Arantxa Manterola
Kazetaria
IKUSMIRA

Bakoitzak bere erritmoak, ados... baina dantza berean

Lagun frantses batek maiz esaten dit euskaldunok endogamiak jota gaudela. Halako erabateko baieztapenari beti aurre egiten diot, gure inguruabarrarekin zer ikusia duten hamaikatxo arrazoi tarteko, joera hori nonbait normala ere badelako. Alta, neurri batean -eta bera aurrez aurre ez dudanez- arrazoi duela aitortu behar dut. Ñabardura eta argudio ugari mereziko lukeen eztabaidan ez naiz sartuko, gaurkoan ez bainaiz beste herriekiko dugun jarreraz ari, gure arteko endogamiaz baizik.

Duela urte batzuk urrats sendoak egin ziren euskal lurraldetasunaren inguruan euskaltzaleen eta abertzaleen artean. Bere akats eta gabeziekin, herri bat eta bakarra garela jabetzeko eta Euskal Herrirako ente politiko burujabea lortzeko bidea urratzen hasteko baliagarriak izan ziren pauso haiek. Geroztik, jazoeren bilakaerari eta tokian tokiko egoera bereziei egokitzen joan dira lan ildo orokorrak. Hala, izan Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian edo EAEn, bakoitzak bere erritmoen araberako dinamika eramateko hautua egin da.

Beldur naiz, ordea, batzuetan dantza berean ari ote garen, hau da, norberaren bidezidorretan joatearekin batera egin behar dugun bidetik aldetzen ari ez ote garen. Orain gutxi Eneko Bidegain irakasleak bere dezepzioa agertu du datorren urteko ekainerako Gure Esku Dagoren ekimena soilik Hego Euskal Herriko hiriburuetan burutuko delako. Ahalegin batzuk egin omen dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberora ere hedatzeko, baina, nonbait, ez da posible izan. Bere ustez, Bidasoaz bi aldekook gero eta urrunago gaude hainbat alorretan eta nik ere askotan inpresio bera dut. Bakoitza berera joaten dela, alegia.

Beharrik, noizbehinka pozteko ekimenak ere izaten diren, aste honetan bertan Baionara zenbait esparrutako gorabeherak zuzenean ezagutzeko jindako Oñatiko «jubilatu gazteena» bezalakoak. Izan ere, endogamiaren alde ezkorrari aurre egiteko elkar ezagutza baino antidoto hoberik ez dagoelakoan nago.