GARA

Zabalgana auzoan hirugarren ikastetxea eraikiko dute

Gasteizko Zabalgana auzoan Haur eta Lehen Hezkuntza eskainiko duen hirugarren ikastetxea eraikiko dute. Hala iragarri zuen atzo Lakuako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Azpiegitura Planaren Jarraipenerako Batzordeak. Biziguneak gaur egun dituen beharren gaineko analisia egin ondoren hartu zuten erabakia arduradunek, batez ere etorkizunerako auzoan aurreikusten den hazkundea aintzat hartuta.

Lakuak gaur jakinaraziko dizkie Zabalganako gurasoen elkarteei analisiaren xehetasunak, elkarte horietako kideekin izango duen bileran. Era berean, proiektu berria amaitu bitartean, eta abian dauden beste biak burutu arte, Urkulluren exekutiboak hartuko dituen behin-behineko neurriak ere helaraziko zaizkie.

Era berean, Gasteizko Udalarekin harremanak abiarazi ditu Hezkuntza Sailak, ikastetxe berria eraikiko den orubearen aukeraketaz eta lagapenaz aritzeko.

Aurreikusitako epeak betez, Haur eta Lehen Hezkuntzako Mariturri ikastetxea eraikitzeko lanak aurrera doaz. Halaber, aurki lizitatuko dira Bigarren Hezkuntzako Zabalgana Institutua eraikitzeko lanak. Proiektua hezkuntza komunitatearekin partekatua izan zen.