuspuntua zabalduz doa, Europara, Amerikara, Asiara eta Ozeaniara iritsi arteraino.

Tokiko indarkerian jarri du fokuetako bat. Bigarrena, Ruandan. «Hain indarkeria mota diferenteak baina berdinak daude...», tamaldu zen.

44 urtetako bizitza da Elorriagak 376 orrialdetan zehar kontatzen duena. Ezinezko lana espazio horretan urte horietako guztietako indarkeriari toki ematea. «Ezin da azken 44 urteetako indarkeria guztia bildu. Sintesi bat egiten saiatu naiz», aitortu zuen.

Bere iritziz, agintariek gizarteari sinetsarazi nahi diote biolentzia salbuespenekoa dela, «baina indarkeria beti egon da, gu jaio aurretik ere, leku guztietan izan da», ohartarazi zuen.

Bere bizimoduan «funtsezkoak» diren aferei buruz idatzi izan du Elorriagak, eta indarkeria ere zaku berean dela nabarmendu zuen. «Denok ditugu lagunak espetxean, hildakoak... Arrazoitzen hasi ginenetik dakigu zer den indarkeria. 10 urte nituela eskolatik etxerako bidea egiten nuen lagun batekin eta politikaz eta indarkeriaz hitz egiten genuen. Indarkeriak asko markatu gaitu eta gure bizitza ere bideratu du», gaineratu zuen.

Indarkeriari buruzko gogoeta da berea, baina ez du horrekin ondoriorik bilatu edo atera nahi izan. «Ahots gorako gogoeta bat da, batzuk oso pertsonalak», azpimarratu zuen.

Astoa, txakurra, hezurra

Bost urte eman ditu Elorriagak lanari biribiltasuna ematen eta, denbora horretan, joan-etorri ugari izan ditu lanak. Lanak baino gehiago, izenburuak.

«Iazko hezurrak». Nondik ote? «Refranes y sentencias» bizkaierazko esaera zaharrak biltzen dituen liburuan aurkitu zuen honakoa: «Iazko asto hilak, aurten lurruna»; hots, egindako okerkeriak ez direla alferrik gertatzen, ez direla oharkabean pasatzen.

Hortik, «Asto hilak», lehenengo aukeratu zuen izenburua. «Astoak konnotazio asko ditu, ordea, eta ez nengoen ziur barruan zetorrena ondo islatzen ote zuen». Hortik, beraz, aldaketa. Astoetatik txakurretara.

«Ruandako sarraskiak milaka hildako utzi zituen. Zailtasunak zeuden gorpuak lurperatzeko eta, bitarte horretan, zakurrek jan egiten zituzten. FPRk, orduan, zakur guztiak akabatu zituen gorpurik desager ez zedin. 1996an ez zen bakar bat ere geratu». Eta hortik bigarren izenburua.

Txakurrek ere badute esanahi ugari euskal gizartean, nahiz eta Elorriagak dioen gazteek ez dutela horrelakorik ezagutzen. «`Txakurra' hitzak guretzat duen konnotazioa ez da existitzen egungo gazteen artean», argitu zuen. Hortaz, hori ere baztertu eta azkenik argitaratu berri duen «Iazko hezurrak» izenburuarekin geratu zen.

Kontakizun zinez errealista plazaratu badu ere, Elorriagak aitortu du fantasiarako joera baduela. «5-6 orrialdeetan `ihes' egin dut», esan zuen.