GARA DONOSTIA

Espetxe-zigor eskaerak Periko Solabarria, Ernaiko zazpi kide eta Topatu.info-ko batentzat

Fiskaltzak eta AVTk 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute Periko Solabarria eta Topatu.info atariko kide batentzat, eta bi urtekoa Ernai gazte antolakundeko zazpi lagunentzat. Gazte Danbadan eta Ernairen webgunean «terrorismoa goratzea» leporatzen zaie.

Auzitegi Nazional espainolak bi auziak batu zituen eta Xabier Lopez Peña eta Angel Figeroaren heriotzen ostean egindako adierazpenengatik «terrorismoa goratzea» egozten diete gazteei. Bestalde, Topatu.info-ko kidea Gazte Danbada jaialdiaren barruan burututako ekitaldi politikoari buruz informatzeagatik pasa zen Eloy Velasco epailearen aurretik beste bi lagunekin batera.

2013ko irailean izan ziren Madrilen deklaratzen eta orain jakin da fiskaltzaren eskaria.

Egoera «ulertezina»

Topatu.infok atzo bere atarian azaldu zuenez, Gazte Danbadari buruz informatzeagatik hiru kazetari izan ziren inputatuak. Horietatik biren aurkako akusazioa kendu du fiskalak, eta hirugarren kidearentzat, ordea, kartzela zigorra eskatu.

Kideen eta gainerakoen auzipetzeak salatu eta egoera «ulertezina» dela iritzita, gazte mugimenduak egiten duen lanari ahotsa modu zintzoenean ematen diotela defendatu dute.