Fito Rodriguez
Idazlea
KOLABORAZIOA

Belen edo jaiotza?

Estatuak ez du denekin berdin jokatzen, eta, islamaren sinboloen aurrean, demagun, «laiko» edota «akonfesional» gisa agertu arren, jaiotzak besterik ez ditugu ikusten hemen eta Frantzian!

Perretxikoak bezala ari dira jaiotzak edo belenak agertzen gure inguruan. Urte guztietako sasoi honen seinale bihurtu dira honezkero. Nik, halere, hemen agintzen duen Estatua «akonfesionala» zela uste nuen, baina, aldameneko euskaldunen ardura estatala duenak, izenez behintzat, «laikoa» izan arren, antzera funtzionatzen duela ematen du. Toki publiko asko, baita erakunde ofizialetan ere, kristautasunaren irudiz bete dira garaiotan aipatu estatuetan, beren konstituzioak noraino betetzen dituzten agerian utziz.

Izan ere, nahiz eta testu bietan Estatua edozein erlijiotik at dagoela adierazi, Eguberrietan kristautasunarekin bat eginik azaldu ohi da batera lotsarik gabe. Dena den, egun hauetan oinarrizko legeen aurka doan harreman nabarmen hura ohiko bezain funtsezkoa dela uste dut eta, areago, mendebaldar sistema politiko osoa kutsatzen duelakoan nago.

Esaterako, Palestinako Belenen egon nintzenean, egungo estatu inperialisten birmoldaketaz ohartu nintzen. Hau da, hemeretzigarren mendearen erdialdean, 1853an, hain zuzen ere, Palestinako lurraldeak, pertsonak nahiz ondareak turkiarren menpe zeuden, eta orduan bertan zeuden erlijioak arazorik gabe bizi ziren elkarrekin laikoa ez zen estatu batean. Jakina da, ordea, leku jakin batean erlijio bat baino gehiagoko zaindari desberdinak egoten zirela zelatan. Deikunde deritzon elizan, adibidez, katolikoak, ortodoxoak eta armeniarrak elkarri beha zeuden (eta daude!), nor mesfidatiago. Aipatutako eliza hori, oso zaharra da, Justinianok eraiki omen zuen VI. mendean Konstantinok egindako baten gainean, eta hark Kristoren jaiotza lekua gogoratu nahi du Belenen nahiz munduan. Nahiz eta bere garaian Justinianoren oso gustuko ez geratu eta eraiki zuen arkitektoari burua moztu, handik aurrera mota askotako batimenduak atxikitzen joan zaizkio.

Hemeretzigarren mendearen erdialdean, berriz, toki haiek zaintzen zituzten frantziskotarrek Kristoren jaiotza zilarrezko izar batez markatu nahi izan zuten. Kristau ortodoxoek, beren aldetik, hura ez zela benetako tokia zioten eta, haien aburuz berez zenarekiko metro batzuetako tartea zegoela argudiatuz, ez zuten hori egiten utzi nahi. Halere, turkiarrak frantziskotarren alde lerratu ziren eta izarra jartzeko baimena eman zuten. Orduan, ortodoxoen defentsan, Errusiako Nikolas tsarra gatazkan sartu zen. Frantziak eta Erresuma Batuak parte hartu zuten eta Krimeako Gerra ere irabazi. Horren ondorioz, Palestina britainiarrek eskuratu zuten. Garai hartan, 10.000 judu, 25.000 kristau eta 250.000 islamdar bizi ziren lurralde hartan; orain, jakina, proportzioa zeharo aldatu da juduen alde...

Belengo erlijio borrokak, beraz, egungo egoera geopolitikoa itxuratzeko balio izan zuen inperialismo garaikideari bidea irekiz. Baina hau guztia Estatuak erlijioarekin dauzkaten barne-loturengatik izaten da, beren buruak «laikotzat» nahiz «akonfesionaltzat» aldarrikatu arren.

Egungo mendebaldar demokraziak oinarritu zituen ilustrazioaren iraultzak lege kode berria ekarri zuen, zeinean herritarrak eskubideak zituen «errugabea» zela aitortzeko. Horrek erlijio moralarekin apurtu zuen, zeren erlijioren ardatza erruduntasunaren kudeaketa izan ohi da-eta. Horren partez, norberaren aitormenaren ordez alegia, berez eta hastapenetatik errugabe jotzen denaren errua frogatu behar izan zen berme guztizko epaiketa publikoetan. Erlijioari, bada, Estatuaren legea gailendu zitzaion, hitzetan bederen.

Arazoa da Belengo adibidean bezala, Estatuak ez duela denekin berdin jokatzen, eta, islamaren sinboloen aurrean, demagun, «laiko» edota «akonfesional» gisa agertu arren, jaiotzak besterik ez ditugula ikusten hemen eta Frantzian! Antzekoa suertatzen da «erruaren» auzian. Zergatik eskatu beharko du barkamenik bere burua, legez, errugabetzat jo izan duenak?

Erantzuna, nire aburuz, sinplea da: Estatua sakralizatu delako eta erlijioaren jiteak eskuratu dituelako. Hau da, Estatuak, erlijioren sakratua izan dena gainditu beharrean, ordezkatu egin du eta bere iraupenerako erabiltzen du. Ondorioa ere argia da: mota horietako estatuak ezin dira demokratikoak izan.

Baina joan gaitezen honi buruz kristauen artean eman ohi den adibide nabarmenena aztertzera: lehenengo kristauen konbertsioa. Hartan, metanoia edota epifania suertatzen omen zen, hau da, bide aldaketa bat, nolabaiteko bihurtze edota iritzi aldaketa... Baina ez zuen, berez, aurrekoarekiko hausturan inolako erruduntasunik eskatzen. Aitzitik, autoikasketa izanik, norberaren bizimodu berria zekarren hautu librea zen eta, berria izateagatik hain zuzen ere, ez zuen lehenago bizi izandakoaz damurik eskatzen.

Nire ikasle garaian metanoiaren metafora erabili ohi zuten antipsikiatrek (Cooper, Laing, Basaglia eta abarrek) ustezko eroen aldarte nahasmenduak (bipolaritatea, neurosiak, eta abar) azaltzeko eta ondorioztatzeko nortasunaren aldaketak autoikasketa prozesuak zirela zioten, eta, horretarako, erlijioetatik eratorritako erruduntasun errepresiboetatik at joera aldaketa haiek antzematen jakin beharra zegoela.

Nolako belena muntatua dagoen sasoi hauetan, zeinetan iritzi politikoaren birmoldaketaz gain damutzeak eta barkamenak ere eskatzen diren, nork eta berdintasun legearen partez erlijiozko oinarri ezkutua besterik ez duen Estatuak... Mota horretako belenetan ez naiz ni sartuko...