Amagoia MUJIKA
Kronika | Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Fredi Paiak oholtzan arima utzi eta trukean txapela eraman du

Estilo propioa eta oso markatua dauka denerako. Baita txapela janzteko ere. Belauniko itxaron zion Kristina Mardarasi oholtza gainean, pozik, airean kasik. Fredi Paiak arima utzi zuen atzo oholtzan, eta bueltan txapela eraman zuen etxera. 901 puntu balio zituen txapela.

Fredi Paiak kantatzen duenean bertsozaleak ipurdia pixka bat goratzen du aulkitik, nahigabe, ezustekoa espero duelako, kolpea, sekula ez dakielako nondik aterako den, eta gaiari inork ikusi gabeko punta ikusten diolako Fredik. Hasierako agurrean esan zuen, «...ta gaur zazpigarren aldiz borrokara burugogor/ irabazi ala galdu arima ematera nator». Frediren kantatzeko modua horixe da, arima ematen du. Apustu arriskutsua, oso ondo edo oso gaizki atera daitekeena. Atzokoan Miribillan ondo atera zitzaion, biribil. Grazia bereziz jantzi zuen txapela bezain biribil. Izan ere, Fredi oholtzako animalia da, gozatu egiten du agertokian, eta gozarazi. Zuzen iristen da entzulearengana eta bueltan maitasun asko jasotzen du. Besoak zabalik itxaron zion Kristina Mardarasi oholtza gainean. Belaunikatu egin zen Mardarasek txapela jantzi ziezaion. Esandakoa, oholtzako animalia, basatia izatearen edertasun eta harritzeko gaitasun guztiarekin.

Hauxe, txapeldunaren eskaintza: «Barkatu Txato, Aratz ta Arkaitz, heriotzaren krudela/ barkatu Manex, Orkatz, Lexuri gaur ondo irten zait kartzela/ barkatu ama, Xabier ta Itxaso ta nire lagun tropela/ kanposantuan zin egin nuen aitarentzat da txapela/ berarengaitik asko ikasi ta jarraitzen dut horrela/ hiru urte joan zinela/ ta hala ere hemen zaudela/ eta euskeraz eskeintzen dizut gure artean ez bezela/ itsas gizonen zeruan ziur ikasiko zenuela».

Kristina Mardarasek hunkituta jantzi zion txapela Fredi Paiari eta bi bertso kantatu zituen. Esana zuen ilusio berezia egingo ziola emakume baten burua loratzea, baina atzokoan, txapeldun berria bai, baina gizonezkoa. Hala ere, Kristina Mardarasek lehen aldiz jendaurrean kantatu zuenetik asko aldatu da panorama. Ikusi besterik ez atzoko argazki parekidea, aurreko finalekoa bezala.

Bitan bezala jantzi zuen txapela Fredik. Estiballesekin batera buruz burukora pasatu zela jakin zuenean dagoeneko txapeldun sentitu zen, galtzeko ezer eta irabazteko asko zuela, eta tenple horrekin josi zuen saioaren azken txanpa. Kartzelako lana apartatzekoa izango zen. Gaia: Eskua eman diozu.

Frediren lehen bertsoa, hauxe: «Poteoan edan baitut Atlantiko ozeanoa/ urdindu da zirrotiko nire gibel tiranoa/ gibel berri bat behar dut organo gazte sanoa/ pertsona lasai batena, kirolaria, abstemioa/ belar-jale, jogalari, mistiko, monogamoa/ beti entzuten duena musika gregorianoa/ beldur bat badut nirekin eta azaltzera noa/ lehenago heldu leikela elizako organoa». Bigarren eta hirugarren bertsoetan bizitzen segitzeko borroka irudikatu zuen, eta honela amaitu: «aupa heriotz zelan zabiz hau nire logela motza/ aurkari ona izan zara eman eskua heriotza».

Fredik atzo jantzitako txapela bere anaia Xabik jantzi zuen 2006. urtean. Datu garrantzitsua da, familia berean Bizkaiko bi txapeldun baitituzte.

Estiballes, bigarren

Arkaitz Estiballesek azkenean ez zuen jantzi Bizkaiko txapela hirugarrenez. Akatsik gabeko saioa egin zuen, distira uneekin eta erregular. Eta saioan barna bitan abestu zuen txapeldunaren ahotik, artean txapelik gabe. Batean gaiak hor kokatu zuelako eta bestean bera hor kokatu zelako. Azkenean, baina, puntuek Fredi aupatu zuten. Buruz burukoa polito josi zuten bien artean, konplizitate handiz eta umoretik bereziki. Kartzelakoan, beretik abestu zuen Estiballesek, ondo. «Berriz txapela irabazi dut nago ezin sinistua/ urduri nago poz-pozik nago eta nekeak hustua/ berriz eskua ez emateak badu bere arriskua/ bertso elkartean subentzioen alarma dago piztua/ beste aldetik herri honetan egin dugu apustua/ jendeak jo du txistua, nik tragatu dut listua/ eta hor dator makilarekin kopeta nahiko belztua/ ta eman diot orain sei urte eman ez nion eskua».

Azkenean, saio txukuna josi ostean, bigarren tokia Estiballesentzat, 874,5 punturekin.

Pankartak eta animoak

Miribillan giro bikaina sortu zen. Kasik 4.400 lagun bertso gosez eta, batez ere, festa gosez. Pankartak denetarikoak eta denentzat. Berotasuna eta biribiltasuna gozo jarritako aretoan. Zalerik builoso eta sutsuenak, dudarik gabe, Xabat Galletebeitiarenak izan ziren. Atsedenik gabe animatu zuten Xabat, bai berak abesten zuenean eta baita besteek abesten zutenean ere. Isilune gehienetako oihua bihurtu zen «aupa Xabat!».

Puntuazioan hirugarrena Etxahun Lekue izan zen. Egia esan saio txukuna josi zuen, baina tartean poto bat joan zitzaion eta horixe arantza akaso. Azkenean 512 puntu pilatu zituen. Hamarreko txikian Iratxe Ibarrarekin batera osatu zuen ariketa izan zen arratsaldeko gailurretako bat. Bi maitaleren azalean sartu zituen gai-jartzaileak. Izarapean ibili eta gero, Etxahun beti presaka etxera. «Zara nire barrena sutan jarteko gai/ baina ezin geratu zu noiz itzartuko zai/ zugaz egon gura dot neu be enago lasai/ etxean dagoz Leire, Mikel eta Unai/ andrea ez dot maite baina umeak bai». Iratxek oso ondo eutsi zion ariketa horretan, eta bien artean gai bati punta desberdinak nola atera erakustaldia eman zuten. Iratxe Ibarrak (zazpigarren 478 punturekin) txapelketa uzteko asmoa agertu zuen azken agurrean. Eta dotore agurtu zen bertsozaleaz, hurrena plazan elkar topatuko direla esanez.

Sailkapenean laugarrena Oihana Bartra izan zen. Bere lehen finalean, sufritu baino gehiago gozatu egin zuen bilbotarrak. Ideietan oso fresko, benetan saio ona josi zuen. Zortziko nagusian Iratxe Ibarrarekin egokitu zen. Iratxek gaiari ez zion ondo eutsi eta arrastaka eraman zuten akats hori biek ariketa guztian barna. Baina akatsak akats, arratsaldeko lehen unetik erakutsi zuen Bartrak freskotasuna, gaiei punta ateratzeko gaitasuna eta ahots propioa erakusteko grina. Azken bakarkakoan, Melillako hesia zeharkatzeko ahaleginaren berri eman zuen: «Aspaldi nago ni pobrezian eta kalean botata/ lehengo astean familia erdia erdi goseaz hil jata/ mundua daukat nik nire aurka eta hain nago desesperauta/ arin egin nahi dot hanka/ nik bizi dodan egoera hau ezin dot luze aguanta/ segundu danak pasau ahala nire bizitza joata/ gabaz emon nahi neuke pausoa/ nahiz eta izan peligrosoa/ hesia gura dot salta/ galtzeko ezer ez daukat ta».

Bosgarren tokian, Jone Uria. Akatsik gabeko saioa, baina akaso distirarik gabekoa. Uriak eman dezakeenaren zatitxo bat baino ez zuen eman. Egia da, hala ere, berriz garbi erakutsi zuela ertzik gabeko gaiei punta ateratzeko daukan gaitasuna. Eta azken bakarkakoan, lehen bertsoan, ideiaren batek alde egin zion sentsazioa izan genuen.

Hala ere, esanguratsua da puntuazioa, lau puntu eta erdiren aldean sartu baitziren bost bertsolari, saioan zehar izan zen parekotasunaren seinale zalantzarik gabe. Eta Jone Uria hortxe ibili zen, puntan eta erori gabe.

Joneren atzetik, Onintza Enbeita. Hasi eta bukatu erori gabeko saioa egin zuen Enbeitak. Eztarria lotuta sumatu genuen hasieran, lasaiago saioan zehar eta berriz lotuta azken bakarkakoan. Baina, korapilo eta guzti, bakarkako ederra utzi zuen: «Lanetik urten beste batzukaz kontua eta zikina/ eta poltsotik belarriraino telefonoan rinrina/ nik maite zaitut baina beste bat daukat etxean jakina/ baina prestau dot gaur be biontzat txoko bat gozoa fina/ alper-alperrik psikologotan egindako ahalegina/ baietz esan dot eta hor noa realitate gordina/ alper-alperrik gaur be egin dot hanka sartzea bardina/ nahiz eta jakin plazera baino handiago dala mina».

Zazpigarrena, lehen esan bezala, Iratxe Ibarra. Finaletan beteranoa da Ibarra, ofizio handiko bertsolaria, tenple neurtukoa. Atzo ere bere maila eman zuen eta elegante agurtu zen txapelketaz.

Eta, zortzigarrena, txalotuena, aupatuena eta mimatuena, Xabat Galletebeitia. Bere lehen finala zuen eta zale sutsuenak berak ekarri zituen Miribillako plazara. Zortziko handian oso lotuta hasi zuen saioa, eta beldur pixka bat sentitu zuen plazak gehiegitxo sufrituko ote zuen. Baina hasierako arantza ondo atera zuen hamarreko txikian Arkaitz Estiballesekin egindako lanarekin. Hauxe, gaia: «Zuen buruaz beste egitea erabaki duzue. Elkarrekin sartu zarete autoan eta gasa arnastuta nahi duzue bukatu. Arkaitzek itxaroteko esan dizu». Galletebeitiak eta Estiballesek elkarrekin erakutsi zuten nola atera gai zail bati distira, nola egin umorea hasiera batean izugarria zirudien gai batetik.

Arkaitzek bigarren bertsoan pixka bat itxaroteko eskatu zion, zigarro bat erre behar zuela. Eta Xabatek: «Nire kotxe barruan ezin da erre aizu/ keak egiten baitit niri enbarazu/ honaino heldu gara zu ta ni jo ta su/ Bizkaiko txapelduna jada ez zara zu/ bizitzeko arrazoirik ba ote daukazu». Eta maila beretik segitu zuten ariketa guztian barna.

Oso berandu bukatutako finala bizia izan zen orokorrean, zortzikoteko bakoitzak jarri zuen bere sinadura arratsaldeko uneren batean eta amaieran aurpegi onak ziren nagusi. Nekearen eta ondo bukatutako lanaren konbinaketa.