GARA BERLIN
Lurrikara politikoa Europan

«Nahi dutena hautatzeko eskubidea dute, eta guk, Greziari dirua ez ematekoa»

Syriza ezkerreko alderdiak Greziako hauteskundeak irabazi izanak kezka eragin du Alemaniako agintarien artean, Angela Merkel kantzilerrak urteotan ezarri duen murrizketen politika hankaz gora botatzeko gaitasuna duelako.

Steffen Seibert Merkelen eledunak adierazi du Greziako gobernuek urteotan hartutako konpromisoak bete egin beharko dituztela Atenasko agintari berriek, baina hor amaitu da bere diskurtsoa, aurki negoziazio mahaiaren beste aldean izango baitute Alexis Tsipras lehen ministro berria, eta ez da komeni giroa aldez aurretik gaiztotzea.

Askoz ere argiago hitz egin zuen «Bild» eskuineko egunkarian Hans-Peter Friedrich CDU alderdi kontserbadoreko parlamentari taldeko presidenteordeak. «Greziarrek nahi duten agintaria hautatzeko eskubidea dute, eta guk, Greziari diru gehiago ez ematekoa», idatzi zuen Alemanian gehien irakurtzen den egunkarian.

«Bild» errieta egiten

Nabarmentzekoa da «Bild» egunkariak greziarrei errieta egitea aukeratu badu ere, gainerako hedabideek aurkako bidea hartu dutela, Tsiprasi «aukera bat» eman behar zaiolakoan. Nabarmendu dute sekulako aldea dagoela Syrizako hautagaiaren eta Greziako gainerako alderdien artean, lehenengoak herritarren konfiantza bereganatzea lortu baitu, formazio tradizionalak inolako sinesgarritasunik gabe geratzen ziren bitartean. «Die Welt» egunkari kontserbadoreak berak nabarmendu du Tsiprasek ez duela «atzerriko hartzekodunen txotxongilo baten itxurarik», betiko alderdiek ba omen dutena. Eskuineko hedabideak eransten du egoeraren larritasunak berak Alexis Tsipras lehen ministroa «inork espero ez zuen berritzaile» bihur dezakeela.

Bruno Coeure Europako Banku Zentraleko zuzendaritzako kidearen ustez, Greziak bere zorra ordaindu beste aukerarik ez du, Europako joko arauek horretara behartzen dutelako. «Europan ez dago bakoitzak bere bidea bakarrik egiteko lekurik. Denon artean ezarritako arauak errespetatu behar dira», adierazi du ekonomialariak.

Tankera horretako mezuak eskaini zituzten atzo Europako erakunde ezberdinetako beste eledunek ere. Hauteskundeak egin aurretik deabruaren pare aurkeztu zutenak irabazi egin du eta berarekin konpondu beharko dute hemendik aurrera.

EH Bildu-ren hitzetan, «burujabetzaren eta duintasunaren garaipena» izan zen igandekoa

«Igandean aldaketaren hasiera ikusi genuen; herri bat bere burujabetasuna berreskuratzen. Burujabetzaren eta duintasunaren garaipena izan zen atzokoa», esan du Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak Greziako hauteskundeen emaitzez.

Bere iritziz, «Syrizak oso garaipen garrantzitsua lortu du; mehatxuen eta injerentzien gainetik Greziako herritarrek aldaketa sozialaren aldeko botoa eman dute. Herriaren garaipena da, troikaren eta austeritate politiken bultzatzaileen gaineko garaipena». Austeritate politikei eta ondorioei aurre egin beharko diete orain agintari berriek. Juaristik uste du bide horretan «asko» izango direla trabak eta erasoak, «baina kanpainan ikusi dugun moduan, Syrizak eta herri grekoak badute erronka horri erantzuteko grina eta indarra». Gurera etorrita, hau gaineratu du: «Bada garaia gurean ere aldaketari bide eman diezaiogun; Nafarroan hasita erregimenarekin amaitzeko aukera dugu, herritarron burujabetza defendatu eta hemen erabaki dezagun».

Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako hautagaiak bat egin du Juaristirekin, igandekoa inflexio-puntua izan zela nabarmenduz: «Justizia sozialerako bidea aukeratu du greziar herriak».

Lola Sanchez Podemos-eko eurodiputatuak ere igandeko bozetan «demokraziaren eta herrien garaipena» ikusi du. Antonio CUESTA

Parisera bisita

François Hollande frantses presidenteak Parisera gonbidatu du Tsipras. Bi politikariek telefonoz hitz egin zuten atzo eta frantsesak «Greziak egonkortasunerako bidea berreskura dezan» laguntza eskaini zion.