Ariane KAMIO DONOSTIA

Donostia Kulturak hartuko du Olatu Talkaren ardura nagusia

Trantsizio garaia abiatu du Donostia 2016 egitasmoak Olatu Talkaren antolakuntzari dagokionez. 2017an jarraipena izango duen jaialdia denez, bi urte lehenago hasi dute «botere aldaketa». Hurrengo edizioaren ardura nagusia Donostia Kulturak hartuko du jada.

Olatu Talkaren seigarren edizioaren antolakuntza lanak abiatu dituzte dagoeneko. Datorren maiatzaren 29, 30 eta 31n, sorkuntzak hiri osora jauzi egingo du, aurreko urteetan gertatu moduan. Donostia 2016ri lotutako jaialdia bada ere, izaera propioa hartu duen bidea egin du azken urteetan eta, hortaz, 2016tik aurrera ere jarraipena izango duen hitzordua izango da. Orain arte, Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean bultzatutako ekimena izan bada ere, 2015eko edizioko eskumen nagusia bigarrenaren gain geratuko da. Halaxe argitu zuten atzo Okendo Kultur Etxean egindako agerraldian.

Trantsizio garaia abiatu dutela agertu zuen Pablo Berastegi 2016 egitasmoko zuzendari nagusiak. Zehazki Kultur Ekintza zerbitzua izango da jaialdiaren lidergoa hartuko duena.

Esku hartze gutxiagorekin izango bada ere, Donostia 2016ko taldeak hainbat arlotan lantaldearen parte izaten jarraituko du, egitasmoa finantzatzen eta ekarpenak egiten, batez ere.

Trantsizio horren aldaketen artean, Olatu Talkaren egoitza aldaketa ere badator. Aurrerantzean Okendo Kultur Etxean (Nafarroa Etorbidea, Gros) izango dira.

Bertatik kudeatuko dituzte 2015eko ediziorako jasotzen diren proposamenak. Izan ere, irekita dago dagoeneko sortzaile, eragile eta hiritarrentzat ekarpenak egiteko epea.

Berrikuntzak

Olatu Talka ez da Donostiako erdialdean soilik ospatu den jaialdia. Auzoetara ere zabaldu izan da aurreko edizioetan. Baina, aurrerantzean, erdialdetik kanpoko eremuetan presentzia areagotzea izango da berrikuntzetako bat. Besteak beste, hori da Donostia Kulturaren barneko Kultur Ekintza zerbitzuak jaialdiaren antolaketa bere gain hartzeko erabakiaren arrazoietako bat. Kultur Etxeen kudeaketaren eta koordinazioaren ardura daraman unitatea da eta, hartara, auzoetako ekintzen dinamizazioa erraztuko dela nabarmendu zuten atzokoan.

Aurreko edizioetako arrakasta ikusirik, aurtengoan ere dimentsio eta mota desberdinetako eragileen eta jardueren arteko elkarlanak eta lankidetzak bilatuko dira, diziplinartekotasuna sustatze aldera.

Jasotako proposamen guztien artetik, kontratatutako artista eta sortzaileekin elkarlanean aritzeko egokienak direnak aukeratuko ditu lantaldeak.

Proposamenak bidaltzeko epea irekita dago, datorren otsailaren 19ra arte.