Asier Imaz
LABeko Industria Federazioko idazkaria
KOLABORAZIOA

Pertsonak eta enplegua oinarri, geroa borrokatu

Teknologian, inbertsioan oinarritutako industria behar dugula esan bai, baina ez da inbertsioan eta balio erantsiari begirako inpultso politikorik ikusten

Listo, sustoa pasatu da, krisia pasatu da, hazkundea heldu da, dio Eusko Jaurlaritzak. Eskerrak gobernuei, eskerrak erreformei, hemendik aurrera enplegua sortuko delako eta denon artean berreskuratuko dugulako krisi gaiztoak kendu digun bizi kalitatea. Hori da behin eta berriz gobernu ezberdinek eta medio nagusienek errepikatzen dutena. Konfiantza, lasaitasuna eta gobernu ekimenei babesa ematea eskatzen da.

Aurrekontuak ikusita, aurreko aurrekontuen logika errepikatzen dutela ikusita, ematen du ez dagoela emergentzia egoerarik, ez dagoela pobrezia neutralizatzeko erabaki politikorik hartu beharrik. Aurrekontuak ikusita edo dena konponduta edo dena konpontzear dago, baina ez dago arazorik.

Eusko Jaurlaritzaren ahotan arazo bakarra da ez dugula egoera berria ikusi nahi. Betiko lez, badirudi nahiago dugula pankarta baten atzean zarata egiten egon. Pankarta baten atzean ez dugulako erantzukizunik bereganatu behar. Are gehiago, normaltasun hori irudikatzeko markoak eratzen direnean, Elkarrizketa Sozialerako mahaia adibidez, kanpoan geratzen gara erosoago gaudelako. Eskerrak CCOO eta UGTri, eskerrak EAJri, eta bereziki eskerrak Confebaski herriari egiten dion ekarpenagatik.

Baina hau bukatu da? Noiz bukatu da? Non bukatu da? Negurin beharbada, baina gure herrian lanpostuen suntsiketa aurrera doa, eta lana dutenen artean lanpostua galtzeko beldurrak agintzen du. Gure herria lanpostu bila ditugun seme-alabek ere osatzen dute, beraz, hau guztia ez da normala.

Guk, langileok, eta lanpostu bila gaudenok ez dugu argazki horren inongo argi izpirik ikusten. Gure inguruan enpresa handi eta txikiek ateak ixten dituzte oraindik. Gobernuak gureak herri industriala izan behar duela badio ere, betiko enpresa industrialek ateak ixten jarraitzen dute eta industriaren pisuak ekonomian, azken 30 urteotan bezala, behera egiten jarraitzen du. Batzuetan deslokalizazioengatik, beste batzuetan energia kostuengatik edota finantziazioa lortzen ez dutelako, enpresek ateak ixten jarraitzen dute. Denon aurrean. Baita Urkullu, Aburto eta Tapiaren aurrean ere.

Teknologian, inbertsioan oinarritutako industria behar dugula esan bai, baina ez da inbertsioan eta balio erantsiari begirako inpultso politikorik ikusten. Dibidendoaren logikak agintzen du. Kapital handiak agintzen du. Gutxi batzuen epe motzeko irabazien espektatibek agintzen dute. Ez da enplegua sortuko enplegua suntsitzeko ate guztiak irekita dauden bitartean.

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan eta Estatuan egiten den apustu ekonomikoa berdina da. Bietan lan kostuen merkatze prozesu iraunkor batean oinarritutako eskaintza ekonomikoa egiten da. Bietan euskal langileriari bizkarra ematen dion apustua egiten da. Lan kostuak agintzen du.

Abenduaren 20an hainbat langilek urtea agurtuko dugu enpleguaren eta sare produktiboaren alde mobilizatzen. Bizi proiektu duin baten alde borrokatzen. LAB, ELA eta ESK sindikatuek deituta gatazkan dauden hainbat enpresatako langileak enplegua babesten eta sustatzen duen egiazko politika industrial baten alde mobilizatuko gara Gasteizko kaleetan. Asko dugulako esateko, asko dagoelako egiteko.

Candyko langileentzat negoziaketa epea bukatzear dago eta enpresak deslokalizatuko dela esaten jarraitzen du. Gasteizko ECN Cables enpresak bezala. Multinazional biek harro adierazten dute gehiago irabazi nahi dutela eta horretarako badoazela hemendik. TS Fundicioneseko langile asko langabezian daude, baina beraien enpresa berriro ere irekitzeko eta enplegua sortzeko borrokan jarraitzen dute. Laminaciones Arreguikoek epaitegietan irabazitako ebazpen bat dute enpresa behartzen duena espedientea bertan behera uztera eta langileak berriz hartzera. Hau da langileek bizi duten benetako errealitatea eta horregatik irten nahi dute kalera. Berriro ere diogu: asko dago egiteko.

Abenduaren 20an enpresa hauetako langileak gatazkan dauden beste askotakoekin batera mobilizatuko gara Gasteizen, bai multinazional basatiek bai gobernu neoliberalek inposatu nahi diguten enplegu suntsiketa egoerari aurre egiteko. Elkarrekin mobilizatzeko arrazoi bakarra behar dugu: kaleratzerik ez eta alternatiban sinistea, alternatiba borrokatzeko hautua egitea.

LAB, ELA eta ESK sindikatuek osatzen dugu gehiengoa enpresa multzo honen komite ezberdinetan. Gure sail sindikal ezberdinek bermatzen dute ez zaiola enplegu suntsiketari babesa emango. Gure sail sindikalek bermatzen dute borrokan eta alternatiban sinesten duten langile guztientzako borroka eskaintza bat, kaleratzeei aurre egiteko bide bat.

Tapia sailburuak esan du Candy bideragarria dela, ECNk ez duela deslokalizatzeko arrazoirik... orduan zergatik eskatzen zaie Gobernutik langileei indemnizazioak adostea? Enplegua eta industria suntsitzen laguntzea? Hau da agintari politikoen kategoria herriak bizi duen egoeraren aurrean, errealitatea estali kapitalak nahi duena egiteko.

Abenduaren 20an alternatiban sinesten duen langile, langabe, jubilatu, gazte guztiok Gasteizen zita bat daukagu. Enpleguaren alde, benetako politika industrial baten alde, herriaren alde.