Arantxa MANTEROLA

Ipar Euskal Herrian atzemandako lau gazteek Pauen segitzen dute atxilo

Jendarmeek lau gazte atxilotu zituzten atzo, Arrosan, Itsasun eta Baionan, agidanean Pariseko auzitegi antiterrorista bigarren etxebizitzen aurkako erasoei buruz egiten ari den ikerketarekin lotuta. Berehala Pauera eraman zituzten. Polizia operazioak erreakzio ugari eragin zuen.

Eguna oker hasi zen atzo Ipar Euskal Herriko hainbat herritarrentzat. Goizean goiz, jendarmeek bi gazte atxilotu zituelako berria laster barreiatu zen sarean eta komunikabideetan. Pare bat ordu geroago, ordea, egiaz lau zirela berretsi zen.

Seietan hasitako polizia operazioan Alex Feldman Aitzinako kidea eta duela hilabete gutxi ere atxilotua izan zena eraman zuten Arrosako bere etxetik. Itsasun gauza bera egin zuten Jean-François Magis gaztearekin eta, Baionan, berriz, Haitz Agirrebarrena eta Teo Salomon atzeman zituzten. Guztien etxeak miatu ostean, Paueko komisariara eraman zituzten berehala.

Ofizialki operazioaren zergatia ezagutzera eman ez bazen ere, hainbat hedabidetik zabaldu zenez atxiloketok zerikusia izango lukete bigarren etxebizitzen kontra izandako erasoekin. Itsasun 2013ko azaroaren 17an nahitara erretako etxe bat aipatzen zen zehazki. Jazoera hartan «EH ez da salgai» pintada agertu zen hormetan.

Erreakzioak berehala

Atxiloketek erreakzio ugari eragin zituzten berehala. Hain zuzen, goizean bertan Baiona Txikian pintada andana agertu ziren lau gazteak aske uzteko exijituz. Leioako campusean ere hainbat ikaslek manifestazioa egin zuten «Gazteria Aitzina» eta «Atxilotuak askatu» leloak oihukatuz.

Aitzina gazte erakundeak eta EH Baik agiri bateratua kaleratu zuten operazioa salatzeko. «Operazio honek kutsu politiko nabarmena du, gazteria abertzalearen kriminalizatzeko asmo argia adierazten baitu, gure iritziz», nabarmendu zuten.

«Euskal Herriko egoera politikoa konponbide prozesuaren garatzeko ahaleginek ezaugarritzen dutelarik, halako eraso errepresiboek eta muntaia polizialek ez dute tokirik», gaineratu zuten, gobernu frantsesari «konponbidea oztopatu ordez, bere alde jartzeko garaia» dela gogorarazi eta mobilizatzera deitu aitzin.

Lurra eta Etxebizitza eta Autonomia Eraiki taldeek ere gogor gaitzetsi zituzten atxiloketak eta antolatutako mobilizazioekin bat egin zuen.

Deialdiek erantzun handia izan zuten. Baionan 170 pertsona bildu ziren eta manifestazioa egin zuten karriketan errepresioa bertan behera utzi eta konponbideari ekiteko eskaerak eginez. Itsasun, berriz, Herriko Etxearen aitzinean elkartu ziren dozenaka lagun eta Arrosako zubian ere egin zen elkarretaratzea. Lau gazteek atxilotuta segitzen duten bitartean mobilizatzera deituko dute.

Mobilizazioak

Baionan, Itsasun eta Arrosan dozenaka pertsona mobilizatu ziren atzo arratsean lau gazteak askatzeko exijituz. Goizean Leioako campusean manifestazioa izan zen, eta Pauen ere mobilizazioa iragarri zuten 19.30erako.