Nagore BELASTEGI
ZIENTZIA | Zientzia@gara.net

Ahaztutako emozioak berreskuratzen

Jar ezazu harridura edo nazka aurpegia, pentsatu triste edo pozik jartzen zaituen horretan, noiz izan zen beldurra edo haserrea sentitu zenuen azken aldia? Sei emozio horiek gizaki guztiok ditugu berez, jaiotzen garen unetik gai gara horiek identifikatzeko, baina handitzean ezkutatu egiten ditugu, adimen emozionala «desikasi» egiten dugu, gizarteak hala agintzen duelako.

Adimen emozionala pertsona batek bere emozioak adierazteko eta besteenak ulertzeko duen trebezia psikologikoa da. Berez emozio batzuekin jaiotzen gara bizitzan aurrera egiten laguntzen digutenak, baina ez baditugu garatzen ahuldu egin daitezke. Adimen emozionala berezkoa dugun zerbait denez, haurren maila neur daiteke, eta hori lortzeko bi tresna erabili ditu Natalia Alonso psikologoak bere tesia idazteko.

«Oinarrizko emozioak gizaki guztiok dauzkagu eta unibertsalak dira, kultura guztietan berdin adierazten dira txiki-txikitatik, lehenengo urtea amaitu baino lehen denok erakusten ditugu. Sei hilabeteko ume batek bere ama haserre aurpegiarekin ikusten badu badaki zerbait txarra gertatzen dela. Ebolutiboki dago gure ezagutzan», azaldu du psikologoak. Beraren ustez, emozio horiek sei dira -beste ikerlari batzuek diote bost edo bederatzi direla-, poza, tristura, haserrea, beldurra, nazka eta harridura, eta horietatik garatzen dira gainerakoak.

3 eta 6 urte bitarteko haurrekin egin du lan jakiteko ea emozioak ondo ulertzeko eta identifikatzeko gai diren. Alde batetik, txotxongiloen teknika erabili du. «Antzerki moduko bat egiten dugu bi panpinarekin. Hauek haserretu egiten dira edo triste daude, eta haurrei galdetzen diegu nola gutxitu dezaketen tristura edo haserre hori. Umeek eman behar dituzte hobeto sentitzeko bideak. Adibidez, `amari kontatu' edo `barkamena eskatu', edo `kanpora jolastera joan'». Honela neurtzen dute adimen emozionala eta urte horien bitartean nola garatzen den ikus dezakete, baita zein beste faktorerekin dagoen lotuta ere. Adibidez, konturatu dira adimen mailak zerikusia duela trebetasun sozialarekin edo beste portaera arazoekin -agresibitatea, antsietatea, uzkurtasuna...-. «Ikusi duguna da urte horietan gaitasuna asko garatzen dela eta batez ere baduela harremana agresibitatearekin», aipatu du adituak.

Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldura (AGHA) duten haurrak ez ditu aztertu tesian, baina bere ustez, adimen emozionala ume hauekin lantzeko modua desberdina izan beharko litzateke. «Emozioak agertu bezain laster antzematen dira, eta AGHArekin emozioak askoz azkarrago ateratzen dira; horregatik, detektatzeko teknikak finagoak izan behar dute. Haiei eta beraien ondoan daudenei erakutsi behar zaie emozioaren manifestazioak zeintzuk diren lehenbailehen konturatzeko ateratzen ari direla».

Horrez gain, umeen eta gurasoen adimena konparatu ditu jakiteko ea aita eta amaren mailak harremana duen haurraren mailarekin. Tesian amen emaitzak besterik ez ditu kontuan hartu aita gutxi zituelako ikergai, baina orain ikerketarekin aurrera jarraitzen ari da eta gizonezkoak ere aztertzen ari da. «Amaren adimen emozionalarekin badago nolabaiteko lotura. Amak ona badauka, umeak ere ona izan ohi du; baina harreman hori ez da zuzena eta ez da beti hala gertatzen. Nahiz eta amak emozioak identifikatzeko gaitasuna oso garatua izan, horrek ez du esan nahi umea emozioak horren ondo identifikatzeko gai izango denik. Pertsonalitateak badauka zeresanik», azaldu du Alonsok.

Txotxongiloen teknikaz aparte, Emotion Matching Task delakoa ere erabili du. Alegia, umeek oinarrizko emozioak identifikatzeko gai direla frogatu behar dute argazki batzuk ikusi ostean. Lau umeren argazkiak erakusten dizkiete, eta horien artean X emozioa nork sentitzen duen aukeratu behar dute. Beste ariketa batean, irudi bakarra erakusten diete eta haren sentimendua zein den adierazteko eskatzen diete. Ariketarik zailena, berriz, egoera bat deskribatu eta horrek sortuko lukeen sentimendua kontuan hartuz irudi batekin lotu behar izatea da. Adibidez, ikerleek galdetzen diete «zeini galdu zaio bere txakurra?» edo «zeini oparitu diote gauza oso polit bat?», eta beraiek argazkien artean aproposena iruditzen zaiena aukeratu behar dute.

Helduek landu beharrekoa

Adimen emozionalari buruz 90eko hamarkadan hasi zen mintzatzen zientzia komunitatea. Ordura arte bazegoen emozioetan interesa, baina ez zuten onartzen emozioen inguruko adimen bat zegoenik. Azken urteetan asko ikertu da, eta egun Adimen Anizkunaren Teoria onartzen da, hau da, adimen orokorraz gain beste batzuk ere badaudela: zinetikoa, linguistikoa, logiko-matematikoa, espaziala, musikala, naturarekikoa eta emozionala (intrapertsonala eta interpertsonala).

Urte askotan emozioak ukatu egin ditu gizakiak, «gizarteak uste zuelako gure kontrakoak zirela eta alboan uzten joan zen». Natalia Alonsoren ustetan, orain gizartea konturatzen ari da baliagarriak direla, gure izaeran daudela eta kontuan hartu behar direla egoera guztietan ageri direlako. Oraindik ere emozio horiek gordetzeko joera dago handitzean, eta horrek adimen emozionalean arazoak sor ditzake. «Ez zaigu gustatzen besteek jakitea haserre edo triste gaudela -adierazi du ikerlariak-. Nik gurasoentzako eta irakasleentzako ikastaroak ematen ditut eta beti esaten diet, nire ustez, kaltegarria dela esatea `ez zaitez haserretu, ez egon triste'. Esan behar dena da, `ni ere batzuetan triste nago eta hau egiten dut hobeto sentitzeko edo konpontzeko'. Umeari esaten badiogu ez haserretzeko edo gu haserre gaudenean berak galdetuz gero ukatzen badiogu, esaten dioguna da `ezin zara haserretu'. Umeak pentsatu dezake haserre badago jendeari ez zaiola jarrera hori gustatzen, eta horrela, ezin baditu bere emozioak erakutsi, ez du ondo ikasten». Horregatik, helduen hezkuntza emozionala umeena baino garrantzitsuagoa da. Esan bezala, umeek berezkoa dute eta handitzean ahaztu egiten dugu emozio horiek nola ateratzen diren. «Ikusten ditugun emozioei izena jartzen badiegu edo gure emozioak haurrari adierazten badizkiogu, umeak emozioa aurpegi horrekin edo ahotsaren tonuarekin lotuko du. Era berean, ikusi behar dute gu haserre gaudenean adierazi egiten dugula, baina ez dugula kolpeka kudeatzen, badagoela beste modu bat. Hori da irakasteko modurik onena. Umeek ondo ikas dezaten helduek landu behar dute lehenik».

Egiten dituen tailer gehienak enpresetan eta eskoletan eskaintzen ditu, langile eta irakasleak hezteko, eta bere iritziz, askotan helduak dira heziketa horren behar handiena dutenak. «Gizaki bezala badaukagu argibide hori eta gure bizitzan zehar galdu egiten dugu askotan entzun dugulako `ez zaitez haserretu', `ez zaitez triste egon', `muxu bat eman honi haserre zauden arren'. Antzerakoa da umeekin edo helduekin lantzea, desberdintasuna mailan dago. Helduei emozio konplexuagoak adierazteko eskatzen diegu: urduri gaudenean, jeloskor gaudenean, harro gaudenean... nola sentitzen ditugu gure gorputzean, gure portaeran». Honela, emozioa gure buruan eta besteengan identifikatzen ikasten dute, hori, trebetasun guztiak bezala, landu eta ikasi egin daitekeelako. Norberaren emozioak kudeatzeko moduak ere lantzen dira, ez dagoelako modu bakar bat; jarrera bakar batek ez du guztientzat balio eta batentzat egokia den horrek ez du zertan beti funtzionatu. Adibidez, baliteke antsietatea duen pertsona bat paseotxo batekin lasaitzea egun batean, eta beste batean, eguraldia dela edo beste arrazoi batengatik, ezer ere ez egitea. «Hasieran pixka bat kostatzen da, baina behin ikasitakoan, bakarrik ateratzen da», ziurtatzen du adituak.

Adimen emozionala neurtzeko test ugari daude (horietako asko online osatu daitezke doan) baina Alonsoren aburuz, ez dira egokiak, batez ere umeen adimena neurtzeko erabiltzen direnak. «Nire tesiaren parte garrantzitsu bat tresnen egokitzapena da. Haurrentzako ez zegoen ezer ere ez. Guk bi tresna garatu ditugu, bat emozioen ezagutza neurtzeko eta bestea emozioen kudeaketa lantzeko. Adimen emozionala linguistikoa edo matematikoa bezalakoa da, baina emozioekin zerikusia duena, eta horregatik adimen bezala ulertu behar dugu».

Helduentzat MSCEIT delako testa aipatu du fidagarritzat. Egia esan, sarean dauden testei erreparatuz, erraza da jakitea «zer erantzun behar den», galdera-erantzunak ebidenteak dira eta norberak erabaki dezake zer erantzun halako emaitza lortzeko. Erraza da zintzoa ez izatea, nahiz eta egia esan nahi izan. Baina MSCEIT test honetan ez dago modurik jakiteko zein den erantzun «egokia» eta, beraz, emaitzak objektiboak dira.

Ariketa erraz bat

Emozioak geure burua babesteko tresnak dira, baina orekatuak izan behar ditugu. Beldurra eta tristura gailentzen badira ohetik ateratzeko gogorik ez genuke izango. Horregatik baikorra izatea garrantzitsua da; denok dugu emozio hori berezkoa, baina garatua ez badugu lantzeko bideak badaude. Adibidez, egoera kaxkar baten aurrean konponbideak bilatzea edota alde ona ikusten saiatzea baliagarria da.

Elsa Punset adimen sozial eta emozionalean adituak ariketa erraz bat proposatzen du baikortasuna pixkanaka handitzen joateko. Taldeka edo banaka egin daiteke. Gogoeta atsegin bat, gustuko dugun pertsona bat eta etorkizunerako desira bat aukeratu behar ditugu. Horietan pentsatuko dugu, eta gugan sortzen dituzten sentimenduak aztertu. Ondoren, sentimendu horiekin lotzen ditugun koloreetako kartulinetan borobilak moztu behar ditugu. Kartulina bakoitzean gogoeta, pertsona edo desira horrekin zerikusia duen zerbait idatzi edo marraztuko dugu. Borobil horiek etxean zehar itsatsiko ditugu; eta ikusten ditugun bakoitzean gure burmuinak sentimendu atseginekin lotuko ditu eta, pixkanaka, baikorragoak sentitzen joango gara.