Arantxa MANTEROLA BAIONA

«Errepresioa salatzeko eta konponbidea aldarrikatzeko» manifestazioa Baionan

Herenegun atzemandako lau gazteak atxilotuta segitzen duten bitartean, EH Bai-k, Aitzinak eta Lurra eta Etxebizitzak manifestazioa deitu dute larunbaterako «Euskal gazteria aitzina. Konponbidea orain» lelopean.

Joan den asteartean Arrosan, Itsasun eta Baionan izandako atxiloketen harira, Aitzina gazte mugimenduak, EH Baik eta Lurra eta Etxebizitza taldeak manifestazioa deitu dute datorren larunbat arratsalderako. Mobilizazioa San Andres plazatik abiatuko da 16.00etan eta, lau gazteen askatasuna eskatzearekin batera, «errepresioa salatzea eta konponbidea aldarrikatzea» izango du helburu.

Izan ere, polizia operazioa «konponbide prozesuaren kontrako erasoa» izan dela uste dute. «Probokazio bezala hartzen dugu, gazte mugimendua kolpatuz, herri honen geroa jomugan duelako», adierazi zuen Iker Elizalde EH Baiko kideak.

Beraien ustetan, aipatu operazioa «ezin da egungo testuinguru politikotik at kokatu» are eta gutxiago, «euskal gizartearen gehiengo zabalak konponbide prozesua aurrera eramatea aldarrikatzen» ari diren bitartean. Horren adibide «adierazgarrienetakoa» da, haien esanetan, tendentzia politiko guztietako ordezkariek Parisi begira berrikitan konponbiderako aurkeztu duten ibilbide-orria.

Alta, azken asteetan estatu espainolaren eta frantsesaren aldetik heldu den «erantzun bakarra errepresio giroa areagotzea» izan da. Ezker abertzaleko 35 militanteren -tartean bi Ipar Euskal Herrikoak- aurkako epaiketa, abokatuen eta Herrirako kideen atxiloketak edota duela egun batzuk Intza Oxandabaratzen kontrako auzia aipatu zituzten horren lekuko.

Aitzinako Koldo Etxegaraik azaldu zuenez, antzeko operazioek «euskal gazteria kriminalizatzea eta euskal gizartetik baztertzea» dute helburu.

Bide seinaleen lapurretaren karietara burututako atxiloketak ekarri zituzten gogora: «Estatu frantsesak konponbide prozesuan duen erantzukizuna ukatzeaz gain, haren aldeko indarrak deuseztatu eta Euskal Herri libre baterako borrokatzen diren mugimenduak kriminalizatzea bilatzen du», gaineratu zuen EH Baiko bozeramaileak.

«Mespretxuzko jarrera»

Etxegaraik jakinarazi zuen Alex Feldmann, Haitz Agirrebarrena, Teo Salamon eta Jean-François Magisi atxiloaldia 24 orduz luzatu zietela atzo bertan. Horrez gain, gazteen berriak ukaiteko Pauera joan ziren senide eta lagunekiko jendarmeek izandako «jarrera mespretxagarria» salatu zuen. «Ez zaie atxilotuen egoeraz edo leporatzen zaienaz berririk eman eta Paueko jendarmeriako ateak aurpegira itxi dizkiete gainera» esan zuen.

Guztiek «sostengu osoa» adierazi zieten lau gazteei eta beren senitartekoei.

Hain zuzen, atzo arratsean ere elkartasun mobilizazioak burutu ziren gazteen herrietan. Gainera, goizean jakin zen Poliziak gazte bat atzeman zuela Baionan, atxiloketa horiek salatuz agertu ziren hainbat pintadarekin zerikusia duela leporatuta.

Deialdia

Larunbaterako deitu duten manifestazioak «gizarteak herri honekiko duen konpromisoaren lekuko» izan nahi du, gaineratu dutenez. Baionako San Andres plazatik abiatuko da 16.00etan.