Maider IANTZI
Kronika | Don Boscoko IKASLAB laborategia

3D inprimaketa: irudika badezakezu, egin dezakezu

Esku baten protesitik dron batera, mila gauza inprima daitezke hiru dimentsioan, eta, irakasleek dioten bezala, harritu eginen ginateke halako makina batekin ikasleek egin dezaketenarekin. Enpresei ere zabaldu die aukera Don Bosco institutuak, tresnak eta formazioa doan eskainiz, hasten ari den «iraultza industrial eta sozial» honen parte izan daitezen laguntzeko.

Pasaiako portutik kasko batean ikusten den Don Bosco institutua saltsa guztietako perrexila da. Elektronikako Departamenduak Ikaslab laborategia muntatu zuen justu orain urtebete, eta ordutik hona egin duen bidea izugarria izan da, teknologia bezain azkarra.

Bertan aditzen den soinuak josteko makinena ekarri digu burura. Inprimagailu batzuk martxan dira, kapaz kapa piezak osatzen. Bat esku bat ari da sortzen, protesi bat. Ikasleak «E-nabling the future» mundu mailako proiektuan parte hartzen ari dira. Joan den astean izena eman eta aste honetan jada iritsi zaie bi lagunen protesi eskaera eta eurentzako eginen dituzte propio. Ekainean Gurutze Gorrikoekin batera jai solidarioa egin zuten institutuan eta pertsonen kontrako minek kaltetutako lagunentzako protesiak aurkeztu zituzten. Egitasmo irekia denez eta atzean komunitate bat dagoenez, sei hilabetetan sekulako aurrerapena izan da eta benetako eskua dirudi orain.

Don Boscok zerbitzua eskaini nahi die enpresa txiki eta ertainei, laborategian dituzten 3D tresnak utziz (zazpi inpresora eta bi eskaner) eta debaldeko formazioa ere emanez. Bi ikastaro antolatu dituzte, bat urtarrilean izanen da eta bertzea ekainean, eta interesa dutenei lehenbailehen izena ematea gomendatzen diete. Hauek dira kontaktuak: jc.lizarbe@fpdonbosco.com eta a.celaya@fpdonbosco.com.

Helbide hauen atzean ezkutatzen diren Elektronikako irakasleek, Carlos Lizarbek eta Ander Celayak, hainbat enpresatako kideak hartu zituzten ostegunean. Mahai baten inguruan jarri eta aurkezpenekin hasi ziren: denetariko jendea zegoen, dronak egiten dituen Donostiako Sqadrones enpresako kideetatik bizilagunek 3D inprimaketaren berri eman ondotik jakin-minez gerturatutako herritarrarengana. Tartean zeuden Errenteriako Teknika, Gureak eta Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako lagunak. Batzuk erabiltzaileak dira jada; bertzeak asmo horrekin hurbildu dira.

Gizarteratzeak dakar garapena

Lizarbek azaldu zuenez, 3D inprimagailuekin erantsiz edo gehituz fabrikatzen da, hau da, deus ez dagoen lekutik sortzen da pieza, eta hori kontzeptu berria da. 25 urte dira patentatu zela, baina ez da guregana ailegatu orain dela gutxi arte. Lehen bizpahiru enpresak zuten patentea eta hagitz garestia zen, baina 2009an gauzak erabat aldatu ziren patente bat iraungi eta mugimendu sozial bat sortu zenean. Material merkeekin inprimagailu izugarri garestiek egiten zuten gauza bera egiteko gai zen makina bat diseinatu zen. Elektronikako irakasleak agertu zuen teknologia gizarteratzearen ondorioz gertatzen ari dela garapena.

Irakasleak eta ikasleak teknologia honen hartzaileak dira, baita enpresak ere (bertzeak bertze ikasleak hartu behar dituztelako), eta ez da ahantzi behar jendartea. Zerbitzua emateko, Don Boscoko Ikaslab beraren ondotik bertze hainbat etorri dira, bereziki Gipuzkoan, sare bat osatuz: Irungo Bidasoan, Donostiako Erason, Eibarko Armerian, Bergarako Miguel Altunan...

Don Boscon, oraingoz Elektronikako ikasleak barneratu dira, baina departamentu guztietako irakasleek jaso dute formazioa eta Automoziokoak lanean hasi dira. Denbora kontua izanen da gainerakoek bideari ekitea.

Aplikazio posibleez hausnartu zuten ostegunean bildutakoek, pasio handiz denek (batzuek jada «engantxatuta» daudela aitortu zuten): batek kontatu zuen emaztea podologoa dela eta barne zolak egiteko balia daitekeela; bertze batek dentistek dagoeneko moldeak egiteko erabiltzen dutela... Ideiak, aukerak, borborka daude denak, hasiera baita eta bide bat baitago deskubritzeko. Tresna honek ahalbidetzen duen gauzetako bat esperimentatzea da, kostu handietan sartu gabe, eta Ikaslabek hori nahi du batez ere, berrikuntza eta sormena lantzea. Zerbaitengatik agertzen da honako esaldia Ikaslabeko atea zeharkatzean: «Irudika badezakezu, egin dezakezu».