Arantxa MANTEROLA

Prud'hommes lan-auzitegiko lehendakaritza LABen esku

Baionako Prud'Hommes Kontseiluko presidente izendatu berri dute Geronimo Prieto LABeko kidea. Horrenbestez, lan gatazkak kudeatzen dituen epaitegi bereziaren buru izango da urtebetez. Izendapena gorabeheratsua izan bada ere, bere aburuz, «aurrerapauso garrantzitsua da gure sindikatuaren nolabaiteko normalizazioan». Era berean, «Ipar Euskal Herriko eremua aintzat hartzeko eta bertan erabakitzeko aldarrikapenari begira» ere urratsa da.

Sindikatu abertzaleak maila horretako kargua eskuratzen duen lehen aldia da. Prud'Hommes Kontseiluko presidentetza ugazaben sindikatuen eta langileen sindikatuen artean banatzen da, urtero aldizkatuz.

Langileen sindikatuek bakoitzak hauteskundeetan erdietsitako emaitzen arabera banatzen dute kargua, baina 2013an egin behar ziren hauteskundeak bitan gibelatu direnez (2015era lehenik eta duela gutxi 2017ra), bost urterako agintaldia lau urtez luzatu da. Hala, presidentetza nola banatu aukeratzeko berriro bozkatu zelarik, LABen esku uztea erabaki zen Ipar Euskal Herriko CFDTren babesarekin batez ere. Izendapena ez da, haatik, erraza izan.

CGT eta FO sindikatuek Pirinio Atlantikoetako departamendua dute beren jarduera-eremu eta, aldiz, CFDTk Ipar Euskal Herriko sekzioa du eta, jakina, LAB ere euskal lurraldean finkatua dago. Beraz, lehenek, departamenduko eremua eta beren indarra handiagoa dela profitatuz, ez zuten presidentetza LABen esku uzteko asmorik, 2013ko abendutik hala erabakia bazen ere.

Hori ekiditeko, Kontseiluaren funtzionamendua blokeatzeko «mehatxuak» ere izan dira tartean, baina, azkenean, hamaika gorabeheraren ondotik, Prieto hautatu dute.

Presidente berriaren hitzetan, pixka bat «behartua» izan bada ere, ardura horretarako bera izendatu izanak sindikatu abertzalea «lan-esparruan nolabaiteko normaltasuna lortzen ari dela islatzen du, oraingoan bederen bazterketa hautsi egin baitugu eta Ipar Euskal Herrian gehiengo sindikala CFDT eta LABek dutela ohartu dira». Bestetik, «Ipar Euskal Herriko eremua aintzat hartzera bultzatu» dituztela uste du: «Pauen inposatzen ziren harresiak gainditu ditugu eta hori ere aurrerapauso garrantzitsua da bertan erabakitzeko kontzeptuari dagokionez, hainbestetan aldarrikatzen dugun horri dagokionez».

Harreman gaitzituak

Alta, sindikatuen arteko harremanak hoberenean ez direla aitortu du: «Estatu mailan CFDTk gobernuen erreformak babesteko egin zuen hautuak sindikatu handien arteko harremana gaitzitu du, eta azken urteetan `intersindikalean' lortutako batasuna erabat hautsi da. LABen ildo sindikala, berez, askoz gertuago da CGTrenetik baina, hainbat alorretan, adibidez bertako esparru sozio-ekonomikoa eskatzerakoan, Batera plataforman edota Aieteko adierazpenean, CFDTkoekin bat gatoz. Gai horietan, ordea, bai CGTk, baita FOk ere jarrera zeharo kontrajarria dute, zentralistak baitira».

Bere kargu berriko zereginek (auzitegia kudeatu, entitate desberdinetan ordezkatu, gatazketan arbitro-lanak egin...) baino, gutxi barru Prud'Hommes Kontseiluetan egingo den erreformaren ondorioek kezkatzen dute Prieto.

Izan ere, joan den abenduan onartutako legeak aldaketa handiak ekarriko ditu lan-epaitegi hauen funtzionamendu eta egituraketan. Orain lege horren mamia eta aplikazioa zehazten ari dira, «era oso itxian» hainbat sindikatuk salatu dutenez.

Jakina dena da aurrerantzean langileek ez dituztela Prud'Hommes kontseilariak zuzenean bozketa bidez hautatuko. Bozetan parte hartze oso txikia (%29 azkenekoan Ipar Euskal Herrian) izan ohi zela argudiatuta, Gobernuak deuseztatu egin ditu eta orain kontseilariak izendatuak izango dira. «Ez dakigu egiaz nola egingo den hori. Eremu askoz handiagoko (departamendu edo erregio mailakoa) sindikatuen emaitzak hartzen badituzte oinarritzat, tokiko sindikatu txikiek ere ordezkapen apalagoa izango lukete. LABen kasuan segur aski ez genuke ordezkapenik izango ere, nahiz eta gure sindikatuaren hedapena handitzen ari den», gehitu du LABeko kideak.

Ondorio horiei aurre egiteko eta arazoak mahai gainean jartzeko aukerak baliatuko ditu Kontseiluko buru berriak bere funtziotik. Gainerako sindikatuetako kideei, batik bat CGTkoei «hemengo arazoei hemengo esparrutik erantzutea eraginkorragoa eta demokratikoagoa» dela ohartarazteko ahaleginean irmo segituko du, «belaunaldi berriek jarrera irekiagoa izango duten» itxaropenez.

Profesionalak izan ez arren, deliberoek epai izaera dute

Baionako Prud'Hommes Kontseilua 50 kidek osatzen dute. Erdiak langileen sindikatuetako ordezkariak edo kontseilariak dira eta beste erdiak, ugazaben sindikatuetako ordezkariak. Epaile profesionalak ez badira ere, beren deliberoek epai izaera dute.

Lan-gatazkak kudeatzeko lehen maila izan ohi da, batez ere, lantegi txikietan eta askotan era indibidualean gertatzen diren gorabeherak epaitzen ditu. Bost kolegiotan banatuak daude: Jarduera anitzak, Laborantza, Merkataritza, Industria eta Koadroak.

Azken hauteskundeak 2008ko abenduan egin ziren. Ipar Euskal Herrian CGT izan zen sindikatu bozkatuena eta 9 kontseilari lortu zituen. CFDTk, beste horrenbeste; LABek, berriz, lau kontseilari; FOk, bi; eta CFE-CGCk, bat.

Berez, 1806n sortu zen lan-auzitegi berezi horretako kontseilariak 2013an berritu behar ziren, baina bi aldiz atzeratu dute hautaketa. Lehenik 2015era eta, duela gutxi, 2017ra. Kontseilariak hautatzeko sistema ere aldatu egin dute. A.M.