Nerea GOTI BILBO

Lau emakume eta lau gizon, Miribillan saio onena egin eta txapela janzteko prest

Lau gizon eta lau emakume igoko dira taulara zapatuan Miribillan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan garaile ateratzeko asmoz. Gehienek «gogotsu» eta «gorputzaldi onarekin» doazela onartu zuten atzo. Irabazleari txapela jarriko dion Kristina Mardaras iurretarrak aurreratu zuenez, saioa «emozionantea» eta anitza izango da, eta baliteke Bizkaiko txapelketa aurrenekoz emakume batek irabaztea. Lagun giroan, txapela zertarako behar duen aitortu zuen batek.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako prest dago dena. Lau emakume eta lau gizonez osatutako zortzikotea heldu da hitzordu nagusira: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihane Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Atzo Bilbao Arenako bertako prentsa aretoan azaldu ziren komunikabideen aurrean, bertsozaleen ilusioak berotu eta egun handira begira zelan dauden eta zein helbururekin doazen azaltzeko.

Ondoan, Kristina Mardaras iurretarra izan zuten, bera izango baita irabazleari txapela jarriko diona. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Mardarasek plazan emandakoa eta egindako «lan isila» aitortu nahi izan du, eta iurretarrak «ohore» bat dela onartu zuen. Finalaren atarian, etziko saio «emozionantea» izango dela aurreratu zuen. «Txapelketa ederra ikusi dugu orain arte eta uste dut saio borobila izango dela», nabarmendu zuenez.

Mardarasen hitzen ostean, Etxahun Lekue izan zen lehena barrukoa askatzen. «Saio on bat egiteko gogoz» joango da Miribillara. «Gorputzaldi nahiko onarekin» dago, finalerdi ona egin ostean, eta esan zuenez, asmoa du «semifinal horretan emandako maila berriro finalean emateko». Adierazi zuenez, «behin hori lortuz gero, datorrena datorrela».

Orain dela bi urte baino «ilusio handiagoarekin» ikusten du bere burua Onintza Enbeitak. «Seguruenik bertsolaritzaz kanpoko arrazoiengatik, baina askoz hobeto, hankak lurrean asentatuta», adierazi zuen. Onartu zuen, bestalde, «horrekin ez duela ezer esan nahi», baina «lujoa» izango litzatekeela Kristina Mardarasen eskuetatik txapela jasotzea.

Ondoan zuen Iratxe Ibarrak Lekuek jo zuen bide beretik adierazi zuen finalerdi ona egin duela, eta gorputzaldi onarekin heltzen dela finalera, baina «jakina, eguna datorren moduan» datorrela eta agian «sufritu» beharko dutela.

Finalera begira hartutako estrategiaren pista eman zuen bakarra Fredi Paia izan zen. «Gogotsu» dagoela esatez gain azaldu zuen «#Josi» Bizkaiko Txapelketako aurtengo leloa entzunda, gogora ekarri ziola zapatariaren haur abesti ezaguna. Kantaren estribilloa hartuta: «kolpe, kolpe, kolpeka; josi eta josi, josi eta josi», zapatuan horretan ahaleginduko dela esan zuen.

Arkaitz Estiballesen «helburuetako bat» behintzat «buruz burukora pasatu ahal izatea, eta ondoan tokatzen zaigun lagunarekin lehiatzea» da, adierazi zuenez. Lagun giroan txantxarako tartea hartuz, etxez aldatu dela esan zuen, eta horma handia ez dutela betetzen bere bi txapelek.

Finalaren atarian lau emakume eta lau gizon daudela nabarmendu zuen galdakoztarrak, baita erdal hiztun gehien dauden eskualdeetako lau bertsolari daudela finalisten artean ere, eta Bilbo aldeko bi lehenengo aldiz.

Finalaurrekoan baino lasaiago

Jone Uriak «beti finalaurrekoan baino lasaiago sentitu» ohi dela aipatu zuen, eta zapatuan horrela izatea espero du. Onintzak eta Iratxek egun ona ez badute, bera ahaleginduko da, esan zuenez, «Kristinari aukera ematen Bizkaiko lehenengo emakume txapeldunari txapela jartzeko».

«Gogoz egoteaz gain, pozik» dago eta «saio on bat egiteko gogoz» joango da Miribillara Oihane Bartra. Bilbotarrak nabarmendu zuenez, bere lehenengo finala izango da. Urte askoan horren atarian geratu ostean, aurten, «erdi sufrituta» baina zortziko taldean sartzea lortu du.

Xabat Galletebeitiak ere onartu zuen «pozik» doala Bizkaiko final handira. «Niretzako, azken finean, sari bat da dagoeneko hemen egotea eta saiatuko naiz neu ondo pasatzen eta hori transmititzen», esan zuen taula gainean egingo duen lanaz. Onartu zuen zaila izango dela final osoan zehar ilusio hori transmititzea, baina esan zuenez, «ondo pasa eta ondo pasaraztea lortzen badut, horrekin pozik egongo naiz».

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zenbait gomendio zabaldu zituen zaleentzat. Garraio publikoa erabiltzeko deia egin zuten, Bilbora heltzeko ohiko bideak erabiliz, eta metroan etorrita, Alde Zaharreko geltokian geratu eta Unamuno atetik irtenda.

Antolatzaileek jakinarazi zutenez, Miribillako ateak 16.00etan zabalduko dituzte, eta garaiz hurbiltzea gomendatzen dute.