Nagore BELASTEGI
Kronika | San Tomas eguna

XIX. mendeko tradizioak puri-purian jarraitzen duela zalantzarik ez da

Toperaino zeuden atzo Donostiako kaleak San Tomas eguna zela-eta. Igandearekin bat egin zuen ospakizunak eta, gainera, eguraldi ona izan zen. Ez zen besterik behar kalera atera eta feria honek eskaintzen duen guztiaz gozatzeko. Pozik zebilen jendea postuz postu; hain pozik izango ez zena, seguru, zozketatu zuten txerria izango zen.

«Maikrux» Konstituzio plazako hesitutako esparruan zegoen atzo goizean lasai-lasai zozketa ordua noiz iritsiko zain. Txerri handia zela bagenekien, baina halakorik! Denak harrituta zeuden Leitzako Arro baserritik etorritako aberearekin. Urdaiazpiko, solomo eta txistorra ederrak lortuko ditu zozketaren irabazleak, 360 kilo pisatzen baititu bost urteko emeak.

Txistorraz ari garela, ezin ahaztu aurtengoan hemeretzigarrenez ospatutako txistorra txapelketa. Goizetik ibili ziren zortzi epaileak Gipuzkoa eta Nafarroatik iritsitako txistorrekin egindako pintxoak dastatzen. Guztira 25 parte hartzaile bildu ziren. Juan Mari Arzak sukaldaria zen epaimahaiko presidentea, lehiaketa honetan ohi bezala, eta esan zuen oro har maila ona izaten dutela txistorrek. «Badaude salbuespenak, batzuk apartak direnak eta beste batzuk larri-larri ibiltzen direnak, baina normalean onak daude», aipatu zuen Diputazioaren eraikinaren parean kokatutako karpatik. Bertan bokatak saltzen zituzten eta lortutako dirua Zaporeak ekimenera bideratuko da. Hain zuzen ere, Etiopian sukaldaritza eskola bat zabaltzea du helburu ekimen horrek, gazteei irtenbide profesional bat eskaintzeko asmoz, baina baita euren kulturaren parte den gastronomia sustatu ahal izateko ere.

Epaimahaiaren erabakia 13.30ean eman zuten ezagutzera. Lehenengo parte hartzaile guztiei diploma banatu zieten, eta banan-banan igo ziren agertokira Juan Karlos Izagirre alkatearen, Nerea Txapartegi kultura arduradunaren, Juan Mari Arzaken eta gainontzeko epaimahaikideen eskutik oroigarri bana jasotzera. Ondoren, irabazleen izenak esan zituzten: lehen saria Getariko Ezkurtxerri jatetxeko Agurtzane Subijanak jaso zuen, bigarrena Orioko Loidi harategiko Kepa Loidik eta hirugarrena Tolosako Muñagorri harategiko Jose Luis Muñagorrik.

Karparen inguruan postu pila bat ikus zitezkeen, taloak alde batean, eztia parean, gazta aurrerago, gozokiak izkinan... Txurruka eta Elkano kaleetan, berriz, artisautza postuak jarri zituzten. Hainbeste jende zegoen ezen Txurruka kaleko hasieratik Elkano kaleko bukaerara heltzeko ordu erdi pasa behar zen.

Bulebarra lasaiagoa zegoen eta Alde Zaharrean murgildu aurretik arnasa hartzeko unea eskaintzen zuen. Behin etxe artean sartuta, akabo bakea. Eguerdi partean kaleko giroa pixka bat lasaitu zen, baina Konstituzio plaza gainezka zegoen. «Maikrux» erdian, eta, jendea, inguruan; txistorra jaten lehenengo, eta, gero, postre gisa, euskal pastela dastatzen.

Jantziak eraldatzen

Garaiak aldatzen dira baina tradizioak ez ditugula ahaztu argi gelditzen da urtero-urtero San Tomas egunean. Baserritar jantziari hautsa kendu eta egun honetan arbasoak janzten ziren bezala ateratzen dira kalera asko. Baina tradizioak ere modernizatu egiten dira, eta, hala, beti dago mutilen bat gona estutu eta buruan zapia jartzen duena, grazia egiteagatik. Alderantzizko joera da, ordea, gero eta indar gehiago hartzen ari dena. Neskatxa gazte pila bat zeuden praka bakeroak, abarkak, alkandora beltza, lepoko zapia eta txapela jantzita.

Martak eta Leirek, adibidez, aurten gona etxean uztea erabaki zuten. «Kuadrillakoek honela ateratzeko erabakia hartu dugu, erosoagoa delako», bota zuen Martak. «Bai, gainera, 24an Olentzerorekin abesten ateratzen gara eta nahiago dugu gona ordurako gorde, ez zikintzeko. Total, sagardoarekin edo txistorrarekin zikindu egingo gara, hozka egiterakoan zipriztindu egiten du-eta! Dayola dirudi!», gehitu zuen Leirek taloa eskuan zuela, lagunaren irribarrea eraginez.

Auzoetan barreiatuta

XIX. mende erdialdean nekazari gehienak maizterrak ziren eta euren errentak abenduaren 21ean ordaintzen zituzten. Nagusiak Donostian bizi ohi ziren, beraz, egun horretan baserritarrak Donostiara joaten ziren errentak ordaintzera eta, bide batez, herrietan eskuragarri ez zeuden gauzak erosten zituzten. Era berean, euren produktuak saltzen ere hasi ziren. Hala, feria bat ospatzearen beharra sortu zen eta San Tomas azoka sortu. Urteek aurrera egin eta herrietako azpiegiturak hobetu ahala, feria egiteko beharra desagertu egin zen, baina jada ohitura sustraitua zenez, harekin jarraitu zuten, gaur egun arte.

Atzokoan, inoiz baino postu gehiago jarri zituzten Donostian. Alde Zaharra eta erdigunea jende gehien biltzen dituzten guneak izan ohi badira ere, auzoetara ere iritsi zen festa eta horrek saltoki askoz gehiago izatea eragin zuen. Amara Berrin hegazti eta animalien erakusketa izan zen; Amara Zaharrean, trikitilariak, dultzaineroak, auzoko produktuen erakusketa eta erromeria; Grosen, haurrentzako tailerrak, trikitilariak, pailazoak, buruhandiak eta zezensuzkoa; Loiolan, abere erakusketa, guraso eta seme-alaben arteko dema, pintxo-potea eta kantu-jira; eta, Antiguan eta Larratxon, txistorra postu bana musikarekin.

Donostiatik kanpo

Lekeitiok ere feria ospatu zuen atzo goizean zehar, Lea Artibai eskualdeko produktuekin. Berrikuntza giroa alaitzeko kalean musika jartzea izan zen. Era berean, txosna gehiago ere jarri zituzten. 14.00ak arte iraun zuen azokan animaliak ere izan ziren ikusgai.

Gaur Arrasaten ospatuko dira santamasak. 09.00etan festaren hasiera iragartzen duen etxafuegoa botako dute. Ostean txistularien lana hasiko da eta ganadu feria, hegazti erakusketa, fruta eta barazki lehiaketa, sagardo dastaketa, kantu jira, joaldunak eta herri-kirolak izango dira, besteak beste.

Bilbon ere gaur ospatuko dute San Tomas eguna, ohi baino egun bat geroago, antolatzaileek hala erabakita. Hala ere, San Tomas eguna atzo zela ez zuten ahaztu nahi izan Txarriduna txerriaren akademiak eta Bilboko Konpartsek. Azokaren benetako izaera berreskuratzeko asmoz, keinu sinboliko bat egin zuten: 1915ean hasitako ohitura jarraituz, festaren une gorena abenduaren 21eko 13.00etan heltzen dela aldarrikatu zuten. Ordu horretan bertan, Felix Garci-Arceluz kronista omendu zuten, berari esker sortu baitzen Bilbon feria hau ospatzeko joera, nahiz eta bilbotar askok datu hori ez ezagutu.