Jon GARMENDIA BIARRITZ

«Marvellous» zoragarria urrezko bilakatu da Biarritzeko FIPAn

Julian Farino britainiarrak zuzendutako «Marvellous» filmak eskuratu zuen FIPAren 28. edizioko sari nagusia. Gizonezko aktore onenaren saria film bereko protagonista Toby Jonesek eraman zuen; emakumezko aktore onenaren merezimendua, berriz, euskal gatazka politikoarekin zerikusia duen «Sanctuaire» filmeko Juana Acostarentzat izan zen. Publiko aldetik arrakastatsua izan da edizioa eta hazkuntza erakutsi dute sorkuntzek, kalitatez zein kantitatez.

Britainia handian azken urteotan hain ezaguna egin den Neil Baldwinen bizitza du ardatz «Marvellous» filmak, atzo Biarritzen urrezko saria eraman zuenak. Julian Farino britainiarrak zuzendutako lanak gizon harrigarri honen bizitzaren kontakizuna egiten du. Newcastle-under-Lymen sortu zen Neil, 1945 edo 46an (ez omen dago argi) eta ttipidanik arazoak zituela ageri zuen, hizketarako, bai eta ikasketak burutzeko ere. Inguruko guztiek amaren gonapean ibili beharko zuela uste bazuten ere, gogoa eta desira halakoa izanda edozer lortzea posible dela erakutsi zuen Neilek.

16 urterekin Sir Robert Fossetten zirkuan lan egiten hasi zen, «Nello» pailazo gisa. Bere futbol talde maitatuan egin zuen lan gero, Stoke City-n, eta 1993an Aston Villaren aurkako lagunarteko partidan bost minutu falta zirela entrenatzaileak jokatzera atera zuen, bi ekipoak ados jarri ziren gol bat sar zezan, baina korrika saio baten ostean huts egin zuen. Aldiz, bere ilusio eta ahalegina ikustea ederra izan zen. Pertsona ezagun askoren laguna da Baldwin, Keele unibertsitateko doktore izendatua, eta sare sozialetan fan ugari duena. Lanaren eta irriaren bidez errespetua eta ohorea lortu duen pertsonaia hori egokitasunez antzezten du Toby Jonesek filmean, eta horrek ahalbidetu zion Biarritzen gizonezko aktore onenaren saria irabaztea.

Emakumezko aktore onenarena, berriz, Juana Acostak eraman zuen, «Sanctuaire» filmean Dolores Gonzalez Katarain Yoyes interpretatuz egindako lanagatik. Aktore kolonbiarrari pisuzko papera eman zion Olivier-Masset-Depasse zuzendariak eta dramaz jositako lanari esker eraman du sari preziatua. Agertoki onenaren saria ere jaso du lanak. Egiazki, Ipar Euskal Herriko natur paisaien edertasunak eta euskal aktoreek eginiko lanak eman diote berezitasuna filmari, sari garrantzitsuak lortzetik urrun ibili baita.

Musika onenaren saria Matthias Weber eta Paul Galisterrentzat izan zen, «Beautiful Girl» filmerako sortutako doinuengatik.

Ikus-entzunezko saioen jaialdi honek baditu saritzen dituen beste bost atal, telesailena da ikus-entzule kopuruari dagokionez bigarren garrantzizkoena, eta urrezko saria «Happy Valley» britainiarrak eraman zuen. Telesail hau 2014an estreinatu zuen BBC kateak, eta ukan zuen arrakastak eraman du lantaldea 2015ean eskaintza luzatzen jarraitzera. Emakumezko aktore onenaren saria Marie Dompnier frantsesak jaso zuen «Les Témoins» telesailean egindako lanari esker. Gizonezko aktore onenarena, berriz, Jurgen Delnaet flandiarrak jaso zuen, «Marsman» telesailean interpretatzen duen Nico Marsman pertsonaiari esker.

Dokumentalen sailean «Pekka» izan zen urrezko FIPA saria eraman zuena. Amsterdamen sortutako Alexander Oeyk gidatzen duen dokumentalak, 2007ko azaroan Finlandiako Tuusula herriko Jokela eskolan zortzi pertsona hil zituen 18 urteko Pekka-Eric Auvinen agertzen digu, eskolako kide, irakasle eta gurasoen hitzen bidez. Erreportaje eta ikerkuntza atalean, Mongolia ardatz duen «Taïga» izan zen garaile, tibetera eta mongoliera irakasle den Hamid Sardar-Afkhami argazkilariak gidatutako lana. Ikuskizun eta musika atalean, «Mia Oikogeniaki Ypothesi» izan zen saritua. Angeliki Aristomenopoulouren zuzendaritzapean eskaintzen den ikuskizunak Kretako musika tradizionala du oinarri, eta familia bereko hiru belaunaldi arte horretan murgilduta agertzen ditu, belarri anitzen gozagarri. Azkenik, Smart Fip@ berrikuntzen atalean, Luxenburgoko «Soundhunters» nagusitu zen.