Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Kubatarren garaipena

Eraso neoliberal inperialistaren aurrean herrien subiranotasuna ezinbesteko tresna da, herrien arteko elkartasunaz lagundu behar dena. Oinarrizko botererik gabe, nola bizi gaur egungo munduan? Subordinazioaren kontra, geure bidea har dezagun

Urrats historikoa egin du Kubak inperialismoaren kontrako borrokan. Ez da blokeoaren bukaera, baina hamarkadetako joera irauli da eta beste haize batzuk nagusi daitezke oraindik aurrera.

Dakigunez, Kubarendako hagitz kaltegarria izan zen Sobietar Batasunaren erorketa, Gerra Hotzaren ondorioek kolpatzen segitu zutelako, laguntza handia galtzen bazuen ere. Urte latzak pasatu dituzte, blokeoak egoera are larriagoa bilakatu duelarik. Kubatarrek larrutik ordaindu zuten Berlingo Harresiaren erorketa, kapitalismoak historiaren bukaera ospatzen zuen bitartean.

Historiak jarraitu du, ordea, eta ezkerra eta mugimendu askatzaileak berpiztu dira munduko hamaika bazterretan. Honi esker, Kuba ez da bakarrik gelditu, erasoa erraldoia izan bada ere. Tinkotasunak ondorioak ekarri ditu eta inperioak hainbat joera aldatu behar izan ditu, ezin izan duelako Kubako herria menperatu.

Urrats berriak egin dituzte AEBek eta Kubak eta, esanguratsuki, subiranotasunaz eta independentziaz hitz egin da. Kubako Gobernuak irakurketa argia egin du: subiranotasunaren defentsak garaipen handia lortu du, irlaren independentzia bermatzeko bidean. Munduko bazter guzietatik iritsi dira jite bereko mezuak. Inperialismoak herrien independentzia urratzen du eta horregatik, subiranotasunaren aldeko borroka inperioen kontrako jarduera izaten da aunitzetan.

Mezu hauekin ados dauden asko, berriz, haserretuko lirateke nazionalistak deituz gero. Nazionalistak beste batzuk direla esanen digute, irentsi eta zabaltzen dutelako nazionalismoa deitoragarria dela. Eta erantsiko dute kosmopolitismoaren izenean aurre egin behar zaiola nazionalismoari.

Era guzietako nazionalismoak dira, eta Kubarena, inperio guziei aurre egin nahi diegun beste herriona bezala, askatzaile eta eraldatzailea da. Eta, jakina, nazioaz, herriaz, estatuaz, subiranotasunaz eta independentziaz mintzo gara. Nazionalista direla ukatzen dutenek erabiltzen dituzten hitz berdinak baliatzen ditugu, baina guk ez dugu irentsi, ezta zabaldu nahi ere, nazionalismoaren inguruko zurikeria.

Eraso neoliberal inperialistaren aurrean herrien subiranotasuna ezinbesteko tresna da, herrien arteko elkartasunaz lagundu behar dena. Oinarrizko botererik gabe, nola bizi gaur egungo munduan? Subordinazioaren kontra, geure bidea har dezagun. Kubako independentistek, oraingoan ere, ikasgai ederra eskaini digute: subiranotasuna indar oroz defenditu behar da!