Lander GARRO
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Bi hitz demonioaz

Askotan galdetu diot nola egiten ote duen gizon batek bestea makilaz jotzeko. Zeren eta bai behar baita konexio neurologiko espezifiko bat horretarako: berez gaizki dagoena, une horretan, norbaiti, zuzena eta egokia irudi diezaion. Kontu logikoa da, ordea, guztiok mundu berean bizi garenez eta ia eskola berdinetan ikasi dugunez, jotzen hasten den horrek badituela bere jokamolde ziztrina zuritzeko baliabideak. Fedez eta kontzientziaz egiten ditugu gauzak, baita izugarrikeria handienak ere (bereziki hauek). Deigarria egiten zait polizien kasua. Zeren eta biolentzia beste norbaiten aginduetara erabiltzen dute. Ezberdina da norberaren erabakiz, edo besteek esanda. Baina akaso errazagoa da. Botereak zuzentasunaren eta ordenaren logika ezartzen ditu. Eta logika horren alde lan ideologiko handia egiten du gainera. Lan ideologikoa ez da inoiz «gu horrelakoak gara eta besteak halakoak, baina guztiok merezi dugu errespetua». Ez. Lan ideologikoa da arerioari bere giza kondizioa nola edo hala ebastea. Estigmatizazioa. Sacco eta Vanzetti, komunistak, Nikaragua, Irak, Fidel Castro, Txeroki. Kasu guztietan berdin funtzionatzen du makinak. Oroitu ezazue Ortuzarren aste honetako «los fachas vascos». Ez da alferrik ari, terrenoa prestatzen ari da. Lehenik higuinaren eta beldurraren mamuak berpiztu behar dira, gu garena eta haiek direna ongi bereiziz; hori lortuta, gizarteak dena ulertuko du: makilak, kateak, itzalpea. Berdin dio zer den gezurra eta zer den egia. Berdin dio dena pankarta batengatik den edo zergatik den. Premisa bat dago, eta hura betearazteko aldarte egokia sortu behar da gizartean. Eta sortuta dagoenean, zas!, polizia bidali, lana amai dezan. Jendeak galdetzen du: «Zergatik ari dira hain gogor?». Makilakada bakoitza ideologia hutsa da: «Ez dira gizakiak, abereak (fachas) dira: umilia itzazue denek ulertzeko moduan».