Jon GARMENDIA

Santutegian euskaldunak dira deabru isats-luze eta adardunak

Aurtengo FIPA jarraitu duten euskaldunek helduleku bat ukan dute, «Sanctuaire» filma. Eskaini den aldi oro, leporaino bete dira aretoak. Baina eskaintzak ez du ikusmina ase. Euskal arazo politikoari buruz, nekez agertuko du ezer berririk kanpoko begiekin ikusitako horrek, ez behintzat gertakari historikoen arlotik; aspaldian itxi usaina darion zerbait da «Sanctuaire». GALi buruzko lan gisa aurkezten dute, Frantziari eragin zion arazoari buruzko kontakizuna, eta nolabait, Ipar Euskal Herrian 80ko hamarkadan bizi zen giroa oroitarazteko saialdi bezala aurkez daiteke, baina ez GALi lotutako film bezala; ez delako haren antolaketa eta sarraskien agerpen sakona egiten saiatzen, gehiago eta bortizkiago aipatzen baititu ETA erakunde armatuaren ekintzak, eta bestalde, frogatua dagoen bi estatuetako gobernukideen esku-hartzeari buruzko garapenean ere ez da askorik ahalegintzen, bakearen xerka ibili zirela baino ez. Aurreiritziz josia eta iritzi sortzaile garbia da Olivier Masset-Depasse belgikarrak zuzendutako lana, eta topikoz eta akatsez jositako kontakizuna dakar, Enrique Casas senatari sozialistaren heriotza ETAri egoztea adibidez. «Fikzioa da», adierazi zuen zuzendariak Biarritzen, akatsen ardura saihestu nahirik, baina jende askori sufrimendua eragin dion gertakariak ditu ardatz, eta fribolizazioa irudi du fikzioaren aipamenak. «Fikzioa behar dugu inork kontatu nahi ez duen historia kontatzeko», esan zuen, baina Euskal Herrian gerra zikinaz askok hitz egin nahi lukete, eta batez ere egia jakin, inoiz jakingo ote den, beste da.