Ramon SOLA
Salbuespeneko espetxe politika

27 urteko zigor ankerra atzean utzi du Ernagak

Jaendik Mezkiritzera itzuli da Joxepa Ernaga. Baliteke munduan, Mendebaldean behintzat, berak beste denbora espetxean emandako beste emakumerik ez izatea. Guztira 27 urtetik gora eman ditu preso, erdia bakartze moduluetan eta ia denbora guztia etxetik mila kilometro ingurura: Puerton, Badajozen, Murtzian, Malagan... Bere historia espetxe politikaren adierazgarri da, baita sakabanaketa politika ezarri aurretikoa ere.

1987ko irailaren 5tik atzoko egunera arte 27 urte, hiru hilabete eta hamabi egun igaro dira. Datua nabarmendu ez bada ere -segur aski zapore mikatza duelako-, baliteke Joxepa Ernaga mezkiriztarra izatea denbora gehien espetxean eman duen emakumea, munduko txoko honetan behintzat, eta agian baita Mendebalde osoan ere. Kartzelaldia luzea bezain gogorra izan da gainera: muturreko bakartze eta urruntzea gainditu behar izan ditu Ernagak, atzoko lehen orduan senide eta lagunez inguraturik Jaenen kalea aske zapaldu zuen arte.

Euskal Herrian ez da hainbeste denbora espetxean eman duen emakumerik (Ines del Riok eta Inma Noblek 26 urtena eman zituzten, «Parot doktrina» delakoa ezabaturik geratu zen arte, baina Estrasburgoko epai horren ondoren ere ez zuten askatu Ernaga). Europan ez da horrelako beste kasurik. Alemaniako Baader-Meinhof erakundeko militante ezagunenei bizi arteko zigorrak ezarri zizkieten, baina ez zuten gero kartzelan hainbeste denbora eman: Birgit Hogefeldek, esaterako, hiru bizi arteko zigor pilatu zituen baina 18 urte izan zen preso (2011 arte); Eva Heulek, 21 urte eman zituen espetxean (2007an askatu zuten).

Amerikan, askotan aipatua izan da Lolita Lebron Puerto Ricoko independentziaren aldeko militantearen kasua, berea kartzelaldi luzeena izan dela ziurtatuz. Garaiko Ameriketako Estatu Batuetako presidente Harry S. Truman hiltzen saiatu izana egotzita espetxeratu zuten 1954an. Mende laurden egon zen preso, eta, gero, nazioarteko kanpaina zabal baten ondorioz, indultua eman zion Jimmy Carter presidenteak 1979an. Hil arte tinko jarraitu zuen Lebronek bere herriaren burujabetzaren alde lanean; 2010ean hil zen, 90 urte zituela.

Balaz zauriturik eta 1.052 kilometrora

Hasiera-hasieratik oso bortitza izan da Joxepa Ernagaren espetxealdi ikaragarri luzea, balaz zauriturik sartu baitzuten kartzelan. Bartzelonan gertatutako atxiloketan bizkarrean tiro egin zion GEO talde berezietako kide batek. Bertsio ofizialaren arabera, «hil ala bizikoa ez zen gorputzeko toki batera egin zitzaion tiro, ustezko terroristak poliziakideei tiro egin ez ziezaien. Bala gibelean sartu zen, baina ziztu bizian erietxera eraman zuten».

Hipercorreko atentatua dela-eta zigortu zuten Ernaga, ETAren «Bartzelona komando» ezaguneko beste zenbait kiderekin batera. Hasieran Carabanchelen izan zuten gatibu, baina gero urrunago bidali zuten eta geroztik beti etxetik 700 kilometro baino gehiagora kokatutako espetxeetan izan da: Badajoz, Murtzia, Puerto de Santa Maria, Malaga, Granada eta, azkenik, Jaen.

Bereziki latza izan zen Puerton 1993tik aurrera pasatako denbora. Pirinioen magalean kokatutako Mezkiritzetik 1.052 kilometrora dago espetxea, baina urruntzeari muturreko bakartzea eta beste hainbat eraso gehitu zitzaizkion. Esaterako, lo egiterik izan ez zezan gauez argia ez ziotela itzaltzen eta janaria bandeja zikinetan ateratzen ziotela salatu zen 1999an. Ernagak ez zuen gimnasiora eta liburutegira joaterik, eta espetxeko ekitaldi orotan parte hartzea debekatuta zuen. «Hileak pasa ditzake inoren ahotsik entzun gabe, kolorerik ikusi gabe, eskailera bakar bat igo edo jaitsi gabe», azaldu zuen Etxeratek. 2005ean, jada Jaenen zela, ama hamabost urte ikusi gabe zeramatzala jakinarazi zuten senideek. Erroibar, Aezkoa eta Orreaga inguruan bere aldeko plataforma osatu zen, besteak beste bertako apaizburuak biltzen zituena. Nafarroako Legebiltzarrean ere salatu zen bere egoera.

Ordurako jadanik aske behar zuen Joxepa Ernagak, zigorraren hiru laurdenak beteta baitzituen, baina atzora arte luzatu da azkenean bere gatibualdi ankerra. Ehun biztanle baino gutxiago dituen bere herrian, Mezkiritzen, ekitaldia egin zuen Herrirak duela ia hiru urte, jada espetxean 25 urte bete behar zituela gogorarazteko. Orain bai, etxean da, espetxe politikaren gogortasunaren lekuko bizia.