Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Alderantziz izan balitz....

Zer gertatzen zaio Valls jaunari? Zer gorde nahi du euskal gazteen atxiloketak aginduz? Bide seinaleen euskalduntzea eskatzea delitu terrorista bihurtu al da? Delitu eskasia al da bere Pariseko bulegoetan? Hauteskundeen hurbiltzeak sortzen al dio abertzaleen inguruko gaietan delitu asmatze berri edo arraberritzea, ezinbertzean aspaldiko eskakizunaren kriminalizatzearen pizteko beharra? Alegia, abertzale horiek ez dakite gauzak besteek bezala egiten, delituak egiten dituzte, ez dira fidagarriak... Hori al da mezua?

Valls eta bere lagunek egiten dituzten delituak irabazi sozialen kontrako delituak dira, baina ez dira delitutzat hartzen, sozialistak baitira agintean. Dena den, herritarrek jokabide horiek ikusten dituzte; azkenean, aurre eginen diete. Une honetan aurre egiteko tendentzia ez da baitezpada egokia, bederen hala ematen du eskuin muturrari iragartzen zaizkion hauteskunde emaitzak ikusita behintzat. Noski, Frantzian oso abilak dira eta hauteskundeen antolaketa gehiengoaren araberakoa denez, proportzionala ez denez martxan, eskuin muturra ez da agintera helduko oraindik. Haatik, ez du horrek kentzen haren eragina handitzen ari dela eta alderdi klasikoek askotan eskuin muturra edo eskuin gogorraren politika hobesten dutela. Bai, sozialista batzuek ezadostasuna erakutsi dute; aldiz, ez du inork bere karta itzuli. Ausardia neurtua dute, balekibale!

Ziburuko auzapezak, Poulou jaunak, hitzez Eneko Aldana Douat hautetsi abertzalea zizpaz tirokatzeko mehatxua egin du. Horrek zenbateko kartzela zigorra suposatuko luke euskal militanteentzat? Jaunttoentzat hitzak oso merke gertatzen dira dudarik gabe; alderantziz, auzapeza hitz horien biktima gertatu balitz, sekulako kalapitak piztuko ziren! Damutzen omen da Poulou, hala adierazi du prentsaren aurrean; haatik, ez du barkamenik eskatu, ezta horrelakorik ez dela errepikatuko erran ere. Hautetsi abertzalearekiko eta oposizioarekiko errespetu eskasa erakusten du. Funtsean jaunttoen usaietan aurkarien solasik entzutea ez da kabitzen. Inguruko gorteari atxikiak dira, inongo kritikarik eginen ez duenari. Belaunaldi berriak politika desberdinki ikusten du eta ez doa jaunttoen bidetik, ez du jauntto izan nahi, proiektu politiko bat bultzatzera doa. Aurre egitera. Jaunttoek ez dute hori gustuko. Alta, gaia justifikatua zen, oposizioaren testuaren aldatzea leporatzen baitzitzaion auzapezari; alegia, herriko etxeko aldizkarian oposizioari hitza ukatzea, hau eskubidea delarik. Gehiegizkoen eremuan dabil auzapeza.