Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Elebakartasun sindromea (I)

Eleanitza izatea sekulako pribilegioa iruditu zait beti, inoiz ez arazo edo kalte. Egoera politikoak gurasoak, Euskal Herrian diktadura garaian jaio eta hazi ziren hainbat bezala, elebakar bihurrarazi zituen. Haiek ez zuten seme-alabek patu bera izaterik nahi. Txikitatik hizkuntzak ikasteko zaletasuna piztu zuten neba-ahizpongan.

Elebidun suertatu ginen horren ondorioz, eta eskolak hirugarren hizkuntza bat ezagutzearen aukera eskaini zigun. Hizkuntza aniztasunak ez dit inoiz nortasun arazorik eragin. Aitzitik, elebakartasunaren sindromearen ajetik libratu nauela uste dut. Halako sindromerik existitzen zenik ez nekien baina, orain dela zortzi urtera arte, patuak elebakartasunaren erreinura eraman ninduen arte. AEBetara, alegia.

Bitxia da herrialde horretan gertatzen dena. Teorian, hainbat hizkuntza hitz egiten dira AEBetan. Praktikan, hizkuntza bakarra bultzatzen da: ingelesa. Berez, ez da harritzeko moduko datua. Mendebaldeko nazio-estatuaren ereduari jarraituz, «herri bat hizkuntza bat» leloa da nagusi AEBetan, eta hura bete egiten dute azken muturreraino.

Kontua zera da, «herria» ez dela batere homogeneoa, eta gaizto jarrita esango nuke ingelesa ez dela jatorrizko hizkuntza, «herria» sortu zen lurraldean beste hizkuntza batzuk hitz egiten zirelako (baina ingelesa orain bada lurralde horretako hizkuntzetako bat). Herritarren gehiengo baten irudimenean baina, ingelesa da AEBetako hizkuntza, bakarra eta benetakoa. Ez galdetu beste hizkuntzarik hitz egiteko gai diren. Zertarako hizkuntza gehiago jakin, bota zidan behin ikasle batek, ingelesa ari denean munduan nagusitzen?