Jon GARMENDIA
Idazlea

Biziki eta oso


Pasilloan korrika bizian, «ze erraiten dezu» galdegin duenean etorri zaizu burura. «Erraiten» lapurteraz esan baitu, eta ahoskeran `r' indartu du gainera, baina «ze» ere esan du, eta batez ere «dezu», gipuzkeraz. Ama, lapurtarra, eta aita gipuzkoarra izatearen ondorioa, mestizajea; orobat kosmopolita, eta zerbait izatekotan, polita. Hizketan jarraitu du bi urte eta zortzi hilabete eskas dituen haurrak, «biziki kokina zea» entzun baitu aitak esanda, «bihurria», eta berak, honela erantzun dio: «Hola ez! Aitak `oso' eta amak `biziki'». Aitak `trikua' eta amak `sagarroia' izan zitekeen, edo aitak `amona mantangorri' eta amak `kattalingorri', `azenayua' eta `pastenarrea' bestela, edo `katagorria' eta `urtxintxa'. Baina burura etorri zaizuna da nahasketarena, Ipar Euskal Herrian zenbat familia osatu diren egoera politikoak hala behartuta. Eta kultur nahasketa nola gertau den, hango eta hemengo, baina herri bereko. Martxoan beteko ditu 3 urte Ekainek, eta toka-noka hitz egiten du, xuka gainera, Nafarroa Behereko toki batzuetan bizirik dagoen hizkera, eta gamartarra den bere ama Intzak mimoz irakatsi diona. Aita, Julen, oraintsu atera da kartzelatik. Pasai Donibanekoa da, eta Intza kartzelara sartu nahi dute orain. Urtarrilaren 17an manifa deitu dute Donibane Garazin, kartzelatze hori ekiditeko. Ibaik 3 urte beteko ditu maiatzean, eta hilabete berean, 6 Artizek. Anaiak dira, eta Larresoron bizi dira, ama hangoa baitute. Aita, berriz, donostiarra, Oier, preso dagoena. Otsailaren 12an jakingo du familiarekin bizi ahalko den Lapurdin, eta haur horien poz emozionala aberastuko ote duen ere bai. Badira gehiago, izan dira, baina batez ere, direnek, izan behar dute. Ez bakarrik kultur aberastasuna ekartzen diotelako lur zahar honi, baizik eta, haur horiek, beren gurasoekin, traba eta debekurik gabe hazteko eskubidea dutelako.