Xabier Isasi Balanzategi eta Estitxu Breñas Gonzalez de Zarate(*)
KOLABORAZIOA

2015eko euskara aurrekontuen zekenkeria

Hizkuntza politikari dagokionez, Gasteizko Legebiltzarrak inoizko proportziorik txikie- neko aurrekontuak onartu ditu, ez baitira aurrekontua osoaren %1era iristen. 2015eko euskararen aurrekontuak ez dira iristen aurreko legealdiko azken aurrekontuen kopururaino, ia zazpi milioi euroko diferentziaz (6.762.061 euro).

EH Bildu koalizioak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren irizpideei jarraituz, aurrekontu osoaren %2 eskatzen zuen euskararen aurrekontuentzat (212.779.180 euro). Jaurlaritzaren proposamena ez zen erdira ere iristen; hori izan zen, besteak beste, Jaurlaritzaren aurrekontuei osoko zuzenketa jartzeko arrazoietako bat.

Jakina denez, Legebiltzarrak osoko zuzenketak baztertu eta aurrekontu proiektuak aurrera jo zuen. Halere, Jaurlaritzaren aurrekontu-proposamena aztertu ondoren saiatu ginen ataleko zuzenketen bitartez aurrekontuen alor okerrenak orekatzen. Eskatu arren Jaurlaritzak ez zigun aukerarik eman negoziatzeko, ez gure proposamena landu aurretik, ezta gure proposamena aurkeztu ondoren ere. Euskararen aurrekontuei dagokienez, Jaurlaritzak ez du inongo momentutan EH Bildurekin hitz egin nahi izan. EAJ-PSE ituneko eremuan lotzen dena askatuko duenik ez dago, ez euskararen arloan, ez unibertsitate esparruan... ezertan ere ez!

Beharko genituzkeen aurrekontuak lortu ez baditugu ere, Jaurlaritzak aurkeztutakoak hobetzen saiatu gara, aurrekontu proiektuaren gainean eta prozeduren mugen baitan ahalik eta aurrekonturik txukunena proposatzen, alegia.

Datorren urteko aurrekontua (2015), oro har, aurtengoa baino %4,1 handiagoa bada ere, hazkuntzaren puska esanguratsua zorra kitatzeko erabiliko da. Euskararen aurrekontua, berriz, ez da apenas hazten, izan ere, orotara %0,7ra besterik ez baita heltzen. Zuzenketen diru-esleipenen banaketa erabakitzeko irizpide kualitatiboak erabili ditugu. Hau da, adituen ustez, euskararen normalizaziorako giltzarriak diren eremuak lehenetsi ditugu. Hori horrela, bereziki, ondorengo jarduera-esparruetan ibili gara aztarrika:

-Euskalduntze-alfabetatzea

-Hizkuntza normalizazioa lan munduan (LANHITZ)

-Euskarazko hedabideak

-Teknologia berriak eta euskararen normalizazioa

-Arnasa-guneak (UEMA)

-Euskalgintza eta irakaskuntza

EH Bilduren ustez eremu horiek dira hizkuntzaren normalizazio bidean indartu behar direnak. Kontseiluaren irizpideak bete ezean, gutxieneko helburu hauek jarri ditugu:

1.Euskara aurrekontuaren hazkuntza aurrekontu orokorraren bestekoa izatea, %4 inguru.

2.Euskara aurrekontuaren proportzioa, gutxienik, %1 edo gehiago izatea.

3.Euskararen normalizazioaren zutarriak sendotzea eta inongo kasutan ez galtzea.

Euskara aurrekonturako zuzenketak proposatzerakoan arreta berezia jarri dugu diru baliabideak bilatzeko murrizgarriak diren jardueretan. Adibidez, goi-karguen ordainsarietan %3,5eko murrizpena; Microsoften lizentzietan eta software pribatiboko lizentzietan milioi eurotik gorakoa; protokolo eta ordezkapen jarduerak; lokomozio gastuak; bilerak; hitzaldiak eta ikastaroak; eta, oro har, aurrekontuetan zehar maiz errepikatzen diren gastuetan %15eko murrizpena proposatu dugu. Horrela, guztira, lortu dugu 5.346.786 euro apartatzea beste kategoria batzuetara gehitzeko. Diru horretatik 3.490.010 euro izan dira Jaurlaritzaren euskara aurrekontua %4,1 emendatzeko eta, bide batez, euskara aurrekontuaren proportzioa %1era iristeko.

Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoak (EAJ-PSE) ez du nahi euskara aurrekontu duinik izan. Ez dugu lortu ez negoziatzea ez gure proposamena aurrera ateratzea. Galdu dugu, bistan da. Halere, gure ariketa ez da erabat antzua izan. Orain, aurrekontuei dagokienez, askoz hobeto ezagutzen ditugu euskararen normalizaziorako ahuluneak zeintzuk diren, non dauden eta beharrizanak zeintzuk diren.

(*)Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduko legebiltzarkideak